Alderdi politikoak

Odon Elorzak salaketa jarri du PSE-EEren berme batzordean, inpartzialtasun falta argudiatuta

Adierazi du alkategaia aukeratzeko hauteskundeetan botoa «bideratzeko eta mediatizatzeko» estrategia bat egon zela

Odon Elorza Barbara Durkhop PSE-EEko eurodiputatu ohia agurtzen, hauteskunde primarioen biharamunean. JUAN HERRERO / EFE
2022ko urriaren 31
18:45
Entzun

Donostiako PSE-EEko alkategaia hautatzeko prozedura ez da bidezkoa izan, Odon Elorza hautagaiaren ustez. Alkatetzarako primarioak Marisol Garmendiak irabazi zituen, militanteen botoen %66 eskuratuta, baina Elorzak adierazi du botoa «bideratzeko eta mediatizatzeko» estrategia bat egon zela, alderdiaren estatutuen kontrakoa dena, zeinak zuzendaritzaren aldetik «aukera berdintasuna, askatasuna, gardentasuna eta inpartzialtasuna» eskatzen dituen. Horregatik, gutun bat igorri dio PSE-EEren berme batzordeari, eta helegitea jarri dio emaitzari. Bere blogean eman du erabakiaren berri.

«Bozketaren emaitza argia izan zen hautagai ofizialaren alde, zeinak aparatuaren babes publikoa izan baitzuen. Ez nabil aitzakia bila, eta ez dut militantziaren zati handi batek gobernantza zibiko eta eraldatzaile bati erakutsitako babes falta makillatu nahi. Umiltasunez eta izpiritu demokratikoarekin errespetatzen dut Donostiako afiliatuen borondatea», azaldu du Elorzak, baina, era berean, erantsi du ez litzatekeela «zintzoa» hauteskundeak «eredugarriak eta inpartzialtasun printzipioarekin errespetuzkoak» izan direla esan duten Gipuzkoako buruzagi sozialisten adierazpenak onartzea.

Elorzak aitortu du litekeena dela emaitzei helegitea jartzeko erabakia gatazkatsua izatea: «Badakit soka fin baten gainean nabilela, eta, esan dudana esateagatik, izango da galtzen ez dakidala edo gezurretan nabilela dioenik. Berdin zait». Halaber, barkamena eskatu die hautagai moduan betetzeko gai izan ez den «espektatibak» sorrarazi dizkienei. Hala ere, nabarmendu du «foro eta gune berrietan» parte hartzeko prest dagoela, «Donostiari laguntzeko dituen erronkei aurre egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.