Argi dauka Araba Garoñarik Gabe mugimenduko bozeramaile Alberto Friasek (Gasteiz, 1961): «Arrazoi ekonomikoengatik ez du eskatu Nuclenorrek Garoñaren jarduera luzatzeko». Zentral nuklearra 2013ko uztailaren 6an itxiko duten itxaropena dauka, baina ez da fio: «Nuclenorrek eta Espainiako Gobernuak egoerari buelta eman nahiko diote, ikusten badute Garoñaren mantenua errentagarria dela». Gobernuaren eta Nuclenorren asmoa oztopatzeko Garoña ixtearen alde daudenen indarrak batu behar direla uste du: «Hori litzateke benetako garaipena».
Nuclenorrek ez du galdegin Garoñaren jarduera 2019ra arte luzatzea. Nola hartu duzu erabakia?
Txalotzekoa da Nuclenorrek hartu duen erabakia; erabaki horren arrazoiak, ordea, ez. Dirua lehenetsi dute guztiaren gainetik. Argi eta garbi, arrazoi ekonomikoek bultzatu dute Nuclenor luzatzeko ez eskatzera.
Zeintzuk dira arrazoi ekonomiko horiek?
Nuclenorrek berak esan du 120 milioi euro inbertitu beharko lituzkeela Garoñak funtzionatzen segitzeko, eta momentu honetan ez daki inbertsioa errentagarri aterako zaion ala ez. Zerga bat ezarri nahi dio Espainiako Industria Ministerioak energia nuklearra ekoizteari. Bestalde, argigarria da Nuclenorrek esatea 120 milioi euro inbertitu beharko lituzkeela zentral nuklearraren segurtasuna bermatzeko. Horrek esan nahi du 2009an azterketa egin zutenetik ez dutela deus ere inbertitu eta oso baldintza prekarioetan jarraitu beharko duela lanean Garoñak datorren urteko uztailaren 6ra bitartean.
2013ko uztailaren 6a aipatu duzu. Ordurako itxita egongo al da Garoña?
Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak egun horretan ixtea adostu zuen. Hala ere, Raxoiren gobernuak, lege dekretu baten bidez eta CSN Segurtasun Nuklearraren Kontseiluaren txostenetan oinarrituz, 2019ra arte luzatzeko epea aurreikusi zuen. Behingoagatik, ordea, CSNk epe hori luzatzearen aurka egin du; esan du ez dela batere gomendagarria zentrala 2019ra arte martxan mantentzea. Horrez gain, kontuan hartu behar da 40 urte baino gehiago dituela Garoñak eta zentralaren teknologia ez dela punta-puntakoa. Hala ere, lehen esan bezala, arrazoi ekonomikoak lehenetsi dituzte luzatzeko ez eskatzeko, eta zergen afera guztiz argituta geratu arte ez dut baztertzen Nuclenor atzera buelta ematen saiatzea egoerari, ikusten badu Garoñan egingo duen inbertsioa errentagarria izango dela.
Nuclenorrek ez du luzatzeko eskatu; Garoña ixteko asmorik ere ez du azaldu, ordea. Zein da enpresaren benetako asmoa?
Eskaera aztertzeko jarri zioten azken eguneko azken minutura arte itxaron du Nuclenorrek, ikusi nahi duelako zertan geratzen den energia nuklearraren eta beste hainbat energiaren gaineko zergek osatutako esparru legal hori. Ikusten badu Garoña errentagarri ateratzen zaiola, ziur naiz kontu honetan atzera buelta egiten saiatuko dela eta Espainiako Gobernua bidelagun edukiko duela prozesu horretan. Hala ere, orain arte esandako guztia bertan behera uzten duen beste dekretu bat ateratzeak oraindik ere nahasmen handiagoa sortuko luke, eta agerian utziko luke ahula dela Espainiako Gobernuaren kudeaketa.
Ekonomikoki errentagarria izan ez daitekeela ikusi eta berehala, Nuclenorrek ez du eskatu Garoñaren luzapena. Zein tokitan uzten du horrek energia nuklearraren etorkizuna? Garoñako zentral nuklearra kate luze baten hasiera izan al daiteke?
Iberdrola eta Endesa enpresa elektrikoak dira Nuclenorren jabe; bakoitzak erdibana dauka. Pultsu bat hasi du Nuclenorrek Espainiako Gobernuarekin, Industria Ministerioak ezarri dituen tasak direla eta. Negoziazio horretan, pieza txikiena sakrifikatu nahi izan dute Iberdrolak eta Endesak. Izan ere, Garoñak du potentzia gutxien: 466 megawatt. Zerrendako hurrengo zentralak, berriz, potentzia horren laukoitza dauka. Azken finean, borroka horren zati txiki bat da soilik Garoña. Kontraesanak ikusten ditut aspektu horretan: batetik, Espainiako Gobernuarekin hasiko dituen negoziazioetan, zerga kopuru ahalik eta txikienak finkatzen saiatuko da Nuclenor. Bestetik, inoiz baino irabazi gehiago deklaratu ditu Iberdrolak.
Arrazoi ekonomikoengatik soilik azkenean Garoña ixten badute, ez al da garaipen gazi-gozo bat izango zentrala ixtearen aldeko guztientzat?
Nire ustez, Garoña ixtearen alde hainbeste jende ados jartzea izan da garaipena. Ausartuko nintzateke esatera inoiz ez dela hainbesteko adostasunik lortu kontu jakin batengatik. Ez dezagun ahatz sentsibilitate eta ideologia guztietako jendea dagoela Garoña berehala ixtearen alde. Pentsa, PPkoak diren batzuk ere desmarkatzea lortu dugu: esaterako, Gasteizko alkate Javier Maroto. Kontuan hartu alderdi hori dela Garoñaren luzapenaren alde egin duen bakarra. Orain lortu behar duguna da Nuclenorrek eta Espainiako Gobernuak atzera bueltatzeko aukerarik ez izatea. Hori litzateke benetako garaipena: Garoñaren aurka gaudenon indarrak batuta, Espainiaren eta Nuclenorren asmoa oztopatzea.
Alberto Frias. Araba Garoñarik Gabe taldeko kidea
«Nuclenorrek eta gobernuak atzera ez egitea lortu behar dugu»
Alberto Friasen ustez, Garoña pieza txiki bat besterik ez da Nuclenorrek Espainiako Gobernuarekin abiatuko duen negoziazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu