NUPeko irakasle elkartuen eta ordezkoen «egoera prekarioa» salatu dute

Unibertsitatean «posizio duina» izatea eskatu dute. Izan ere, gainerako irakasleek egiten duten lana egin arren, %20 gutxiago ordaintzen diete.

NUP Nafarroako Unibertsite Publikoa, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
NUP Nafarroako Unibertsite Publikoa, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 12a
17:35
Entzun

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartuen eta ordezkoen «egoera prekarioa» salatu dute, eta «posizio duina» izatea eskatu. Hori lortu ezean «NUPen orain arte ikusi ez diren erabakiak» hartuko dituztela nabarmendu dute.

Ohar bidez egin dute salaketa irakasleek, eta azaldu bi talde horiek irakasle guztien %60 osatzen dutela —2023an 616 lagun ziren—, eta unibertsitate horretan ematen diren eskolen erdiak beren gain hartzen dituztela; halere, unibertsitateko irakasle titular batek baino %20 gutxiago irabazten dute. «Irakasle elkartuek eta ordezkoek gainerako irakasleek egiten duten lan bera egiten dute. Ordea, ez zaie aitortzen irakaskuntza orduetatik kanpo eta tutoretzetan erabilitako denbora, eta, beraz, lan hori ez diete ordaintzen», adierazi dute. Zehaztu dute bi irakasle figura horien kostua gainerakoena baino «bi eta hiru aldiz txikiagoa» dela NUPendako.

Ildo horretan, nabarmendu dute unibertsitateak «sektore publikotik datozen irakasle elkartuekiko eta ordezkoekiko berdintasun printzipioa urratzen jarraitzen» duela, ez dielako «aparteko ordainketarik edo antzinatasunik» ordaintzen. NUPek langile guztiendako bizitza asegurua du, baina irakasle elkartuak eta ordezkoak estaldura horretatik kanpo utzi dituztela ere salatu dute.

Egoera ikusita, unibertsitateko errektoretzari gutun bat igorri diote, 100 irakasle baino gehiagoren babesarekin. Azpimarratu dute «negoziatzeko» garaia dela, «irakasle elkartuak eta ordezkoak posizio duin eta errespetagarrian jarriko dituen irtenbidea aurkitzekoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.