Odol bankuek emaile gazteen beharra dute

Euskadiko Odol eta Ehunen Bankuak adierazi du odol premia duela ebakuntza guztiak egin ahal izateko. Nafarroakoa lasaiago dago

Emakume gazte bat, odola ematen, odol emaileen elkarteko autobusean, artxiboko irudi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Urtero igartzen dute beherakada, urtarrilean eta abuztuan. Baina, aurten, bereziki nabaritu dute. Euskadiko Odol eta Ehunen Bankuak odol premia duela ohartarazi du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ebakuntza guztiak iragarritako egunetan egingo direla bermatzeko. Larrialdietakoak ez daude arriskuan, baina, datozen egunetan odol emateek gora egin ezean, gainontzekoak atzeratzen hasi beharko dute, bankuko zuzendari Miguel Angel Vergak azaldu duenez. «Deialdia ez da berria. Urtero egiten dugu. Baina egia da gero eta gehiago kostatzen zaigula mailari eustea».

Une honetan, aste bakoitzean behar izaten den odolaren erdia ere ez dago bankuan. Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuko zuzendari Jose Antonio Garciak adierazi du eurek ez dutela aparteko beharrizanik; maila horretatik gora daude.

Nafarrak, konstanteagoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaileek etenaldia egin ohi dute Gabon inguruan, eta abendu-urtarrileko gripe eta katarroek ere apaldu egiten dute odol emateen erritmoa: batez beste, erdira jaisten da. Garciaren esanetan, Nafarroan ez dute horrenbeste igartzen beherakada. Haren ustez, herrialdeko emaileak «bereziak» dira: «60 urte ditu odol emaileen elkarteak. Tradizio handia du Nafarroan. Odol emaile izatea gurasoengandik seme-alabetara pasatzen den ohitura bat da, eta ez da egutegiko aldaketei lotuta egoten. Konstanteagoak izaten dira».

Biek esan dute gazteek badutela odola emateko joera, baina ez dutela jarraitutasunik. Gainera, zehaztu dute gero eta adineko gehiago dagoela; hau da, odolaren beharrizana duen eta eman ezin duen jende gehiago. Populazioaren piramideak, bada, eragina du horretan ere. Vesgak zehaztu du medikuntza ez dela lehen bezain erasokorra, eta odol transfusio gutxiago edo txikiagoak behar direla. Baina jende gehiago dago odol premian.

«Odol faltarena Europa osoan gertatzen ari den fenomeno bat da», esan du Vesgak. Gogoratu du abenduan Kataluniako odol emaileen elkarteak sekulako kanpaina egin behar izan zuela, odolik gabe geratzen hasi zirelako. «Alemaniako bankuak ere esana du 2020tik aurrera arazo itzela izango dutela. Horregatik, orain hasi behar dugu konponbidea jartzen, emaile iraunkorrak eta konstanteak lortzen», ohartarazi du Garciak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako odola Galdakaoko ospitalean dagoen Euskadiko Odol eta Ehunen Bankuan batzen da. Banku horrek egunero 500 odol emaile behar ditu, hiru herrialdeetako beharrizanari erantzuteko. Horietatik ehun inguruk ezin izaten du odolik eman. Beraz, egiaz, 400 emate egiten dira, eguneko. Nafarroan, berriz, 100 odol emateren beharrizana dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.