Kasualitatez» aurkitu zuen Amaia Arranz Otaegik (Tolosa, Gipuzkoa, 1987) munduko ogi arrastorik zaharrena. Arkeobotanikaria da, eta Kopenhageko Unibertsitatean ari da ikerketa lanetan. Jordaniako Basamortu Beltzean zebilen, hain zuzen, natufiar garaiko gizakia aztertzen, inguru basatietara nola egokitu zen jakiteko, eta duela 14.400 urteko ogi apurrak aurkitu zituen Shubayqa 1 aztarnategian. Orain arte ezagutzen zen ogi aztarnarik zaharrena Neolito garaikoa zen, duela 9.100 urtekoa, Turkian atzemandakoa.
Azken aurkikuntzak zalantzan jarri ditu ikerlari askoren teoriak. Gaurdaino esaten zen Neolitoan sortutako nekazaritzaren ondorioz zirela gizakiak ogia egiteko gai, bi arrazoirengatik: zerealak landatzen hasi zirelako, eta gizartea garatu egin zelako. Ordea, Arranzen taldeak Jordanian deskubritutako ogi apurrak Neolitoa hasi baino 4.000 urte lehenagokoak dira. Sasoi hartako gizakiek ez zuten nekazaritza ezagutzen: ehiztari biltzaileak ziren.
Amaia Arranzen espezialitatea landareen azterketa da, eta esan du «pozez zoratzen» zegoela Shubayqa 1-eko indusketaren emaitzekin: «Ikatz, tuberkulu eta hazi pila bat aurkitu genituen, eta hori ez da ohikoa garai horretako aztarnategietan». Materialak analizatzen hasi, eta konturatu zen ez zekiela zer ziren arrasto horietako batzuk. Halakoetan, ohikoena da arkeologoek material ezezagunak alde batera uztea. Halere, «kuriositateak» bultzatuta, erabaki zuen oraingoan arrasto horiek ez baztertzea.
Londresen zegoela, laborategian, Lara Gonzalez Carretero topatu zuen, elikagai arkeologikoen ikerketan espezializatutako aditu bat. «Mahai gainean zeuden aztarnak ikusi zituenean, esan zuen: 'hori ogia da'». Segituan identifikatu zituen arrastoak. Izan ere, ogiaren bilakaeraren inguruko tesia egiten ari da Gonzalez. Arranzek dio bientzat «sorpresa izugarria» izan zela, eta hasieran «ikaraz» hartu zutela berria. Jabetu ziren nekazaritzaren historiaren inguruko kontakizuna alda zezakeela aurkikuntzak.
Oiloaren eta arrautzaren dilemaren antzekoa da: zer izan zen lehenago, ogia ala nekazaritza? Zer da zeren ondorio? Arranzek gogora ekarri duenez, aditu batzuek uste dute nekazaritza ogiaren ondoren sortu zela, eta ez alderantziz. Haien iritziz, gizakiaren elikaduran «produktu bereziak» izan ziren ogia eta garagardoa. Horregatik, elikagai horien ekoizpena handitu behar izan zuten; zereal gehiago landatzen hasi, eta nekazaritza sortu zen. Teoria horren defendatzailea da Brian Hayden ikerlari ezaguna, eta, Arranzi aitortu dionez, «bazen garaia teoria hori azaleratzeko» —PNAS zientzia aldizkari entzutetsuan argitaratu dute azterlanaren artikulua—. Izan ere, orain arte frogarik ez zegoenez, arkeologoek «asko kritikatu» izan dute ikuspegi hori.
Halere, Arranzen ustez, goizegi da ezer demostratu ahal izateko: «24 janari arrasto bakarrik ikertu ditugu, eta lan asko dago aurretik; oraindik ezin dugu esan elikagai horiek bereziak direnik». Ikerketzen jarraitzeko asmoa dute, hainbat «galdera potolori» erantzuteko. Arranzek espero du deskubritzea zer elikagai jaten zuten natufiar garaiko gizakiek, eta, hori jakinda, informazio gehiago izango dute etxekotzearen eta nekazaritzaren inguruan. Azken aurkikuntza «guztiaren hasiera» gisa ikusten du arkeobotanikari tolosarrak.
Arkeobotanika, etorkizuna
Arkeologiaren zientzia aski ezaguna da; ez, ordea, arkeobotanikarena. Amaia Arranzek nabarmendu du landareak «baztertutako elementuak» izan direla historian: «Ez dugu gauza bera sentitzen animaliengatik eta landareengatik. Iruditzen zait hori hezkuntza arazo bat dela».
Espero du hori aldatzea. Izan ere, Shubayqa 1 -eko aukikuntzak oihartzun handia izan arren, proiektuko ikerlari batek ere ez du kontratu finkorik. Ikerlanaren harrera ikusita, uste du arkeobotanikak pisu handiagoa hartuko duela: «Beti entzuten dut gauza bera: landareak ez dira kontserbatzen. Baina landareak aztertzen jarraitu behar dugu, eta gauza txikiei gehiago erreparatu».
Ogia, nekazaritza sortu aurretik
Amaia Arranz arkeobotanikariak duela 14.400 urteko ogi arrastoak aurkitu ditu, orain arteko zaharrenak. Ikerlanak nekazaritzaren sorreraren teoria berriak atera ditu mahai gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu