Gerra Ukrainan

Ohartarazi dute «arazo logistiko» bihurtzear dela bidalitako laguntza

Gobernuz kanpoko erakundeek laguntza ekonomikoa lehenesten dute. DYAk hamazazpi iheslari Euskal Herriratu ditu

DYAko hiru furgonetak atzo heldu ziren Donostiara. BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hamasei egun igaro dira Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik, eta iheslari kopurua handituz doa. Gobernuz kanpoko zenbait erakundek laguntza humanitarioa eskaintzeko gakoak eman zituzten atzo, Nafarroako Jauregian.Jose Martin Nafarroako Gurutze Gorriko koordinatzaileak esan zuen asmo onez betetako egitasmo saldoa izan dela azken egunotakoa, eta guztia eskertzekoa dela, «baina ez dira egokienak, lehen mailako arazo logistiko bihurtzen direlako».

Erakundeek esan zuten laguntza ekonomikoa lehenetsi behar dela, eta ez direla jakiak edo bestelako produktuak bidali behar, horrek kalte egingo diolako tokian tokiko ekonomiari: «Tokian tokiko produktuak kontsumitu behar ditugu bertako biztanleek aurrera egin dezaten», esan zuen Unicefeko Maider Gabilondok. Horrez gain, Martinen esanetan, «tentuz» jokatu, eta «lasaitasunez» erantzun behar zaie beharrei: «Ezin dugu kaosaren parte izan; erantzunaren parte izan behar dugu».

Askok hartu nahi dituzte etxean errefuxiatuak, eta erakundeek horretan jarri zuten arreta. «Argi izan behar dute luzerako izan behar duela, gastu ekonomikoak direla, eta erabakia argia izan behar dela. Beraz, egin nahi badute, onena da erakundeongana jotzea informazio bila», azaldu du Martinek. Informazioa kontrastatzearen eta iturri fidagarriekin hitz egitearen garrantziaz ere mintzatu da.

Poloniatik Euskal Herrira

Iheslariak Ukrainatik Euskal Herrira ekartzeko egitasmoak ugaritu egin dira azken asteetan, eta, besteak beste,Gipuzkoako DYAk hamazazpi errefuxiatu ekarri ditu Euskal Herrira. Zortzi boluntario hiru furgonetatan abiatu ziren Poloniara, material ugari hara eramateko, eta han jaso zituzten hamazazpi iheslariak. Horietako bost adingabeak dira.

Atzo iritsi ziren Donostiara, eguerdi aldera, hiru egun errepidean igaro eta gero. Iristean, horietako batzuek adierazi zuten bidaia «oso gogorra» izan dela, baina «oso pozik» daudela ihes egin ahal izateagatik.

Beste talde bat, 30 pertsona ingurukoa, Paristik heldu zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.