Odol bankuetako erreserbak beharraren mugan daude

Erietxeetatik jaso dituzten odol eskaeren igoerak eta azken oporraldiek eragin dute eskasia

AINARA ARRATIBEL / AITOR RENTERIA DONOSTIA / BAIONA
2008ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun


Erietxeetatik jaso dituzten odol eskaeren igoerak eta azken oporraldiek eragin dute eskasia
A.ARRATIBEL / A.RENTERIA

Donostia / Baiona

Euskal Herriko odol bankuetan alarma piztu da. Erietxeetan gero eta handiagoa da odol beharra, eta azken bi hilabetetan behera egin dute odol emateek. Aste Santuko oporrei Maiatzaren Leheneko jaiak gehitu zaizkie, eta Ipar Euskal Herrian, Bigarren Mundu Gerraren amaieraren eta Mendekoste astelehenaren ospakizunak ere bai. Odol erreserbak gutxituz doaz. Beharraren mugan daudeodol bankuak. Udan, gainera, behera egiten dute odol emateek. Hala, odol emaileen elkarteek deia egin dute jendeak odola eman dezan.

Gipuzkoako odol emaileen elkarteko presidente Xabin Urzelaik azaldu duenez, iazko lehen hiru hilabetetako datuekin alderatuz %8 hazi da erietxetako odol eskaria Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Odol emateak, haatik %1 baino ez dira handitu. «Urte hasieran egoera oso ona zen, baina horrek desoreka handiak sortu ditu erreserbetan», dio Urzelaik. Egoera are kezkagarriagoa bihurtu da Aste Santuaren ostean. «Oporraldia ohi baino luzeagoa izan zen, eta egun horietan odol emateak dezente gutxitu ziren».

Hala, azken egunean hainbat ebakuntza atzeratu behar izan dira, eta jendeak deitu die kezkatuta: «Aurreko ostegunean dei bat jaso genuen, ebakuntza egin ezin zioten bere senide bati odola emateko prest zegoela esanez. Bainaodol emate mota hori aspalditik dugu baztertua, ez baita eraginkorra. Atzera pausua da». Bi argudio erabiltzen dituzte horretarako: zailagoa dela odolaren kalitatearen segurtasuna bermatzea eta odol emate mota hori bultzatuko bailitz, galdu egingo litzatekeela odola emateak duen izaera boluntarioa. «Jendeak senide edo lagunek beharko luketenean baino ez lukete emango». Horrek kezkatzen du gehien Urzelai.

Baina zenbatekoa da odol beharra? Hemendik hilabete amaiera bitarte ohi baino 1.000 odol poltsa gehiago behar dituzte. Nahiz eta talde guztietako odola behar den, A- eta 0- taldeko odolean dago gabezia gehiena, jaitsiera handienak izan dutenak baitira, eta zailenak berreskuratzen. Hedabideetatik egindako deiari esker poltsa dezente lortu dituzte. Herenegun Gipuzkoan, adibidez, 173 poltsa lortu ziren, ohikoena 100 diren bitartean. Erritmo hori mantenduz gero, hilabete amaierarako erreserba maila egokia izatea espero dute. Baina, udako oporraldia gertu dagoela kontuan hartuta, ezinbestekoa ikusten dute, datozen asteetan ere erritmo horri eustea.

Egun 1.000 biztanleko 50 donazio inguru izaten dira urtean Gipuzkoan: 31.000 inguru. Araban 72 eta Bizkaian 42. 50.000 odol emaile inguru dago EAEn. Hau da iaz 50.000 pertsona izan ziren, gutxienez behin odola eman zutenak. «Kopuru polita da, baina Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan hobetu daitezke; Araban, berriz, kopurua oso altua da eta pozgarria da».

Kontuan izan behar da osasun eta adin arrazoiak tarteko, badirela emaile izateari uzten dioten emaileak, eta odolaren kalitatea bermatze aldera gero eta neurri zorrotzagoak jartzen dituztela emaile izan ahal izateko. Beraz, etorkizunari begira duten erronka nagusia emaile berriak lortzea da, orain arteko odol emate kopurua mantendu edo eta handitu ahal izateko. 2007an 95.825 odol emate izan ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Haien erronka 100.000ra iristea da. «Horrek lasaitasun handia emango liguke, erreserba nahiko handia izango bailitzateke».

Azken urteetan emaile berriak lortzeko xedean geldialdia izan dela nabarmendu du Urzelaik, eta herritarrek jaso duten mezuak izan duela horretan eragina. «Bai odol emaile eta bai emate kopuruari erreparatuz Euskal Herriko datuak oso onak direla esan zaio. Berezhorrela da, baina duela urte batzuk hasitako bidean ezin gara geratu». Hala, mezu bat bidali nahi izan die herritarrei. «Ez dezatela besteengain utzi beraiek egin dezaketena. Odola ematea ez da ezer kostatzen».



IPARRALDEAN ERE LARRI. Urtarrilean Nafarroako Odol bankuan stock falta zegoela-eta ebakuntza batzuk atzeratu behar izan zituzten. Izan ere, RH negatiboko odol urritasunak zenbait gaixori transfusioak RH positiboarekin egitera behartu zuen. Egun, ordea, arazorik ez dutela eta «normaltasun osoz» ari direla lanean jakinarazi du Odol Bankuko langile Maria Fe Ardanazek. «Arazo txikiak konpontzeko mekanismo aski dugu. Ezin gara kexatu, odol emaile arduratsuak baititugu», adierazi du Ardanazek. Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak 30.000 lagun ditu prest ezusteko arazoei aurre egiteko.

Opor garaiak aisialdirako irrika pizten du, egunerokotasunaren arduretatik ihesi. Maiatza jai eta zubiz beterik dator urtero Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdira. Baina anartean odol bankuak ez du odolartzerik egiten eta larriki husten gordailuak. Christiane Zubeldia Miarritzeko (Lapurdi) EFSAL erakundeko arduradunak egoera latza dela jakinarazi du eta herritarrei dei egin diete odola ematera joan daitzen Miarritzen duten egoitzara edo herri ezberdinetan antolatu dituzten odol bilketa zerbitzuetara.

Aurten ez dute odolik bildu maiatzaren lehenetik laura, etazortzitik hamahirura. Eta zubiek areagotu egin dute beharra, bereziki odol plaketa mailan. Odoljarioak geratzeko erabiltzen dira plaketak baina tamalez, Zubeldiak zehaztu duenez, bost eguneko iraungitze epea daukate. Odol poltsena handiagoa da, 42 egunekoa. Baina kontuan hartuz bederatzi egunez ez dutela deus bildu eta bildutakoa xahutu dutela, behar gorria begi bistakoa da. Gainera odol beharra emendatuz doa urtez urte. 2007ko beharrak %5 emendatu ziren 2006koei erkatuz. Azken hamar urteotan %10 emendatu da beharra. Aski nabarmen dago beharren gorakada. Odol emaitzek, aldiz, ez dute erritmo hori segitzen. 2007an 16.077 odol poltsa hartu zituzten, 2006an 15.996 odol poltsa izan zirelarik. Odol plaketei doakienez, 2007an 887 plaketa poltsa hartu zituzten eta 2006an 885 plaketa poltsa.

Urteko sasoi batzuetan, maiatzean eta Gabonetan adibidez, izaten dira behar handienak, oporren eraginengatik. Udan, aldiz, bertako jende anitz oporretara badoa ere, gehiago dira hondartzek erakarrita Lapurdiko bidea hartzen duten turistak. Aurten ere talde ibiltariak eginen dituzte hondartzetara joateko. «Odol beharrari ezin zaio erran oporrak direla, jendea kanpoan dagoela. Erietxera datorrenak arta behar du eta ez lituzke aitzakiak ulertuko», azaltzen du Zubeldiak.

Isabelle Desmoulins Baionako erietxeko transfusio arduradunak jakinarazi duenez, mila poltsa odol banatzen dira hilabetero, eta 400 plaketa kontzentratu. Kopuru hori ezin da bermatu ondoko egunotan jendea ez badoa odola ematera, eta dei berezia egiten die 0- taldekoei. Ipar Euskal Herriko odola kudeatzen duen erakundeak buru bikoitza du eta horrela segituko du 2010. urtera arte bederen. Miarritzeko zerbitzua Baionako erietxean kokatzeko xedea dutela dio Desmoulinsek. Bertan egiten da banaketa eta odol hartzeak ere han egitea gauzak erraztuko lituzkeela dio. Anartean, Baionako erietxearen menpe dauden beharrak Akitania mailan kudeatzen dira. Egunean bi aldiz, furgoneta txiki batek bertan bildutako odola hara eramaten du azterketak egitera eta probak egitera. Baionak dituen beharak jakinarazten dizkio eta horren arabera ekartzen ditu, egunean bi aldiz.

Biztanleriaren %5k baino ez du odola ematen, eta emaileek, bataz bertze 1,6 aldiz ematen dute urtean. Beharrei buru egin ahal izateko, emale bakoitzak urtean bi aldiz eman beharko lukeela azaldu du Desmoulinsek.



«Jendeak ez dezala utzi besteengan beraiek egin dezaketena. Odola emateaez da ezer kostatzen»

Xabin Urzelai
Gipuzkoako odol emaileen elkarteko burua
«Odol beharrari ezin zaio erran oporrak direla. Erietxera datorrenakarta behar du»

Christiane zUBELDIA
MIARRITZEKO EFSAL-KO BURUA




ODoL emaILea IzaTeKo

Adina: 18 eta 65 urte bitartean.

