Kutsadura

«Normaltasuna» dioxinen azken analisietan

Osasun Sailak azaldu du Zaldibarko sutea itzali zenetik dioxinen eta furanoen maila «nabarmen» murriztu dela

Osasun eta Ingurumen Saileko teknikariak, Ermuan, azalpenak ematen. LUIS JAUREGIALTZO - FOKU
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 27a
18:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi ditu Zaldibarko zabortegiaren inguruko herrietan egindako dioxina eta furano azterketen emaitzak. Sailaren arabera, maila«nabarmen» murriztu da, eta «hiri eremuetan ohikoak» diren mailetan daude.

Aire laginak CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiaren laborategira bidaltzen dituzte, eta lauzpabost egun behar dituzte laginak aztertu eta emaitzak jakinarazteko. Horregatik, orain otsailaren 17tik 21era arteko emaitzak plazaratu dituzte.

Datu horien arabera, nabarmena da dioxina eta furano maila asko murriztu dela. Kopururik handienak otsailaren 18an topatu zituzten: 463 femtogramo metro kubiko bakoitzeko Zaldibarko Eitzaga auzoan, 358 Eibarren, eta 221 Ermuko Sallabente auzoan. Gogoratu behar da Osasun Sailak leihoak ez irekitzeko eta kirolik ez egiteko aholkua eman zuenean 719 femtogramo aurkitu zituztela Sallabenten egindako neurketan.

Otsailaren 19an, baina, zabortegian piztutako sua amatatzea lortu zuten, eta horrek ekarri zuen dioxina eta furano mailak behera egitea: 25 femtogramo Sallabenten, 16 Eibarren, eta 18 Eitzagan. Otsailaren 20an sutea berriro piztu zen, eta, horren ondorioz, dioxina eta furano mailak ere berriro egin zuen gora, baina ez modu esanguratsuan: Sallabenten, esaterako, 77 femtogramo aurkitu zituzten metro kubiko bakoitzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.