Nuclenorrek jakinarazi du heldu den urtean Garoña desegiten hastekoa dela

Udalak ingurua biziberritzeko egitasmo bat lantzen ari dira; horren harira eman die azalpena enpresak. Ekologistek argitasun falta salatu dute

Protesta bat zentral nuklearraren parean, artxiboko irudi batean. J. RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Joan den urteko abuztuan jakin zen Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) behin betiko itxiko zutela, eta azpiegitura hori gabeko geroa goldatzeko oinarriak ipintzen ari dira orain inguruko udalerriak; izan ere, 1971. urtetik zegoen martxan zentrala, eta erabakigarria izan da tokiko ekonomian. Atzo Valle de Tobalina udalerriko alkate Raquel Gonzalezek jakinarazi zuenez, ontzen ari diren plan horren harira, zentralaren jabe den enpresarekin—Nuclenor— harremanetan izan dira, eta han jakinarazi diete heldu den urtean azpiegitura desegiten hasteko asmoa dutela.

Alkatearen arabera, Nuclenorreko ordezkariek adierazi diete amaitzen ari direla desegitea antolatzeko plana, eta espero dutela 2019 hasieran CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren eta hondakin erradiaktiboen Espainiako enpresa Enresaren oniritzia izatea. Behin urrats hori eginda, ongi bidean, urteko bigarren erdian desegitea abian nahi lukete.

Alkatearen adierazpenen harira, ezinegona azaldu du Equo alderdiak. Izan ere, Nuclenorrek zentralaren desegiteari buruzko informazioa, udalei ez ezik, talde politikoei ere eman behar diela adierazi du Juantxo Lopez de Uralde ordezkariak: «Prozesua dela eta, adi-adi baikaude». Gardentasun falta egotzi dio enpresari: «Ez da ezertxo ere atera, adibidez, plantako hondakin arriskutsuei buruz, eta hori da gaiarekin lotutako auzi larrienetariko bat. Ura, lurra eta atmosfera kutsatzeko arriskua izango da». Horiek horrela, adierazi du plangintza horren inguruko «obskurantismoak» ezin direla onartu. Gogorarazi du desegitea lehenbailehen egin beharreko prozesua dela.

Eguzki talde ekologistak eresalatu du orain arteko jardunean «datuak ezkutatzera» egin dela, eta aldatu egin behar dela politika hori. Azpiegitura desegiteko orduan «kutsadura arriskua» handitu egingo da, eta herritarrek ongi ezagutu behar dute prozesua: «Era garden, publiko eta seguruan egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.