Justizia

Ofiziozko txandaren «duintasuna» aldarrikatu dute abokatuek

Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren ezohiko batzarrera deituko dute, aldarrikapenak Jaurlaritzari helarazteko asmoz  

Bilbon egindako elkarretaratzea. BERRIA
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 9a
13:40
Entzun

Berrogei bat abokatuk elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, beren lanbidearen eta bereziki ofiziozko txandaren «duintasuna» aldarrikatzeko. Besteak beste, ordainsariak parekatzeko, jarduketa guztiak salbuespenik gabe kobratu ahal izateko, polizia etxeetan atxiloturik daudenei zerbitzua eskaintzeko bideak hobetzeko, eta euskararen normalizazioa eta «abokatuen lana eta familia bateragarri» egiteko neurriak hartzeko eskatzen dute abokatuek.

Iñigo Santxo abokatuak gogorarazi du ofiziozko txandaren eskumena Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dagoela 1987tik: «Atzerapen handia daramagu. Eskumenak ezin dira izan besteek egiten dutena berdin egiteko, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko baizik. Ez da posible Espainian egiten dutena kopiatzea, eta gero harritzea hemen ere protestek eztanda egiten dutelako».

Abokatuek Bizkaiko Abokatuen Elkargora jo dute, hark aldarrikapenak bere egin eta «aldarrikapenen gidaritza» har dezan Jaurlaritzaren aurrean. Gaia ohiko batzar batean jorratu nahi izan zuten, baina atzera bota zieten eskaera, «forma akats» batengatik. Orain, ezohiko batzar baterako deia egin nahi dute gaiaz eztabaidatzeko, eta jadanik 157 sinadura bildu dituzte batzar horretara deitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.