Mari Jose Iñarra: «Obuluen bitrifikazioak ez dizu bermatzen etxean ume bat izatea»

Ginekologoa da, eta Donostia ospitaleko ugalketa lagunduko unitatean lan egiten du. Kausa medikoengatik ugalketa mugatua izan dezaketen emakumeen obuluak eta enbrioiak bitrifikatzen dituzte. Kimioterapia hartu behar duten emakumeak dira ohiko pazienteak.

Mari Jose Iñarra ginekologoa, bere kontsultan, Donostia ospitalean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Mari Jose Iñarra ginekologoa, bere kontsultan, Donostia ospitalean. AITOR KARASATORRE / FOKU
kristina martin
Donostia
2025eko apirilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Obuluak eta enbrioiak bitrifikatzeko teknika nahiko berria da: 2010. urtearen bueltan hasi zen erabiltzen. Lehenagotik ere izozten ziren obuluak eta enbrioiak, baina desizozte prozesuan kaltetu egiten ziren, eta bideragarritasuna mugatua zen. 2010eko hamarkadaren hasieran, ordea, oniritzia eman zioten ordura arte esperimentazioan zegoen teknika bati, bitrifikazioari, eta, orduz geroztik, teknika hori erabiltzen dute Hego Euskal Herriko ospitale publikoetako ugalketa lagunduko unitateetan, baita ugaltze klinika pribatuetan ere.

Bizkaiko Gurutzetako ospitalea izan da aitzindaria. Duela hamarkada bat hasi ziren prozedura hori egiten hango ugalketa lagunduko unitatean, eta 500 prozedura egin dituzte orain arte. Handik gutxira, Donostian egiten hasi ziren, eta jadanik 88 egin dituzte. Arabako Ospitalean, ostera, nahiz eta unitatea berriagoa den, 45 prozedura egin dituzte jada. Nafarroan ere erabiltzen dute teknika hori; Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, zehazki. 2011n giza ugalketako unitatea sortu zuten, baina azken bospasei urtetan prozedurak nabarmen ugaritu direla jakinarazi du Osasun Departamentuak. Gaur egun, urtero 40-45 egiten dituzte. 

Donostia ospitalean, ugalketa lagunduko unitatea sortu zenetik erabiltzen ari dira obuluak bitrifikatzeko teknika. Osasun publikoan, zerbitzua eskaintzen diete arrazoi medikoengatik ugaltzeko gaitasuna mugatuta eduki dezaketen pazienteei. Doakoa da, eta paziente onkologikoak dira ospitale publikoen pazientearen soslaia. Endometriosia, obulutegiko kirurgia, kausa genetikoak eta autoimmunitate kasuak direnean ematen dute zerbitzua.

Pazienteek erradioterapia edo kimioterapia tratamenduak jaso aurretik egiten diete prozedura. Helburua, hauxe: terapiak amaitu ondoren haurdun geratzeko aukera bermatzea. Mari Jose Iñarra ginekologoa unitatea sortu zenetik ari da bertan lanean.

Zertan datza bitrifikatze teknika?

Obuluak eta espermatozoideak hotzarekin kontserbatzeko teknika aspaldikoa da. Hasierako prozesuaren eta egungoaren arteko desberdintasuna zera da, lehen ohiko moduan izozten zirela eta oraingo prozesua izozte ultraazkarra dela. Obuluak zeropeko 196 graduan kontserbatzen dira.

Ohiko izozteak bazituen arazoak: kristalak sortzen zituen enbrioien zeluletan. Desizoztean, kristal horiek apurtu, eta zelulak kaltetu egiten dira. Lehengo sistemak emaitza okerragoak zituen. Bitartean, bitrifikatze prozesuarekin esperimentatzen ari ziren; 2010ean eta 2012an esperimentala izateari utzi zion, eta egiaztatu zen teknika hobea zela.

Noiz hasi zineten erabiltzen bitrifikatze teknika Donostia ospitalean?

Hemen bitrifikatze teknika erabili izan dugu beti, eta abantaila handia izan da guretzat, desbitrifikatzean oso egoera onean egoten baitira obuluak eta enbrioiak. Neska gazte baten kasuan, desbitrifikatutako obuluen %90etik gora bizirik egoten dira. Adinak aurrera egin ahala, portzentajea jaitsi egiten da. Baina emaitzak lehengoak baino askoz hobeak izaten dira.

Zer pazientek erabiltzen dute prozedura hori?

