21. Korrika. Balmaseda-Lekeitio

Oasi bat izan ez dadin

Bilbon jendetza bildu du Korrikak, baita hainbat alderdi eta eragiletako ordezkariak ere. Kalean agertutako indarra 'klika' bihurtzea dute orain zeregin: euskaldunak biltzea eta erabilera areagotzea. Gipuzkoan da Korrika; arratsaldean, Donostian

Bilboko alkatea, lasterka, lekuko eramailearen ondoan. L.J / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Jende uholdeak, Korrikaren uhinak, euskararen aldeko emariak hartu zuen atzo Bilbo. Milaka euskaldun bilbotarren topagune izan zen lasterketa, eta, haiekin batera, dozenaka erakunde eta alderditako arduradunek ere eraman zuten lekukoa. Klika leloa du aurtengo Korrikak, eta horretara dei egin zuten Bilbon: lekukoa hartzeaz eta korrika egiteaz harago, benetako aldaketak egitera, hizkuntza ohiturak astintzera, erabileran pausoak ematera. Hori baitute zeregina: atzoko uholdea, uhina eta emaria ez bihurtzea oasi.

Bizkaiko hiriburuan lau ordu eta erdiko ibilbidea egin zuen Korrikak: Zorrotzatik sartu zen, eta Elorrietatik irten. Bidean, batez ere auzo nagusietan, jende multzo handiak bildu ziren; tartean, eskola ume ugari, ikastetxeko ordutegian egokitu baitzitzaien lasterketa —ez da ohikoa Bilbon—. Euria ere bota zuen tarteka bidean. Aurreko aldi batzuetan baino jende gutxixeago bildu zuen Korrikak, orduak eta aroak eraginda. Jendetza handia, nolanahi ere.

Jendearen beharra badu euskarak. Kaleko erabileraren azken neurketan solasaldien %3 eskas entzun zituzten euskaraz; urteotan jaitsi egin da erabilera. «Irabazteko tarte handia dugu», azaldu du Deustuko Berbaizu euskara elkarteko kide Jon Intxaurragak. Euskaldun gehien duen hiria da Bilbo. «Kontua da sakabanatuta gaudela hiri handian. Gure arazoa hori da, baina saiatzen gara zirkuituak sortzen», azaldu Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak. Euskaraldia bitarteko izan da horretan, Bilboko euskaldunak agerian ipintzen.

Euskaltzaleen bilgune

Bilgune funtzio hori betetzen du Korrikak ere, atzo bistan jarri zutenez. Euskararen bueltan dabiltzan herritar ugari bildu ziren: adibidez, Santutxun gogoan izan zuten AEK-ko kide Marian Leon zena, eta Bilboko euskalgintzako eragileek elkarrekin jaso zuten lekukoa, baita Hordago Abante konpartsak eta BERRIA Taldeak ere.

Euskara agerian jarri zuen Korrikak atzo Bilbon, baina horretan bada zer egin. Hizkuntza paisaia aipatu du Martinez de Lagosek: «Aldatzen ari da, okerrera. Euskararen presentzia ez dabil nabarmen igotzen, eta ingelesa espazio handia hartzen ari da». Turismoarekin lotu du hori. Intxaurragak dio saltokietan-eta badela zer aurreratu. «Langileak edo jabea euskaldunak izanda ere, maiz kartelak erdara hutsez daude». Erabilerarako oztopo da.

Korrikaren leloak jomuga hori du. Heldu beharreko erronka, Intxaurragaren ustez: «Sentsazioa daukat Korrika euskaldunon ramadana dela. Biharamunean zer? Klika lelo aparta da: ilusioa dago, peto guztiak saldu ditugu, baina jende horrek euskara erabiltzen du normalean edo aukera gehienetan? Ilusioa badago, baina ikusteke dago zelan gauzatuko den».

Ilusioa sortzen jarraituko du gaur ere Korrikak. Bederatzigarren eguna, Gipuzkoara egingo du jauzi lasterketak: goizaldean sartuko da Mutrikutik barrena. Goizean Debabarrena eta Urola Kosta igaroko ditu, eta arratsaldean, Donostia. Gauean Beterrira joko du, eta ostean, Tolosa aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.