ETA-ren amaiera

Ofiziala da: bukatu du ETAk

Nazioarteko 50 bat diplomazialariri egin die ofizial erabakia erakundeak, Genevan, Henri Dunant zentroan. Bertan izan da BERRIA. Ondoren, hedabideetan, Josu Urrutikoetxeak eta Marixol Iparragirrek aurrez grabatutako formatu batean adierazpena irakurri dute. ETAk bere “egitura guztiak erabat desegin” ditu, eta aurrerantzean ez du funtzio politikorik izango. Militanteen %93k babestu dute. ETAren azken adierazpena

Enekoitz Esnaola - Geneva
2018ko maiatzaren 4a
08:45
Entzun

Ofiziala eta publikoa da: bukatu du ETAk bere ibilbidea. Genevan (Suitza) jakinarazi du, 14:00etan, Henri Dunant zentroan, nazioarteko komunitateko eragile batzuei aurrez grabatutako euskarri batean “ETAren azken adierazpena” irakurrita. Josu Urrutikoetxea eta Maixol Iparragirre erakundeko militante historikoek jarri diote ahotsa. Aretoan izan dira Henri Dunanteko arduradunak eta hainbat diplomazialari, eta hedabide batzuk –BERRIA tartean zen–. “ETA herritik sortu zen, eta orain herrian urtuko da”.

Barne eztabaidan parte hartu eta boto eskubidea zuten militanteen %93k babestu dute ETAk bukatzea –haren Zuzendaritza Batzordearen proposamena zen–, David Harland Henri Dunant zentroko zuzendariak Genevako ekitaldian esan duenez. Ia hiru mila militantek hartu dute parte.

“ETAk bere egitura guztiak erabat desegin ditu”, dio adierazpenak, erabakiaren berri emateko lehen puntuan. Bigarrengoan dator aurrerantzean ez duela funtziorik izango, “bere ekinbide politikoa bukatutzat jo” duelako. “Ez da berriro posizio politikoak adierazten, ekimenak sustatzen eta gainerako aktoreak interpelatzen dituen eragile bat izango”.

ETAk adierazi duenez, bere sorrera garaian “Euskal Herria hiltzorian” zegoen, “frankismoaren atzaparretan itota eta estatu jakobinoak asimilatuta”, eta, aldiz, gaur egun, “bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat bizi da”.

“Gakotzat” jo du “nazio aitorpena lortzeko erabakitzeko eskubidearen egikaritzea”, eta uste du horretarako “indar metaketa, herri aktibazioa eta ezberdinen arteko akordioak ardatz izango dituen herri prozesu bat eraikitzea” dela “erronka nagusia”, baita gatazkaren ondorioak konpontzeko ere. “Inongo beldurrik” ez diolako egoera berriari, “fase historiko berri horren mesedetan” hartu du bukatzeko erabakia ETAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.