Udal hauteskundeak

Odon Elorza Donostiako alkategai izateko PSE-EEren primarioetara aurkeztuko da

Donostiak «lidergoa» behar duela eta, EAJren aurrean «B plan» bat aurkezteko gai dela defendatu du Elorzak, El Diario Vasco-k publikatu duen gutun  batean. Nahikoa abal lortuz gero, Marisol Garmendiarekin lehiatuko da primarioetan.

Odon Elorza Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkura batean, iazko ekainean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Julen Aperribai.
2022ko abuztuaren 31
10:44
Entzun

Berriro ere Donostiako alkate izateko ahalegina egingo du Odon Elorzak, El Diario Vasco-k zabaldu duenez. Informazio horren arabera, Donostiako alkatetzarako hautagai izateko primarioetara aurkeztuko da Elorza. Marisol Garmendia izango du lehiakide, gaur egun PSE-EEren Donostiako zinegotzia dena.

Elorzaren gutun bat ere argitaratu du El Diario Vasco-k; haren arabera, PSE-EEren udal taldeei igorritakoa. Gaur egun Donostiak dituen arazoen inguruan «batzuek duten autokonplazentziak» eta «besteek duten zalantzak» kezkatzen duela dio gutun horretan Elorzak, eta horren aurrean Donostiak «lidergoa» behar duela defendatu. Are, EAJren aurrean PSE-EE hiritarrei «B plan» bat aurkezteko gai dela uste du: «Donostiako sozialistok ezin diogu uko egin, hasieratik, 2023ko udal hauteskundeetan alkatetza lortzeari».

Hauek dira hiriak dituen erronka nagusiak, haren irudiko: «Gazteentzako eta familientzako etxebizitza publikoak; auzoetako kohesio soziala; jasangarritasuna eta klima larrialdia; hiriaren naturalizazioa; berrikuntza kulturala eta hiriaren identitatea; inprobisaziorik gabeko garraioa; olatu turistikoaren erregulazioa, interes partikularrei erantzun integrala emanda eta lurzoru politikak planifikatuta; eta zerbitzu publikoen kalitatearen defentsa».

Hala ere, Elorzak dio «oso kontziente» dela primarioetara aurkezteko abalak biltzeko izango duen «zailtasunaz». Edozein modutan, lortuko balu, eta ondoren primarioetan garaile izango balitz, Espainiako Kongresuan duen diputatu karguari uko egingo liokeela aurreratu du, «programaren prestaketan eta kanpainaurrean» buru-belarri aritzeko. Halaber, alkate izanez gero soldatari uko egingo diola zehaztu du, eta bere pentsiotik biziko dela.

Primarioetara begira, Donostiako PSE-EEri zenbait galdera zuzendu dizkio, gainera, Elorzak, tonu kritikoan. Primarioak zer epetan egingo diren, hautagaitzak eta abalak nola aurkeztu beharko diren eta informazio hori guztia militanteei noiz eta nola jakinaraziko zaien argitzeko eskatu dio.

Elorza 20 urtez izan zen Donostiako alkate. 1991n iritsi zen alkatetzara, EAJrekin egindako akordio bati esker —hauteskunde haietan hirugarren indarra izan zen PSE-EE, Eusko Alkartasunaren eta Herri Batasunaren atzetik—. 2011ra arte mantendu zen karguan, jeltzaleekin eta PPrekin akordioak eginda. Urte hartan, Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, eta Juan Karlos Izagirre izendatu zuten alkate. Ordutik, Espainiako Kongresuan diputatu izan da Elorza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.