Goikoa irudi instituzional huts bat baino zerbait gehiago da. 2007ko negoziazioetan, PSNko Fernando Purasek adierazi zuen nafarrak ez zeudela oraindik prest Nafarroako Parlamentuko lehendakari abertzale bat ikusteko. Nafarroa Baiko Koldo Amezketaren hautagaitzari ezezkoa eman izana justifikatzeko egin zituen adierazpenok, baina ordezkari abertzaleak instituzioetako agintetik de facto alboratuak ziren garai oso baten laburpena ere izan ziren. Hamalau urte geroago, natural hartzen da iragan legealdian gobernuko lehendakaria eta honetan parlamentuko presidentea abertzaleak izatea: Uxue Barkos eta Unai Hualde, biak ere Geroa Baikoak. Normaltasunaren lorratza adierazten du.
Gaur, koalizioa sortu zeneko hamargarren urteurrena ospatuko du Geroa Baik, eta horixe da, Koldo Martinezen irudiko, ondare politiko nagusietako bat: «Geroa Bai bezalako erakunde bat ez balitz, lehengo politika zaharretan murgilduta jarraituko genuke». Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidente eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariaren arabera, Geroa Baik urteotan «desberdinen arteko ulermena lortzeko gaitasuna eta gobernatzeko fidagarritasuna erakutsi du».
2011ko egoera politikoa
Hasierak, baina, oso zailak izan ziren. 2011ko udan, Europaren aginduz, austeritatearen aroari hasiera eman zion Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak, eta, bere politika ekonomikoen 180 graduko ildo aldaketaren aurrean, hauteskundeetara deitu zuen azarorako. Iragarpen hark beste lurrikara bat eragin zuen Nafarroako eremu abertzalean. Aurretik, otsailean, EA Nafarroa Bai koaliziotik at geratu zen; udan, berriz, boz horiei begira, Aralarrek Amaiurren eratze prozesuarekin bat egin zuen, eta parlamentu taldetik kanporatu zituen Manu Aierdi eta Patxi Leuza.
NaBairen behin betiko haustura hark zauriak eragin zituen, Uxue Barkos eledunak gogoan duenez: «Momentu hartan, mina zen nagusi. Gehiengo aurrerakoi bat eratzeko eta instituzioetara iristeko aukerasortu zuen Nafarroa Baik. Eta hura hautsi egin zen, baina ilusioa izan genuen une hartan ere». Hualde: «Nafarroa Bairen espazio politiko horri eustearen alde apustu egin genuen». Hiruren buruan iltzatuta dago une haren zailtasuna, ziurgabetasuna eta itxaropena. «Oso une larrian sortu zen, eta esango nuke inork ez zuela guregan sinesten», aipatu du Martinezek.
Hualderen aburuz, azkar eta baliabide gutxirekin antolatu behar izan zuten kanpaina, eta markan Bai sartzeak ere sortu zuen polemikarik. Garai hartan, Barkosi minbizia diagnostikatu zioten, eta, eritasunari aurre eginez, zapia buruan eta baldintza oso zailetan egin zuen kanpaina. Azaroaren 10eko hauteskunde gauean, baina, Nafarroan jokoan ziren bost eserlekuetatik azkena lortu zuen Geroa Baik. 42.415 herritarrek eman zieten babesa. «Proiektuan sinetsi zuten, eta Madrilen berriz diputatu bat lortu genuen, baina oraingoan Geroa Baiko kargudun publiko gisa. Mugarri bat izan zen», dio Hualdek. Egitasmoa egituratzeko balio izan zien emaitzak. Sei hilabete lehenago NaBairekin aurkeztutako 70 hautetsi koalizio berrira pasatu ziren, kasurako.
Hurrengo legealdia«gogorra» izan zen, Barkosen hitzetan. Talderik gabe, Leuzak eta Aierdik baldintza okerragoetan egin behar izan zuten legealdia. Martinezen arabera, egoerari buelta emateko gai izan ziren: «Une batean txiki edo indarrik gabe agertzeak ez du esan nahi galdu egin duzula, baizik eta jarraitzeko indar handiagoa behar duzula». Barkosen irudiko, haustura gogorra izanagatik, legealdi haren amaierarako bideratuta zegoen egoera: «Une hartan, egoera mingarria zen, baina min hura desagertu da».
Mende laurden batez, UPNk PSNren babesarekin gobernatu ostean, betierekoa zirudien aliantza hori 2015ean hautsi zen. Faktore ugarik eragin zuten aldaketa hartan, baina, Hualderen ustez, «funtsezkoa izan zen Geroa Bai hor egotea eta Uxue Barkos hautagai izatea». Martinezek gogoan du legealdi hartako bere estreinako diskurtsoa: «'Azkenik bagara, azkenik existitzen gara'. Esaldi hark eskuina amorrarazi zuen, baina hori izan da gure lorpen handienetako bat: abertzale bat gobernuko lehendakaritzara eramatea eta Miguel Sanzen gaztatxoen teoria [eskuinaren eta PSNren arteko nagusitasuna] amaiaraztea». Geroa Baiko kideen esanetan, sei urteotan bake eta bizikidetza zuzendaritza eratu da, euskararen aurkako politikei buelta emateko pausoak eman dira, autogobernua bultzatu da...
2019an, «beste mugarri bat»
2019an, lehendakaritza galdu zuen Geroa Baik, baina, Barkosen esanetan, «beste mugarri bat izan da» PSN UPNtik aldentzea, beste alderdiekin elkar ulertzeko dinamika batean sartzea eta EH Bilduri betoa kentzea. Geroa Baik gobernu horretan sartzearen aldeko apustua egin du, eta, erabaki egokia izan dela uste badute ere, badituzte desadostasunak; adibidez, euskararen arloan; eta autogobernuaren auzian: «Gure ardatzetako bat da Nafarroa subjektu politikoa dela aldarrikatzea, eta gizartearen interesak defenditzeko orduan, alderdi nagusiarekin kontraesanak azaltzen direnean, askotan ausardia pittin bat falta zaie», dio Barkosek. «Apustua sendoa da, baina PSNk baditu iraganeko tik keinu horiek. Erne egon behar dugu», dio Hualdek.
Etorkizunera begira, Geroa Bai sendotzea dute helburu. Koalizio barruan, alderdi baten egitura eman nahi izan diete EAJkoak ez diren beste eremuei —Zabaltzen taldea eta independenteak—, eta Geroa Sozialberdeak alderdia antolatu dute azken urtean. «Gure historia alderantzizkoa izan da: lehenik, kudeatu egin dugu, eta, ondotik, teorizatu», azaldu du Barkosek. Gaineratu du egitura horren beste erronketako bat dela alderdia lurralde osora hedatzea, eta «beharrezkotzat» jo du ideologikoki proiektua garatzea ere. Martinezek aldarrikatu du Geroa Bai garrantzitsua izango dela aurrera begira ere: «Iruñeko Udalean bezala, indarra galtzen dugunean joerak muturrera joaten dira, eta hori beti izaten da indar abertzale eta aurrerakoien kaltetan. Gero eta argiago dut».
Normaltasunaren lorratza
Geroa Baik koalizioa sortu zeneko 10. urteurrena ospatuko du gaur, Iruñeko Baluarte jauregian. Gogoeta egin dute iraganeko ibilbideaz, gaur egungo egoeraz eta erronkez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu