Obretan maldan goiti

Belate eta Almandozko tunelak itxiak egonen dira gaurtik urriaren 31ra arte. N-121-A errepidean tunela bikoizteko lanek iraun bitartean, trafikoa Belateko mendatetik desbideratuko dute.

Langile batzuk trafikoa Belateko mendaterat desbideratzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Langile batzuk trafikoa Belateko mendaterat desbideratzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Belate
2024ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun

Mantu gris baten azpian ernatu da Baztan (Nafarroa), lainoa Almandozko tunelaren inguruan pilatuta. Tunelak zulatzeko makineria ikus daiteke N-121-A errepidetik, eta langileak, txaleko islatzailea soinean, zehaztasunez mugitzen dira alde batetik bertzerat. Horietako batek besoa astintzen du etengabe, Belateko mendaterantz jotzeko seinalatuz. Kamioiek suge metaliko bat osatzen dute, mantso-mantso herrestan gora eginez.

Izan ere, Nafarroako Gobernuak Belate eta Almandozko tunelak itxi zituen atzo, eta hala egonen dira urriaren 31ra bitarte, segurtasunarengatik. Belateko tunela bikoizteko lanetan ari dira N-121-A errepidean, Europako araudiak eskatzen duen moduan. Eta bi hilabete eta erdi horietan, trafikoa Belateko mendatetik desbideratuko dute; bizikleten eta ziklomotorren zirkulazioa, berriz, debekatu egin dute. 

Hortaz, hamar minutu luzeagoa izanen da bidaia autoentzat, eta lau bat kilometro gehiago egin beharko dituzte hemendik aitzinerat. Hemeretzi kilometro ditu mendateak, eta bidea estua eta aldapatsua da, bihurgune itxiz betea. Itxierak Bidasoaldeko, Baztango eta Ultzamako bizilagunei eragiten die, batik bat.  

Iruñerakoan, mendatea jaitsi bezain fite, Arraitz herria dago. Arraizko alkate Imelda Makaiak aitortu du Belatetik iparraldekoei gehiago eragiten diela mozketak: «Arraitz da gutxien kaltetua, Iruñera joan ohi garenez tunela gutitan zeharkatzen baitugu». Hala ere, azaldu du trafiko astunak «kezkatzen» duela.

Baztango biztanleek, berriz, ohiko helmuga dute Iruñea, izan mediku kontsultetarako, izan lanerako edo izan eguneroko kontuetarako. N-121-A errepidea da haraneko arteria nagusia, eta ez dira guti egunero handik igarotzen diren herritarrak. Lorea Eugi iruritarrak, erraterako, irailetik aitzinerat egunero eginen du hiribururako joan-etorria. Ikasketengatik joanen da Iruñerat, bertze pare bat lagunekin batera. Beraz, obrak bete-betean eraginen die, azaldu duenez: «Auto pila bat ibiliko direnez eta hainbertze bihurgune daudenez, goizago abiatu beharko dugu. Gainera, eguraldi txarra egiten duenean bidea arras txarra denez eta lainotuta egoten denez, dena moteldu eginen da».  

Eugirenaren kontrako bidea egin ohi du Maialen Oskoz gazteak. Mendatearen bertze aldean bizi da, baina Elizondon egin ditu ikasketak, eta bertakoak ditu lagunak. «Tunelak ixten dituzten bakoitzean, bidean denbora dezente gehiago eman eta kilometro gehiago egin behar izaten ditut kuadrillakoengana joateko», azaldu du. 

Alternatiba gisa, Nafarroako Gobernuak A-15 eta AP-15 errepideetatik joateko gomendatu die ibilgailu astunei; horrek, ordea, kostu gehigarria dakar, bertzeak bertze bidesaria ordaindu eta denbora eta kilometro gehiago egin behar dituztelako. Ondorioz, kamioilari anitzek mendatetik joateko hautua egiten dute. Bidasoa garraio taldeak, adibidez, kamioilariak mendatetik bidaltzea erabaki du.

Almandozko alkate Beatriz Etxeberria argi mintzatu da horri buruz, eta adierazi du segurtasunak kezkatu egiten duela: «Hainbertze kamioi igarotzea bertze eragozpen bat da, istripu arriskua areagotzen duelako eta trafikoa mantsoago doalako». Almandoztarrak erran du nahiago duela kamioiak desbideratzea, mendateko trafikoa «arintzeko». Iritzi berekoa da Eugi ere, eta azaldu du ibilgailu astunek trafikoa anitz mantsotzen dutela: «Kamioiak goiti eta beheiti heldu direnez, bihurgune anitzetan zain egon behar dugu kamioiak pasatu daitezen».