Pisua: 50 kg baino gehiago.

Tentsio diastolikoa (baxua): 50 mmHg eta 100 mmHg artean.

Tentsio sistolikoa (altua): 100 mmHg eta 180 mmHg artean.

Pultsua: 50 eta 110 pultsazio artean.

Hemoglobina maila (gizonetan): 135 gr/litroko baino altuagoa.

Hemoglobina maila (emakumeetan): 125 gr/litroko baino altuaoa.

Odola emateko maiztasuna (gizonetan): Gehienez urtean lau aldiz.

Odola emateko maiztasuna (emakumeetan): Gehienez urtean hiru aldiz.

Gutxieneko epea odol emate batetik bestera: 2 hilabete.

*Ez da baraurik joan behar odola ematera.





Orratzari beldurrik ez

Ikasle ugari bildu zirenatzo Donostiako Ingeniaritza Fakultatera odolaematera, horietako batzuk lehendabiziko aldiz
A.A.

Donostia

Donostiako Ingeniaritza Fakultatean izan zen atzo Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen kamioia. Azken egunotan elkartetik egindako deiari bikain erantzun zioten ikasle eta irakasleek, eta odola ematera bildu zirenen kopurua ohi baino handiagoa izan zen. Horietako batzuek, gainera, lehen aldia zuten odola ematen. Haien artean urduritasuna zen nagusi, baina amaitzean poz aurpegia antzematen zitzaien.

Kanpoan dagoeneko odola eman zutenak mokadutxo bat egiten ari ziren bitartean, fakultateko geletako batean Karmele Tuduri harrera egiten ari zitzaien odol emaileei, eta prozesuari buruzko argibide guztiak ematen zizkien. Ordubete soilik eman arren odola biltzen, atzo ohi baino emaile gehiago animatu zirela nabarmendu zuen. «Normalean, fakultate honetara etortzen garenean 30 bat odol poltsa jasotzen ditugu, baina gaur 40-50 artean jasotzea espero dugu». Ordurako,bost emaile berri zituzten.«Ikastetxe eta fakultateak oso leku aproposak dira emaile berriak lortzeko, gazteak elkarren artean animatzen baitira emateko» .

Angel Perez 2000. urtean egin zen odol emaile. Zazpi urteko eskarmentuaren ostean, lasai zegoen atzo. «Egia esan lehenengo egunean ere lasai egon nintzen, aspalditik bainuen garbi emaile izan nahi nuela. Herritar moduan nuen konpromiso bat zela sentitzen nuen, egunen batean agian nik beharko baitut besteen odola».

Zertxobait urduriago zegoen Iker Eijdo. Lehen aldia zuen odola ematen. «Atzo ikusi nuen iragarkia, eta klaserik ez nuela aprobetxatuz etortzea erabaki dut». 10 minuturen buruan amaitu zuen odola ematen. «Oso ondo joan da», zioen irribarretsu. Joan aurretik denbora itxaron behar izan zuen anda gurpildunean eserita. «Zorabiorik ez izateko eta zaina bere onera itzultzeko egiten dugu hori», azaldu zion erizain batek.

Josu Garcia oraindik ematen ari zen, eta freskagarri bat eskuetan zuela-oso garrantzitsua da emateko garaian odo hidratatuta egotea- azaldu zuen dagoeneko oragano emailea dela. «Aspalditik nuen buruan odola emateko kontua ere, baina ez nuen tarterik aurkitzen». Orratzek ez diote beldurrik ematen. «Lantokian urtero egiten ditut odol-analisiak, eta hau antzekoa da».

Handik gertu zegoen Nagore Perez. Bigarren aldia zuen odola ematen, azaroan egin baitzen emaile. «Hemen bertan izan zen, eta gaur berriro hona etorri direla aprobetxatuz etorri egin naiz. Ganera, odol beharra dagoela entzun dut. Beraz, ezin nuen huts egin». Odola ematea beldurra ematen dienei proba mezu bat bidali zien. «Saia daitezela, ez baita haiek uste duten bezain beldurgarria Amiatzean ikaragarrizko poza sentitzen da. Ziur naiz behin egin eta gero errepikatu egingo dutela esperientzia».





«Herritar moduan nuen konpromiso bat zen, agian egunen batean nik beharko baitut besteen odola»

aNGEL PEREZ
oDOL EMAILEA
«Beldurra dutenei aholku bat emango nieke: saia daitezela. Eman ondoren poz handia sentitzen da»

NAGORE PEREZ
ODOL EMAILEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.