NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak erabaki du ez duela harremanik izango «Palestinan gertatzen ari diren gizateriaren aurkako krimenak esplizituki gaitzesten ez dituzten» Israelgo unibertsitate eta erakundeekin. «Unibertsitateak konpromisoa hartzen du Palestinako auzian giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzen ez dituztenekin merkataritza eta irakaskuntza harremanak saihesteko eta berraztertzeko», adierazi du NUPen Gobernu Kontseiluak, gaur onartu duen adierazpenean.
Ikasle eta irakasle errefuxiatuentzako laguntza programa sendotzeko «konpromisoa» ere hartu du unibertsitateak, eta helburutzat ezarri du Palestinako unibertsitateekin lankidetza hitzarmen gehiago sinatuko ote dituen aztertzea ere.
Unibertsitateak adierazi du konpromiso «irmoa» duela «bakearekin, bizikidetzarekin, justiziarekin, giza eskubideekin eta terrorismo eta indarkeria mota guztien gaitzespenarekin».