Itzalaldia dela eta, Eusko Jaurlaritzak LABI Babes Zibileko Planaren kontseilua deitu du bihar 13:00etarako. Bilboko Txurdinaga auzoko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan bildu da gaur arratsaldean LABI, eta bilkuraren ostean Imanol Pradales lehendakariak iragarri du «orduak edo egunak» beharko direla normaltasuna berreskuratzeko. Aurreratu du biharkoa ere ez dela egun «normala» izango.
Segurtasun Sailak krisi mahaia eratu du gaur goizean, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea martxan jarri. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak EITBri adierazi dionez, ez da arazo larririk izan Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta Pradalesek gehitu du garraio zerbitzuetan, igogailuetan eta trafikoan eragin dituela arazo gehien itzalaldiak.
Lehendakariak herritarrei eskatu die 112 larrialdietako telefonoa «beharrezkoa» den kasuetan soilik erabiltzeko. Horrez gain, Zupiriak ibilgailu pribatuak ez erabiltzeko ere gomendatu die herritarrei.
Lehendakariaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko energia horniduraren %84 berreskuratu da arratsaldeko sei eta erdietarako: ia guztiz berreskuratu dute Araban; %88, Gipuzkoan; eta %78, Bizkaian. Iberiar penintsulako beste gune batzuetan baino azkarrago berreskuratu dela nabarmendu du Pradalesek. Eta Zupiriak horren zergatia azaldu du: «Frantziako Estatutik energia sartu delako ari gara energia hornidura berreskuratzen».
Nafarroako Gobernuak «lasaitasuna» eskatu du
Amparo Lopez Nafarroako Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilariak «lasaitasun» mezua bidali die herritarrei. Lopezek jakinarazi du 90 gertakari «aipagarri» izan direla herrialdean, batez ere igogailuetan harrapatuta geratu den jendeari lotutakoak.
Lopezek berak azaldu du industriak bi egun beharko dituela normaltasuna berreskuratzeko, eta azkarrago berrezartzen dela argindarra etxebizitzetan.