Errepidea bi hilabetez jarraian mozteak modua emanen du lanak egiteko epea hiruzpalau hilabetez laburtzeko, eta aldizkako mozketarik ez egiteko. Erabaki hori onuragarritzat jo du Almandozko alkateak: «Behin ixten hasita, hobe da horrela, lanean gogor eginez, ahalik eta gutxien iraun dezan». Iruritar gazteak ere uste du «ongi antolatzeko mesedegarria» dela. Itxiera epeak betetzea espero du Etxeberriak, negu partean tunelak irekiak egon daitezen. Izan ere, neguko euriak, izotzak eta elurrak «arrisku erantsia» ekarriko bailukete, haren ustez.  

Belateko bentak

Mendatea sigi-saga igo ahala, lanbroa desagertuz doa. Bidaiari batzuk bide bazterreko askaldegietan geldirik daude, kamioiak aitzinatzen saiatzen diren autoei so. Ez dute aukerarik galdu nahi abiadura pixka bat hartzeko, hurrengo kamioiarekin topo egin arte behinik behin. 

Handik hamar kilometrotarat dago Ultzamako Benta. Anitzek pentsatu arren bezero gehiago edukiko dituztela, Aitor Diez de Ultzurrun bertako langileak azaldu du ez dutela uste jende gehiago etorriko denik: «Gure bezeroek betidanik ezagutzen gaituzte. Gutaz gogoratu eta hona etortzen dira espresuki, ez dira bidenabar etortzen». Errepide ertzetik pasatzen den trafikoak bezero baten bati «arreta ematen» diola azaldu du Diez de Ultzurrunek, baina aitortu du ez diela «larriki» eragiten. 

San Blas da mendatean dagoen bertze benta, eta bertako langile batek —ez du izenik eman nahi izan— azaldu du desbideratzeak «mesede eskasa» egiten diela. «Oasi batean ginen lehen, eta motor eta frenoen zarata eta kutsadura handia jasan behar ditugu orain. Leihoak berrituta ere, ez dago zer eginik. Zarata zarata da», kexatu da langilea. Emakumeak gaineratu du agintariei «bost axola» zaiela jende xehea: «Gu gara kaltetuenak: uste dute onuragarria zaigula, baina ez dute ulertzen kalitatea nahiago dugula, kantitatea baino». 

Hala ere, segurtasunaz galdetuta, bi bentetako langileak bat datoz. Kamioiek mendatea igotzea arriskutsua dela iruditzen zaie, eta espero dute obrak ahal bezain fite akitzea, aldaketak hoberako izanen direlakoan. «Guk apenas erabiltzen ditugun tunelak, baina obrak araudien araberako baldintzetan egitea nahi dugu, segurtasuna areagotzeko», erran du Diez de Ultzurrunek. 

Iritzi berekoa da Iruritako gaztea: «Espero dut horrenbertze buelta eman eta gero zerbait segurua egitea, normaltasunerat bueltatzeko». Lanek 45 hilabete iraunen dutela espero da; hau da, 2028ko amaierara arte iraunen dute.

«Eskertuko genuke oraingoan ere tuneletik pasatzen utziko baligute Mendiolakoei, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso»

BEATRIZ ETXEBERRIA  Almandozko alkatea 

Mendiola, harrapatuta

Mendiola Almandozko auzo bat da, eta bi tunelen arteko errepidean dago harat ailegatzeko bidegurutzea. Bertan bizi da Etxeberria, bertze 25 bizilagunekin batera, eta azaldu du zerbitzu guztiak Almandozen dituztenez egunero igarotzen dutela Almandozko tunela, hala nola eskolarat joateko eta erosketak egiteko. Orain, baina, mendatea igo beharko dute egunero. 

Horiek horrela, Almandozko tuneletik pasatzeko baimena eskatu diote Nafarroako Gobernuari. «2011n kamioi bat erre zen Belateko tunelean, eta Almandozko tuneletik pasatzen utzi ziguten. Eskertuko genuke oraingoan ere tuneletik pasatzen utziko baligute Mendiolako bizilagunei, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso», azaldu du Almandozko alkateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.