NUPek euskaraz eskaini nahi ditu kreditu gehiago, baina ez du non eta noiz zehaztu

Hogei graduko eskaintza dauka Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta bi egin daitezke osorik euskaraz. 2019 arteko plana egin du. Euskaldunak dira ikasleen herenak NUPen

NUPek euskaraz eskaini nahi ditu kreditu gehiago, baina ez du non eta noiz zehaztu.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskarazko eskaintza handitzeko asmoa azaldu du NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak. Euskararen plan gidaria taxutu du, eta helburuen artean jarri du euskaraz ematea kreditu gehiago. Gaur egun graduko 1.300 kreditu eskas eskaintzen ditu euskaraz NUPek; kredituen %20 egin daitezke euskaraz, beraz. Ia ingelesaren pareko proportzioa da hori: kredituen %18 eskaintzen ditu NUPek ingelesez. Helburu dute «gutxienez» 200 kreditu gehiago eskaintzea euskaraz. 2017-2019 artekoa da plana. Zehaztasun gutxi jaso dituzte, baina: ez dute zehaztu zein arlotan eta noiz handituko den euskarazko eskaintza. Finantzaketari buruzko argibiderik ere ez dakar euskara planak. Izatez, asmo gehienetarako ez dute erabiliko «finantzaketa gehigarririk».

Unibertsitateak iazko apirilean onartu zuen 2016-2019ko plan estrategikoa, eta han jaso zuten euskara plana egitea. Urtebete geroago iritsi da. Nabarmendu dute unibertsitatea «estrategikoa» dela euskararentzat, lan arloarekin lotuta dagoelako eta «hizkuntza bera hazten» lagundu dezakeelako. «Nahitaezkoa da euskaraz eskaintzen diren ikasketak nahikoak izatea, eta betiere kalitate handiko estandarrei lotuak».

Oraingo eskaintzaren azterketa eginda, bistakoak dira hutsuneak. Bi gradu soilik egin daitezke erabat euskaraz NUPen: Lehen Hezkuntza eta Haur Hezkuntza. Unibertsitateak adierazi du euskarazko eskaintza «nabarmen» areagotu dela urteotan, nahiz eta «homogeneoa» ez den izan. «Biziagoa izan da matrikula gehien izaten dituzten horietan». Irakasletzako bi karrera horiek kenduta, gainerakoetan gutxiengoa dira euskaraz egin daitezkeen kredituak. Areago, badira hiru karrera ez dutenak euskarazko krediturik.

Ikasle gehiago lortzeko

Egon daitekeen eskariari erreparatzeko, txostenean jaso dute nola ari den euskarazko irakaskuntza handitzen Nafarroan, eta selektibitateko datuetan ere nabari dela. Are, NUPen bertan, hamar urtean nabarmen handitu da ikasle euskaldunen portzentajea: bostetik bat zen euskalduna 2005ean, eta, orain, hirutik bat —beste seitik batek ulertu egiten du—. Egoera hori ikusita, uste dute «eskari potentzial handia eta gorakorra» dutela euskarazko ikasketek. NUPek helburutzat jarria du 2019an 400 ikasle gehiago matrikulatzea, eta adierazi dute «lagungarri» izan daitekeela euskarazko eskaintza.

Euskara sustatzeko 34 neurri dakartza planak. Eskaintzarekin lotutakoak dira nagusiak: kreditu gehiago jartzea euskaraz —gutxienez 1.488—, on line ikasgaiak euskaraz eskaintzea, euskarazko materialak sustatzea, euskarazko tesiak bultzatzea... Horietarako, bai, aurreikusi dituzte «baliabide gehigarriak». Gainerako jardunetarako, ez: ikasleek bultzatutako euskara eskolak, euskarazko praktikaldiak, euskarazko postuetan langile euskaldunak egotea... Jarraipen batzorde batek urtero egingo du planaren azterketa.

Proiektu eskasa dela salatu du LABek, «askoz ere landuago eta prestatuagoa» espero zuela. Ikasleen herenak euskaldunak izanik, eskatu du ez hartzeko «bigarren mailako» herritar modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.