Odon Elorzak dimisioa eman du diputatu gisa, alderdiarekin desados

Elorzak uste du bere ideiak ez direla «baliagarriak» PSOEren talde parlamentarioan. Maria Luisa Garcia Gurrutxagak ordezkatuko du

Odon Elorza, iazko irailean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
jon olano
2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Odon Elorza PSE-EEko diputatuak dimisioa aurkeztu du, bere alderdiko zuzendaritzarekin «desadostasunak» izatea eragozteko: «Nire ideiak jada ez dira erabilgarriak talde parlamentarioan», azaldu du idatzi batean. Maria Luisa Garcia Gurrutxagak ordezkatuko du karguan.

Espainiako Kongresuan 11 urte egin ditu Elorzak. Hogei urtez izan zen Donostiako alkate, eta 2011ko udal hauteskundeetan galdu zuen alkatetza. Urte hartako abendutik zegoen Espainiako Kongresuan, Gipuzkoako diputatu gisa. Atzo, bere talde parlamentarioko kideei bidalitako gutun baten bidez eman zuen dimisioa aurkezteko erabakiaren berri. Elorzak nabarmendu du bere pausoa alderdiarekiko «leialtasun» ariketa bat dela, eta babesa azaldu dio «ezkerreko koalizioko gobernuari» eskuinaren aurka: «Bizitzaz gozatu nahi dut denbora eta askatasun gehiagorekin, nire konbikzioek esandakoez haragoko beste diziplinarik gabe».

Elorzak behin baino gehiagotan hautsi du PSOEk emandako boto irizpidea Kongresuan; esaterako, 2021eko azaroan, ez zuen babestu Enrique Arnaldo Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuaren izendapena. PSOEk bere araudian horrelako kasuetarako jasoa duen zigorrik handiena jarri zion: 600 euroko isuna.

Gainera, joan den udazkenean ere albiste izan zen Elorza, ezustean bere burua Donostiako alkatetzarako hautagai gisa aurkeztu baitzuen PSE-EEren primarioetan. Primarioak Marisol Garmendiak irabazi zituen, militanteen botoen %66 eskuratuta, baina Elorzak adierazi zuen botoa «bideratzeko eta mediatizatzeko» estrategia bat egon zela, alderdiaren estatutuen kontrakoa, eta salaketa jarri zuen berme batzordean.

Dimisioa aurkeztuta, Gipuzkoako PSE-EEk eskerrak eman dizkio Elorzari bere jardun politiko eta instituzionalarengatik.

Haren ordezkoa, Maria Luisa Garcia Gurrutxaga (Ataun, Gipuzkoa, 1959), Eskola Kontseiluko presidente ohia da, eta Donostiako Udalean zinegotzi izandakoa. Irakaslea da lanbidez, eta PSE-EEko Gipuzkoako Hezkuntza, Kultura eta Euskara idazkaria da. 2019ko hauteskundeetan, PSE-EEk ordezkari bakarra lortu zuen Gipuzkoan —Elorza—, eta zerrendako bigarrena zen Garcia Gurrutxaga. Otsailaren 7ko osoko bilkuran hartuko du diputatu akta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.