ANGEL OIARBIDE (GURE ESKU DAGO-KO BOZERAMAILEA)

"Normaltasunaren espazioa ireki dugu, eta dimentsio bat hartu du ekimenak"

Aurreko igandeko herri galdeketei garrantzi kualitatibo handia eman die Angel Oiarbidek, jendeak "normaltasunez" hartu zuelako parte. Funtsezkoa deritzo jarrera aktibo bat izateari, eta instituzioei dei egin die bidea herritarrekin batera egitera. [youtube]https://youtu.be/4U0MXD--a0w[/youtube]

enekoitz esnaola
2016ko ekainaren 12a
10:43
Entzun

Gaur zortziko 34 herri galdeketen olatua pasatu den arren, Angel Oiarbide (Beasain, 1974) Gure Esku Dago-ko bozeramaileak aste honetan ere ez du atsedenik izan. Hedabide askorekin egon da balantzea gizarteratzeko, eta herrietan erabakitzeko eskubidearen alde lanean jarraitu du, dela hitzaldiak ematen, dela galdeketa berriei buruzko azalpenak ematen. Idiazabalen hartu du BERRIA.

Zerekin geratu zara joan den igandeko herri galdeketetatik?

Normaltasunarekin. Sentitu egin genuen normaltasuna. Orain dela urte batzuk ez genuen pentsatzen halako gai batean normaltasuna sentituko genukeenik. Orduan, sentsazioa da konkistatzen hasi garela normaltasunaren terrenoa. Ikaragarria da hori.

34 herrietako parte hartzea, batez beste, %29,36koa izan zen. Gustura al da Gure Esku Dago?

Gehiago begiratzen diogu arlo kualitatiboari, lehen esandakoagatik, eta erabakitzeko eskubidearen mezua gizarteratu dugulako. Datuari erreparatuta, ordea: %29,36ko parte hartzea gehien baloratuko dutenak instituzioak, alderdi politikoak eta estratega politikoak izango dira, ziur.

Zergatik?

Haiek badakitelako zenbat kostatzen den hauteskundeak edo galdeketak antolatzea, hautetsontziak jartzea. Ederki dakite zenbateko azpiegitura behar den herritarren eskura botopaperak jartzeko, zenbat giza baliabide, gehitu horri segurtasun arloa, komunikazioa, teknikoa, eta aurrekontua, oro har; eta, hala ere, abstentzioa izaten da. Gurea ez da instituzio bat, herri dinamika bat baizik, eta baliabide urriak ditugu, batez ere ekonomikoak. Gainera, kontuan hartu behar zen galdeketa hauen ondorioz ez zela udal edo gobernu bat hautatuko, edo emaitza ez zela juridikoki bete beharrekoa. Hala ere, ia hirutik batek parte hartu zuen, eta esan daiteke eztabaida hau jende gehiagorengana heldu dela.

Zehazten baduzu hori...

34 herrietan egon da erabakitzeko eskubidearen eta galdeketen gaia, gero %30ek parte hartu zuten arren. Jendea ikusten genuen euskal estatuaz hizketan, kanpainan parte hartzen eta abar.

%70eko abstentzioa egon da. Galdeketen aurkako korronte sozial bat nabaritu al duzue?

Herritarren aldetik kontrako mezurik ez zaigu iritsi, eta hori ere bada lorpen bat. Terrenoa irabazten ari gara. Ez dezagun ahaztu: Gure Esku Dago oraintxe dela hiru urte baino ez genuen sortu.

Euskal estatuaren aurka jende gutxik bozkatu du: %3,76k, 1.385 lagunek. Zergatik ez da jende gehiago animatu?

Aurrera begira lantzeko gai bat da, haietako gehiagok parte hartzeko. Baina ez nuke esango tokian-tokian ez dutenik bizi edo ezagutu izan erabakitzeko eskubidearen eta galdeketen gai hau. Ziur haiek ere euren etorkizuna erabakitzeko parte hartu nahiko dutela biharko egunean. Baldintzak eta kontzientziazioa ereitea da gure lana. Baina ez bakarrik euskal estatuaren kontra daudenak animatzeko. Jendeak pentsatu behar du erabakitzeko eskubidearen gauzatzea denon kontu bat dela. Norberak sinistu behar du hori, jarrera aldatuta, etorkizunaren protagonista sentitzeko. Hori barneratua duen herri baten norabidea ezberdina izango da.

