Ogasun diputatuak: «Oposizioak ez badu proiektu fiskala babesten, begietara begiratuz azaldu beharko die herritarrei»

Araban eta Gipuzkoan foru aldundiak gutxiengoan dauden arren, Ogasun diputatuek esan dute oposizioarenak liratekeela «ardura eta erantzukizuna» zerga erreformak porrot egingo balu. Negoziatzera deitu dute, eta ez dute baztertu egungo proiektua doitzea.

Itziar Gonzalo de Zuazo, Itziar Agirre eta Itxaso Berrojalbiz, gaur, Donostiako agerraldi bateratuan. JON URBE / FOKU
Itziar Gonzalo de Zuazo, Itziar Agirre eta Itxaso Berrojalbiz, gaur, Donostiako agerraldi bateratuan. JON URBE / FOKU
xabier martin
2025eko martxoaren 6a
12:55
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ogasun diputatuek oposizioa estu hartzeko agerraldi bateratua egin dute gaur, Donostian. Zerga erreforma onartuko ez balitz, EH Bilduren, PPren eta Elkarrekin Ahal Dugu-ren «ardura eta erantzukizuna» litzateke, Itziar Gonzalo de Zuazok, Itxaso Berrojalbizek eta Itziar Agirrek esan dutenez. Hiru lurralde horietako Ogasun diputatuek zerrendatu egin dute beren ustez zer abantaila eta onura ekarriko dituen EAJk eta PSE-EEk adostu eta Elkarrekin Ahal Dugu-rekin batera apur bat doitu duten «berrikuspen» fiskalak: xehe eman dute kopuruen eta arloen berri, eta oposizioko indarrei galdegin diete mahai gainean dagoen ezezkoa modu berean argudiatzea.

Izenburu nabarmen bat helarazi nahi izan dute Gonzalo de Zuazok, Berrojalbizek eta Agirrek: milioi bat zergaduni baino gehiagori egingo lioke mesede zerga erreformak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 1.038.841 pertsonari, hain zuzen ere. Guztira 2,2 milioi biztanle dituzten lurralde batzuetan horrenbeste onuradun egonda, uste dute oposizioak negoziatu beharra duela. Ahal Dugu-ri egindako proposamenean planto egin duela igorri zuen herenegun EAJk, baina Ogasun diputatuek negoziatzera deitu dituzte EH Bildu, PP eta moreen alderdia, eta aditzera eman dute oraindik ere badela proposamena doitzeko tartea, betiere mahai gainean jarri duten berrikuspen eredua oinarri hartuta.

Tramiteak aurrera Batzar Nagusietan

Araban eta Gipuzkoan gutxiengoan gobernatzen dute EAJk eta PSE-EEk, eta oposizioko indar baten babesa behar dute erreforma onartzeko. Momentuz, izapideek aurrera egingo dute lurralde bakoitzaren Batzar Nagusietan, baina foru diputatuek ez dute argitu ea foru arauari buruzko bozketa egingo luketen babes nahikorik izango ez balute, eta egoera horrek Bizkaiari nola eragingo liokeen ere ez du argitu lurralde horretako Ogasun diputatu Berrojalbizek. Han gehiengo nahikoa dute EAJk eta PSEk, baina hiru lurraldeen arteko harmonia fiskala da bi alderdien lehentasuna.

«Gazteei begietara begiratu eta azaldu beharko diete zergatik galarazten dieten bizitza proiektua aurrera eramatea»ITXASO BERROJALBIZBizkaiko Ogasun diputatua

Edonola ere, oposizioa oso estu hartu dute foru diputatuek, batez ere Bizkaikoak. «Gazteei begietara begiratu eta azaldu beharko diete zergatik galarazten dieten bizitza proiektua aurrera eramatea, edo behintzat zergatik oztopatzen duten hori», esan du Berrojalbizek. «Betoek, ezezkoek eta galdeketek izozturik» utzi dute berrikuspen fiskala, haren arabera, eta negoziatzera deitu ditu beste indar politikoak; «edo azaldu dezatela datuekin zergatik ez duten babestu nahi herri hau bidezkoagoa egingo duen proiektu bat», erantsi du. «Jateko gauzak» daude jokoan, zehaztu duenez: «Hau mesedegarria da denentzat, zuen seme-alabentzat, lagunentzat, bizilagunentzat. EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatzen badute, haiei zuzenean azaldu beharko diete zein den ezezko horren benetako arrazoia, horrek ez baitio mesederik egiten eliteei».

Nolanahi ere, diputatuek aditzera eman dute badela tartea EAJk eta PSEk haien kabuz prestatutako berrikuspen fiskala negoziatzeko, eta oposizioko taldeen proposamenak espero dituztela. «Ekarri ditzatela lurrera euren eskaerak, eta eskuzabalak izango gara», esan du Gipuzkoako diputatu Agirrek. Bizkaiko arduradun Berrojalbizek, berriz, onartu du bilketa 200 milioi euro apalduko litzatekeela erreforma onartuko balitz, baina garrantzia kendu dio bilketari. «Utz dezagun alde batera bilketaren mantra, proiektu honen helburua zera baita, herritarren ohiturak aldatzea, etorkizunean izan ditzagun gizarte berdinzaleagoa, berdeagoa, kohesio handiagoa, ekonomia lehiakorragoa... horretan datza proiektu hau».

EH Bildu hitz egiten hasteko prest

EH Bilduk osoko zuzenketa bat iragarri zuen joan den astean, «benetako» erreforma fiskala egin dadin, «makillajea» alde batera utzita, baina zuzenketa partzialak ere aurkeztu ditu, negoziazioari bide emateko. «Erreforma sakon bat egin beharrean, azaleko doikuntza bat aurkeztu dute, ukitu fiskal soil bat, eta egoera makillatzen duten kenkariak eskaini dituzte egiturazko arazoei heldu beharrean», azaldu zuen Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko eledun bilkideak. Kortajarenak ziurtatu zuen koalizioak proposatutako zuzenketen bidez ia 900 milioi euro gehiago bilduko lituzketela hiru ogasunek, baina Berrojalbizek ukatu egin du hori gaur, eta esan du EH Bilduk proposatutako zuzenketek bilketa 400 milioi euro apalagoa izatea ekarriko luketela.

Edonola ere, hiru ogasun diputatuen agerraldiaren ostean ez da ezer aldatu, EH Bilduren ustez. Koalizioko iturriek Europa Press berri agentziari adierazi diotenez, ez dakite EAJk eta PSEk «benetan zerga erreforma bat egin nahi duten edo inora ez daraman bidea urratzen segitu nahi duten». Uste dute sakoneko zerga erreforma batek negoziazio bat behar duela, eta azken agerraldian «epe motzeko politikaren taktika» ikusi dute.

EH Bilduren ustez, EAJren eta PSEren proposamenarekin 200 milioi gutxiago jasoko lirateke zergetan; horrek zerbitzu publikoak ahultzea ekarriko luke, eta onartezintzat jo du hori. Eskua zabalik dutela berretsi dute, eta prest agertu dira Batzar Nagusietan aurkeztutako zuzenketen inguruan hitz egiteko.

Bien bitartean, PSEk eta Ahal Dugu-k argi esan zuten atzo negoziatzen jarraituko dutela, nahiz eta aurreko astean Ahal Dugu-k ezezkoa eman zion lortutako akordiorako oinarriari barne galdeketa baten ondoren. Ezezko horrek eragin nabarmena izan du; izan ere, azken orduetan indar politikoek eta erakundeek hainbat adierazpen egin dituzte, eta EAJk planto egin du Ahal Dugu-ri eskaini dioten agiri horri dagokionez. Gaur, ordea, ogasun diputatuek aditzera eman dute proposamen hori doitu daitekeela oraindik ere, betiere berrikuspena babesteko borondatea dutenek «euren eskaerak zehazten badituzte».

(ID_14745628) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-03-06, Donostia. Ogasun eta finantzetako foru diputatuen agerraldia erreforma fiskalari buruz
Itziar Gonzalo de Zuazo, Itziar Agirre eta Itxaso Berrojalbiz, gaur, Donostiako agerraldi bateratuan. JON URBE / FOKU

Ahal Dugu: «Ez da ezer aldatu»

Edonola ere, Ahal Dugu-k gaur bertan esan du ez dela «ezer aldatu» ogasun diputatuen agerraldiaren ondoren, eta bere ezezkoa «berraztertuko» dutela aldaketa «esanguratsuak» daudenean. PSEk bazkide bilakatu nahi du Ahal Dugu proiektua aurrera ateratzeko Araban eta Gipuzkoan, PPren eredu fiskala ez baitzaio «bateragarri» iruditzen, eta EAJk onartu egin du beto hori, oraingoz. Zerga sistemak izan zituen azken doikuntzak PPrekin adostu zituzten EAJk eta PSEk, enpresa handiei sozietate zergaren tasa apaltzeko, besteak beste. Orain, ezkerretik egin nahi du PSEk erreforma berria, eta Ezker Anitzak gaur bertan  gogoratu du ezkerra batuz gero babes nahikoa izango lukeela erreformak, EH Bilduri, PSEri eta Ahal Dugu-ri erreparatuz.

EAJk eta PSEk adostu duten agiriak jasotzen du, besteak beste, errenta aitorpena egiteko gutxienekoa 20.000 eurora arte zabaltzea, eta ohiko etxebizitza alokatzeagatik %35era igotzea dagokion kenkaria, muga 2.800 eurora arte handituta. Halaber, etxebizitzaren sustapenari dagokionez, proposamenak hobaria hobetzen du, bitartekaritza publikoko etxebizitzen eta tentsiodun eremuetan dauden errentatzaileen errendimenduen %60raino igotzen baitu. Gainera, gizonentzako kenkari berri bat ezartzen du, lana eta bizitza bateratzeko eta zaintzaren erantzukidetasuna bultzatzeko. Kenkari hori eta emakumeena bereizi nahi dituzte; 1.200 eurorainokoa da emakumeentzako kenkaria.

Sozietate zergan, berriz, kenkari berri bat sortu dute, 36 urtetik beherakoentzat eta emakumeentzat enplegua sortzeko xedez. Era berean, errenten progresibitatea hobetzeko, aplikatu beharreko tarifa aldatu dute beheko tasa murriztuz eta eskalako tasarik altuenak handituz.

Gezurretako proposamena, PPren ustez

Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidentearen ustez hiru ogasun diputatuek egin duten elkarrizketarako proposamena «gezurretakoa da, eta antzerki hutsa». Esan duenez, otsailaren 11n igorri zien PPk aldundiei zerga berrikuspenari buruzko bere proposamena, eta ez dute deirik ere jaso, «jaso dugun bakarra Anduezaren gutxiespena izan da».

Uste du EAJ «lotsagarri» geratu dela «Anduezaren estrategiara lotu eta Ahal Dugu-rekin eta Bildurekin negoziatuta, guri betoa jarrita eta mahaitik bidalita». «Adar jotzea» iruditzen zaie orain ogasun diputatuek elkarrizketarako eta akordiorako prest daudela esatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.