Prozedura hori egiteko bi arrazoi daude: soziala edo medikoa. Soziala amatasuna atzeratu nahi izatea da. Emakume horiek ama izan nahi dute, baina noiz izan erabaki nahi dute, eta gazteak direnean obuluak ateratzen zaizkie, gerora erabiltzeko. Bigarren arrazoia medikoa da, eta horiek dira osasun publikoaren pazienteak. Ugalkortasunari kalte egin diezaioketen gaixotasunak dituzte. Kasurik ohikoena zera da, minbizia izan eta kimioterapia tratamendua hartu behar duenarena. Tratamendu horren ondorioz, ugalkortasuna gutxitu edo gal dezake pazienteak. Unitate honetan emakumeak eta gizonak ditugu: espermatozoideak ere izozten ditugu hemen.

«Adina da erabakigarria. 35 urtetik beherakoei ateratako obuluen %90etik gora bideragarriak dira. 38 urtetik gorakoetan, bostetik bat gal daiteke»

Nolakoa da prozedura?

In vitro baten lehenengo partea da. Emakumeak hilero sortzen ditu obuluak, eta, zikloa baliatuta, hormonak injektatzen ditugu azalaren azpian —emakumeok berez sortzen ditugunak, baina gehiago jarrita—, eta horrela lortzen dugu hormona horien maila igotzea odolean. Horri esker, ohiko obulu baten ordez, obulu gehiago berreskura ditzakegu.

Hamar eguneko tratamendua da normalean, eta prozesu osoa ekografien bitartez kontrolatzen da. Ikusten dugunean obulu kopuru on bat helduta dagoela, obulazioa eragiten dugu. Prozedura hori ebakuntza gelan egiten da. Emakumea lokartuta dagoela, baginatik atera egiten dizkiogu obulu horiek. Enbriologoak ikusten ditu obulu horiek, ondo helduta daudenak bitrifikatu eta gordetzen ditugu.

Zenbat irauten dute bitrifikatutako obuluek?

Ez dago mugarik. Lehenengo egunetik aurrera erabiltzeko moduan daude. Osasun publikoan emakumeak 50 urte bete arte egiten dugu tratamendua. Baina, berez, bitrifikatze sistemarekin obuluak eta enbrioiak nahi adina denbora eduki daitezke bitrifikatuta, eta ez dute gaitasunik galtzen.

50 urtetik gorako emakume batzuk, baina, ama izan dira tratamendu horri esker.

Espainian 50 urteko muga ezarrita dago horrelako tratamenduetarako. Baina klinika pribatuetan egin izan dituzte zaharragoetan ere.

Zenbat obulu gorde behar dira gerora ama izateko aukera onak edukitzeko?

Ez dago kopuru zehatzik. Adina da erabakigarria. 35 urtetik beherakoei ateratako obuluak badira, obuluen %90etik gora bideragarriak izango dira. 38 urtetik gorakoetan, bitrifikatutako bostetik bat gal daiteke. Ez dago jakiterik emakume bakoitzak zikloan zenbat obulu sortzen duen. Bakoitzak duen erreserbaren arabera, kopuru desberdina da.

Denboraren atzaparretatik ihes egiteko bideak al dira teknika horiek?

Emakume bati entzun nion behin: «Erloju biologikoak ez du erabakiko ni ama noiz izango naizen». Bueno, ugaltzeko teknikak lagundu egiten du, baina natura ez dugu kontrolatzen. Esan nahi dudana da ez dela komeni ugalketa lagunduko tekniken esku erabat uztea ama izango garen ala ez. Ugalketa lagunduko teknika honek askatasuna ematen dio emakumeari amatzeko garaia atzeratzeko, baina haurdunaldiak ez dira beti aurrera ateratzen. Hori ere kontuan hartu behar da. Ama izateko aukera bermatzen dizu, baina ez dizu bermatzen etxean ume bat izatea.

Mari Jose Iñarra
Mari Jose Iñarra, bere kontsultan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Zenbat emakumek erabiltzen dituzte aurrez bitrifikatutako obuluak?

Gure pazienteak gaixotasuna duten emakumeak dira. Hamabi urte daramagu unitate honetan, eta hasiak gara obulu horietako batzuk erabiltzen.

Zein da gutxieneko adina obuluak bitrifikatzeko?

Neskak hilerokoa duenetik aurrera egin dezakegu tratamendua. Gure kasuan, minbizia duen neska gazte bat bada, aukera handiak daude obulu horiek ez erabiltzeko; izan ere, gaitasuna galdu ez badu, sendatu ostean urte asko izan ditzake modu naturalean haurdun gelditzeko.

