«Etorkizunera begira, nolakoa izan behar da euskal nortasuna? Eta kohesiogile izango den nortasun hori nola eraiki behar dugu?». Galdera horiek erantzun asmoz abiatu zuen Eusko Ikaskuntzak Euskal nortasuna(k) XXI. mendeari begira ikerketa lana, eta ondorio nagusi bat identifikatu dute, Patxi Juaristi Eusko Ikaskuntzaren kongresuko lehendakariak azaldu duenez: «Pertsona berberak kezkaz bezainbat ilusioz begiratzen dio euskal nortasunari». Kezkaz, mundu globalizatu eta gizarte indibidualistagoari aurre egiteko «ahulegia eta txikiegia» dela uste duelako, eta ilusioz, «borrokarako eta erresistentziarako prest» dagoen komunitate batek osatzen duelako. «Edozelan ere, mundu guztiak argi dauka etorkizunerako prestatu beharra dagoela, jarrera aktiboa izan behar dela».
Gasteizen egiten ari diren kongresuan eman du horren berri Juaristik. Duela bi urte, 2022an jarri zuen martxan ikerketa, eta joan den uztailean amaitu zuten. Lan horren helburua izan da euskal identitateak etorkizunera begira dituen erronkak ezagutzea, eta horiek identifikatu ostean proposamenak egitea, Juaristik aditzera eman duenez.
Ikerketa lanari esker, hainbat erronka identifikatu dituzte: hala nola euskal nortasuna mantentzea, transmititzea edo garatzea; euskara indarberritzea; eragileak indartzea; kohesio soziala sustatzea; burujabetza edo askatasun maila handiagotzea; eta mundu globalera egokitzea. Eta horiei aurre egiteko proposamenak ere zerrendatu dituzte. Horietako batzuk xehatu dituzte ikerketan parte hartu duten adituek, hain zuzen ere.
1
Lurraldetasuna
Esaterako, lurraldetasuna izan du hizpide Elena Casirain EHUko eta Okzitaniako Tolosako Jean Jaures unibertsitateko ikerlariak. Azaldu du lurraldetasuna «nortasun elementu objektibo» gisa agertzen dela maiz, baina Euskal Herria estaturik gabeko herria izanik, nabarmendu du «zatiketaren sentimendua» aski orokortua dela herritarren artean, ikerketarekin ondorioztatu duten bezala. Horri lotuta, bada, etorkizunari begira bi erronka identifikatu dituzte: «Alde batetik, Euskal Herria lurralde gisa gehiago ezagutu behar da; ezagutza eskasa da; beraz, kontzientzia landu behar da. Eta, bestetik, lurraldetasuna nozio konplexu gisa hartuta, beste motatako espazioa bultzatzea, muga sinbolikoagoak edo sozialagoak identifikatuta».
2
Euskara zutarri
Azterlanean ez dute euskarari buruzko galdera zehatzik egin, baina hizkuntzaren gaia «zentralitate osoz» azaleratu da, Jose Inazio Marko EHUko ikerlariak nabarmendu duenez. Euskara euskal nortasunaren elementu garrantzitsuenetako bat izanik, gai horretara hurbiltzeko hiru modu azaldu dira Jone Goirigolzarri Deustuko ikerlariarekin batera egindako ikerketan. Bat: euskararekiko «jarrera aktiboa» duena; bi: euskal nortasuna «euskararen ezagutzarekin eta bizitzearekin» lotzen duena; eta hiru: euskara elementu nagusia gisa aitortzen duena, baina erdaraz bizi daitekeela dioena. Horiez gain, euskal nortasuna «eraikuntza bat» den ideia ere identifikatu dute, zeina aldatzen ari den, komunitate bati lotzen zaion, mundura irekia dagoen, heterogeneoa den eta tentsioei loturik dagoen… Eta euskara ere gisa berean ikusten dute: «Eta hori inportantea da, zeren esan nahi du euskara ez dela zerbait estatikoa. Irekita dago, eta, beraz, ate bat da euskal nortasunaren bidean».
3
Aniztasuna
Hain zuzen ere, euskal nortasuna «ulertzeko, bizitzeko eta definitzeko» dauden askotariko moduez jardun du Carmen Innerarity Nafarroako Unibertsitateko ikerlariak. Azaldu du pluraltasuna «erronka bat» dela gizarte kohesioa lortze aldera, baina azpimarratu du egunerokoan eraiki behar dela: «Pluraltasuna aukera bat izan daiteke. Baina gizarte kohesionatu bat lortu nahi bada, pluraltasuna errespetatu eta aitortu beharko litzateke».
4
«Absentziak aktibatu»
Bada, «absentziak aktibatu» beharra nabarmendu du Igor Ahedo EHUko ikerlariak bere hitzaldian. «Absentzia ezin da aurkakotasun bilakatu, afinitate bilakatu behar da», ohartarazi du. Eta bide horretan, uste du funtsezkoa dela kolektibotasunean oinarritua egitea. «Absentziak besarkatzen badira, errekonozituta sentitzen dira, eta, beraz, berriz jaiotzen dira». Zeregin horretan instituzioek duten ardura ere azpimarratu du Ahedok: «Ezin dute albo batera begiratu XXI. mendeko identitateek dituzten erronkei aurre egiteko orduan».
5
Gutxiespena
Gutxiespen sentimenduari buruz hitz egin du Iñaki Zaldua EHUko ikerlariak, ostera. Izan ere, Izaskun Rekarterekin batera landu duen atalean ondorioztatu du sarritan agertu ohi dela sentipen edo «aurreiritzi» hori euskal nortasunari lotuta. Zalduak nabarmendu du testuinguru euskaldunetan «obsesio bat» dela euskal identitatea zabaldu beharra; besteak beste, galtzeko beldurrak eraginda. Eremu ez-euskaldunetan, aldiz, «diskurtso berriak» azaleratzen direla konturatu dira, zenbait elementu objektibo komun dituzten arren. Kasu horietan, ohartu dira «etengabeko justifikazio prozesu bat» gertatzen dela.
6
Gazteak funtsezko
Azkenik, nortasunaren eraikuntzan gazteen begiradari erreparatu dio Olatz Elexpuruk. Izan ere, EHUko ikerlariak azpimarratu du gazteen egitekoa «ezinbestekoa» dela transmisioari dagokionez. Azterketa lanari esker, ondorioztatu dute hezkuntzan euskal nortasunaren, euskal kulturaren eta euskararen transmisiorako politikak areagotzeko beharra dagoela bide horretan: «Gazteok prest gaude euskal nortasunari eusteko, transmititzeko eta irauteko».