Oraindik orain, euskaldunek zailtasunak dituzte zenbait zerbitzu euskaraz jasotzeko, besteak beste, notarioena. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu duenez, Hego Euskal Herriko notario bulego «gehienetan» herritarrei mugatu egiten diete tramiteak euskaraz aurrera eramateko aukera, eta hainbat notariok «baldintzatu» egiten dute erabiltzaileen hizkuntza hautua. Horiek horrela, Behatokiak «behingoz» euskarazko zerbitzuak bermatzeko eskatu du: gaia aztertzeko eta gomendioak emateko eskatu die Hego Euskal Herriko notarioen elkargoetako arduradunei eta Espainiako herritarren defendatzaileari. Areago: elkargoei galdegin die neurriak har ditzatela, herritarrek zerbitzuak euskaraz jaso ahal izateko.
Eskaerak herritarren kexetan du jatorria, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak nabarmendu duenez: «Urtero herritar askok jotzen dute Behatokira, notario zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea duten ala ez argitzeko edota euskaraz lan egiten duen notarioren bat gomendatzeko eskatzeko». Gaubekaren arabera, arta nahiz dokumentuak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu behar litzateke. Alabaina, errealitatea bestelakoa da: «Herritarren bizitzetan eginbide garrantzitsuak izan arren, horiek euskaraz aurrera eramateko aukera askotan mugatua edo partzialki onartua izaten da».
Behatokiaren irudiko, hori ez da onargarria, notario bulegoak legez behartuta baitaude zerbitzua euskaraz ematera euskara ofiziala den herrietan eta hirietan: «Notario ekintzak aldeek adostutako hizkuntza ofizialean idatzi behar dira. Eta desadostasunik egonez gero, dokumentua eskatzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean egin beharko litzateke. Beraz, euskara ofiziala den tokietan, agiri publikoak euskaraz egiteko ez litzateke inolako oztopo juridikorik egon beharko». Halatsu behar luke fede ematerakoan ere: «Euskararen ezagutzarik ez duten notarioek fede emateko itzulpena egiteko aukera izango lukete, baina kostua herritarrari egotzi gabe. Kasu honetan, dokumentua bi hizkuntzetan erregistratuko litzateke, baina herritarrak eskubidea izango luke berak aukeratutako hizkuntzan jasotzeko».
Dagoeneko jaso dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako notario elkargoaren erantzuna, eta, Behatokiaren esanetan, baieztatu egin dituzte beraiek egindako ohartarazpenak, zera esan baitiete: «Eskriturak egiteko aukeratzen den hizkuntza koofizialaren arabera, ez da bereizkeriazko tratamendurik gertatu behar. […] Notarioak, aldiz, euskaraz ez badaki, euskaraz idatzitako agiria notario elkargoak ezarritako zerbitzuek itzuli egingo dute. Eta itzulpen horrek ez du ez zeharkako ez zuzeneko kosturik izango eskatzailearentzat». Halaber, elkargoak adierazi du notario bulego guztiei jarraibideak ematen dizkietela erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta gomendatzen diela «nahikoa» langile elebidun edukitzeko. Aldiz, Nafarroako notario elkargoaren erantzunik ez dute jaso oraindik.
Kexak salatzeko deia
Behatokiak dio derrigortasuna euskara ofiziala den eremuetarako bakarrik dela. Ordea, aldarrikatu dute Euskal Herri osoan egon beharko litzatekeela aukera notarioen zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Eta aukera hori ukatzen dioten orori kasua salatzeko eskatu diote, bai www.euskararentelefonoa.eus webgunean, bai 948-14 61 72 telefonoan.