Zenbat enbrioi jartzen zaizkio emakumeari? Ugalketa lagundua denean ohikoak dira erditze anizkoitzak: bikiak, hirukiak...

Lehen, legeak ez zuen mugatzen enbrioi kopurua. Orain bai: legez hiru jar daitezke gehienez, baina enbrioi bakarra jartzea da joera, haurdunaldi multipleak arriskutsuagoak direlako.

ekografia
Iñarra ginekologoaren kontsultaren horman jarritako ekografia bat. AITOR KARASATORRE / FOKU
Behin obuluak erabili nahi izanez gero, nolakoa da prozedura?

Behin obuluak desbitrifikatuta, bideragarriak aukeratzen eta ernaltzen dira. Morfologikoki politena aukeratzen da, eta umetokian jarri. Sobran daudenak berriro bitrifika daitezke, eta erabili ahal izango dira etorkizunean. Espermatozoidearen kalitatea ere garrantzitsua da enbrioiaren bideragarritasunari begira. Bestalde, bitrifikitutako obulua gaztea izanik ere, umetokiaren adinak ere baldintzatzen du haurdunaldia.

«Ugalketa teknikek ez dituzte konponduko jaiotza tasarekin ditugun arazoak. Amatasuna eta lana bateratzea errazten duten neurriak behar dira»

Euskal Herrikoa Europako jaiotza tasarik apalenetako bat da. Ugalketa teknikek lagunduko al dute jaiotze tasa igotzen?

Nire iritziz, ugalketa lagunduko teknikek ez dituzte konponduko jaiotza tasarekin ditugun arazoak. Horretarako, politika egokiak behar dira. Amatasuna eta lana bateratzea errazten duten neurriak behar dira.

Arrazoi sozialengatik obuluak bitrifikatzea erabakitzen duten emakumeek zenbat urterekin jotzen dute kliniketara?

Lehen, 38-39 urte zituztenean etortzen ziren kliniketara. Orain, gazteagoak etortzen dira. Informazioa hobetu da, baina, sexu heziketarekin egiten den moduan, ugalketari buruzko informazioa ere zabaldu beharko litzateke eskoletan. Medikuok ez dugu erabakiko emakume batek noiz eduki behar duen umea, baina emakumeak informazio egokia izatea garrantzitsua da erabakia behar bezala hartu ahal izateko.

obuluak gordetzea, garesti

Arrazoi sozialengatik obuluak gordetzeak gastu handia du. Klinika pribatuetan, tratamendua 2.500-4.000 euro bitartekoa da. Behin obuluak bitrifikatuta, horiek mantentzeak ere badu urteroko gastua. Mari Jose Iñarrak azaldu duenez, obuluak erabili ezean, hiru aukera daude: beste bati ematea, ikerketarako uztea —baina oso ikerketa gutxi daude— edo suntsitzea. Suntsitzea, baina, ez da erraza. Legeak ez du uzten arrazoirik gabe suntsitzen. Erakutsi beharra dago emakumeak ez duela ugaltzeko ahalmenik: menopausia dela-eta edo beste arrazoi batzuk direla-eta. Halakoetan, bi mediku espezialistak egiaztatu behar dute emakume hori ezin dela haurdun gelditu.

Amak, gero eta zaharragoak

Lan egoera ezegonkorra, soldata apalak, etxea lortzeko arazoak eta lana eta amatasuna bateratzeko zailtasunak dira ama izatea atzeratzeko emakumeek aipatzen dituzten arrazoi nagusiak. Arrazoi sozialak direla medio, amatasuna atzeratzea gero eta ohikoagoa da. Iaz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeek 32,4 urterekin izan zuten lehen seme edo alaba, batez beste. Jaiotako haurren amen %44,2 35 urtetik gorako emakumeak izan ziren. Nafarroari dagokionez, lehen aldiz ama izan ziren emakumeen batez besteko adina 31,7 urte izan zen, eta %42 35 urtetik gorako emakumeak izan ziren. Testuinguru horretan, izugarri areagotu da gaztea izanik obuluak gordetzeko eta gerora erabiltzeko teknikaren erabilera. Espainiako Ugalkortasun Elkarteak (SEF) emandako datuak adierazgarriak dira: 2010ean, 6.999 obuluren bitrifikatzea erregistratu zuen; 2022an, 280.478. Hamarkada batean, 40 aldiz obulu gehiago.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.