Goierriko bost herri nagusietako parte hartzea %13 eta %22 artekoa izan zen, batez bestekotik behera. Debagoienean, Arrasaten, %23koa; han ere azpitik.

Herri txikietatik handiagokoetara bada aldea parte hartzea sustatzerakoan ere. Izan ere, herri txiki bat saretutako komunitate bat da, eta, tekla gutxi ukituta, errazagoa da jendearengana iristea.

Azpeitian, ordea, %39,38ko parte hartzea izan zen, eta ez da herri txikia; 34 kontsultetako handienetan hirugarrena.

Segur aski, komunitatea saretuago dagoelako han. Antzeko beste herri batzuetan atomizazio handiagoa dago. Baina aitortu behar da herri batzuetan parte hartze aldetik gabezia batzuk izan zirela. Lanketa bat egin beharko dugu, sakontze bat. Hurrengo galdeketa sorta handirako badaukagu astia.

"Normaltasuna" aipatu duzu lehen. Zer gehiago azpimarratuko zenuke?

Aldaketa politiko bat ekarri dute galdeketek, eta, batik bat, mentalitate aldetik gertatu da aldaketa bat. Igandean 125.000 biztanle pasa zeuden deituta. Herritarrek ekimena hartu dute.

Hau hasiera baino ez dela esaten duzue.

Hau prozesu baten hasiera da. Galdeketa egunean ez da ezer bukatzen. Perspektiba bat izan behar da gauzak aztertzeko: nola geunden orain dela hiru urte —Gure Esku Dago sortzean—, nola geunden aurretik, nola gauden orain, nora goazen...

Ondo kokatua al dago Gure Esku Dago? Indar posizio batean?

Talaia batean kokatu gara, eta dudarik ez dugu aurretik tontor handiagoak dauzkagula. Baina orain, behintzat, bagaude tontor edo talaia batean, eta ikusteko moduan gaude atzean zenbaterainoko beldurrak utzi ditugun. Jakitun ginen demokratizazioaren bide hau ez zela erraza izango. Normaltasunaren espazioa irekitzea lortu dugu, dimentsio handi bat hartu du ekimen honek, eta dagoeneko aukerak ikusten ditugu, ez beldurrak. Ez da fede kontu bat izan; hau guztia posible izan da herritarrok zain egon gabe pausoak ematen hasi garelako.

Nolako abiaduran zoazte?

Batzuek esaten digute azkarregi goazela; beste batzuek, motelegi goazela. Erlatiboa da. Gu eskualde eta udalerri bakoitzera ari gara egokitzen. Izan ere, barneratua dugu helburua bezain garrantzitsua dela bidea.

Zenbat galdeketa egingo dira datorren urtean?

Oraindik ez dakigu ekainaren 5ak sortutako eragina zenbatekoa izan daitekeen. Aurreko igandearen aurretik 68 udalerrik esana ziguten galdeketa antolatuko dutela 2017an. Aste honetan beste herri batzuetako jendeak ere agertu digu asmoa galdeketa egiteko. Ilusio bat sortu da, eta ilusioa kutsakorra da. Datorren urteak gainditu egingo gaitu.

2018an ere izango al dira?

Gure aurreikuspenen arabera, bai. Eskura prozesuan esan genuen Gure Esku Dago-k iraungitze data bat behar duela, ez baitugu erabakitzeko eskubidearen gaia txikle bat bezala luzatu nahi. Guk jarritako muga edo lan erreferentzia 2018-2019koa da, Hego Euskal Herriko orduko hauteskunde aroaren aurreko garaia. Ordura bitartean ahal den herritar gehienen borondatea azalaraztea dugu helburu.

Zuhurtziaz ere jokatu nahi al duzue? 2014an giza kate erraldoi bat osatzea lortu zenuten, baina iaz bost hiriburutako ekitaldietan ez zen parte hartzeko aurreikuspena bete. 

Gure helburua ez da makroa, mikroa baizik. Bai, 2014an ekitaldi nazional bat antolatu genuen, Iruñe eta Durango arteko giza katea, baina iaz herrialdeetara jaitsi ginen, estadioetako-eta ekitaldiak prestatuta, eta aurten udalerrietara jaitsi gara, herri galdeketekin —esan behar da 2014an izan zirela beste bi galdeketa: Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan—. Euskal Herriko hiru milioi biztanleak dira gure helburu, norbanako bakoitzarengana heldu nahi dugu, tokian tokiko prozesuaren bidez eta sentsibilitate desberdineko jendea elkarrekin lanean jarriz. Ekitaldi nazionalak etorriko dira berriz ere, baina, orain, tokiko dinamika horretan sakonduko dugu. Oraindik asko daukagu jaitsi beharra norbanakoengana.

Gure Esku Dago sortzean aurreikusten al zenuten hiru urtera lehenengo galdeketa sorta bat egongo zela?

Iragarri genuen Gure Esku Dago ez zela sortu erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko bakarrik, baizik eta aldarrikatzetik gauzatzerako trantsizio lana egiteko sortu zela. Baina bagenuen galdeketak antolatu aurreko lanik; adibidez, antolaketa protokoloa egitea. Egin genuen, hainbat juristaren-eta laguntzarekin. Orain izan da lehen galdeketa sorta, eta etorriko dira gehiago. Toki bakoitza egoera desberdinean egon arren, garrantzitsuena da denon artean norabide bat diseinatua dugula. Erabakiaren aroan gaude.

"Euskal eredua" sortzera jo behar dela esan zenuen aurreko igandean Beasainen, galdeketen lehen balorazioan.

Intentzio bat izanik, askotan lotu nahi izan gaituzte Kataluniako ereduarekin. Hangoa prozesu independentista bat da, eta Gure Esku Dago-ren proiektua ez da hori. Nahiz eta hemen ere galdeketekin hasi garen, Kataluniakoa ez da gure eredua, ezta Eskoziakoa ere. Bietatik ikaragarri daukagu ikasteko, baina gure ereduak euskal eredua izan behar du, geure errealitatera egokita. Egiteko dago.

"Gure" esaten duzunean, zein lurralderi buruz ari zara? Iparraldean, kasurako, badago zuek hainbeste azpimarratzen duzuen kultura politikoa, eta diote gizartearen nahia eta erabakia gauzatzen ari direla.

Gu esaten dugunean, euskal herritar guztiez ari gara. Iparraldetik asko dugu ikasteko, horrek hartu baitu forma bat. Hegoaldean falta da hori.

Herri galdeketak sustatzen ari zarete, kontsultek izango dute bukaera bat urte gutxira, baina ordurako beharko litzateke proiektu politikorik, ala?

Galdeketen bidez akuilu lana egiten da. Kontsulten atzean ez dago proiektu bat ezkutatua. Hemen dagoena da herritarrek erabakitzeko eta prozesu baten parte izateko borondatea agertzen dutela. Eta garbi dago herritarren parte hartzerik gabe nekez azalduko direla proiektu politikoak.

Ezein proiekturako Gure Esku Dago-ren ezinbesteko baldintza izango al litzateke bertako herritarrek erreferendum bidez erabakitakoa betetzea?

Dudarik gabe. Barneratzen ari gara erabakia hemengoa izan behar dela, herritarrok erabakiko dugula. Eta guk beti esan izan dugu instituzioak eta herri dinamikak talde bereko kideak garela, biok ere beharrezkoak garela.

Eusko Legebiltzarrak erabakitako 2004ko estatutua edota 2008ko Kontsulta Legea ez ziren bete, Madrilen ukazioagatik.

Biharko egunean estatus politiko berri bat onartzen bada, herritarren borondatea jaso beharko du, gero, kasu batzuetan, instituzioek herritarrak gertu izateko. Bestela, zaila izango da proiektuak aurrera egitea. Beraz, nahitaezkoa izango da hemengo ordezkari instituzionalak eta herritarrak uztarri beretik tiraka aritzea.

Aktibazio sozial bat izateko lanean ari zarete galdeketen bidez. Nola ikusten dituzu politikariak eta instituzioak?

Ordezkari instituzionalak-eta, herritarron isla dira. Instituzioen jarrera herritarron isla da. Gure Esku Dago ez zen sortu inoren kontra egiteko edo inoren agendan sartzeko; herritarren jarrera aktibo bat sustatzeko sortu ginen, eta uste dugu horrek ordezkariengan izango duela isla bat.

Baina lider instituzionalak ere ez al dira behar prozesu baterako? Begira Eskozian Salmond; hark sustatu eta lideratu zuen prozesu independentista.

Dudarik ez liderrak ere behar direla. Hor dago Ibarretxeren kasua ere. Gizarteak, agian bere garaian ez bezala, lidertzat du gaur egun. Hark tira egin zuen, baina atzean ez zeukan babes bat. Desoreka bat zegoen. Oreka bat lortzea da gure helburua. Hori bai, gizarte zibilak liderrak ateratzea ere proboka lezake. Hor Artur Masen kasua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.