Datorren astean zain duen lan eskergak urduritasuna eragiten dio Lurdes Auzmendiri (Ataun, Gipuzkoa, 1956), baina, hori aipatzean, ilusioa antzematen zaio ahotsean eta aurpegian. BERRIAri tarte bat egin, eta luze eta zabal aritu da egun euskaldunen kezka diren hainbat gairi buruz.
Jaurlaritzak 3,5 milioi euro urritu ditu inbertsioak hizkuntza politikan.
Krisiak jota gaude denok, eta, tamalez, ez dio inork ihes egiten. Jada ez da borondatezko kontu bat; sakrifizioak egitea guztioi ari zaigu tokatzen, eta sakrifizio horien barruan dago euskalgintza. Krisian sartzen hasi ginenean, esan nuen mundu osoak solidario izan behar zuela, eta gauza bera pentsatzen jarraitzen dut.
Dena den, Jaurlaritza ez damozketarik gehienak egiten ari dena. Aurrekontuak aspalditxo onartu genituen, eta kontu alaiagoekin zebiltzan beste batzuei ere iristen ari zaie ordua: adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak %17ko mozketa egin behar izan du IKTen deialdian, eta gure mozketak horren oso azpitik doaz. Mozketak ez dira orain garrantzitsuena, baizik eta daukagunarekin eutsi ahal izatea, euskararen berreskuratzean eta normalizazioan etenik ez egitea. Proiektu batzuk eten daitezke, baina ez dezagula ezer funtsezkorik gelditu.
Hedabideei eragin die jaitsierak; %11 egin dute behera laguntzek. Hedabideak ez al dira estrategikoak hizkuntz normalizazioan?
Euskararen garapen maila, besteak beste, euskarazko hedabideei esker lortu dugu. Euskarazko hedabide bikainak behar ditugu, normalizazioan jarrai dezagun. Garai berrietara egokituz joan beharra dago, eta hedabideak estrategikoak dira.
Nafarroako Gobernuaren murrizketek hainbat hedabide itxiarazi dituzte. Hori gertatuko al da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoakoekin ere?
Arnasa indartsu hartu genuen garai batean; IKTetan, hedabideetan eta abarretan presentzia behar genuen, eta dirua zegoenean jarri genuen martxan hori guztia. Beharrezkoa al da Gipuzkoan 27 herri aldizkariri eustea? Ez da nahitaezkoa. Kalitatezko medioak behar ditugu, eta behar dugu euskararen presentzia indartsu bat hedabide guztietan, baina horretarako ez da nahitaezkoa dugun guztia. Beste era batera antolatzeko esan diogu sektoreari, eta ulertu dute. Horretan ari dira, eta espero dut 2013rako beste panorama bat edukitzea. Denbora daramagu euskalgintzan elkarlanean aurkeztutako proiektuak lehenesten. Herri eta auzo bakoitzak ezin du bere ekimenekin jarraitu; ez gara horrenbeste.
Euskalgintzako hainbat eragilek kezkagarritzat jo dute egoera. Zer esango zenieke?
Ez dudala uste Jaurlaritzaren mozketengatik inor kolokan jartzen dugunik. Beste gauza bat da erabaki behar izatea zer den lehentasun eta zer ez. Etxe guztietan daude gauza garrantzitsuak, eta hain garrantzitsuak ez direnak. Min handia ematen digu hori erabaki beharrak, baina egin daiteke saio hori; egin behar dugu. Gizarteak asko eskertuko digu. Eredu izan behar dugu horretan ere.
Helduak alfabetatzeko diruak ere behera egin du. Nola sustatu helduen alfabetatzea bekak kenduta?
Ez ditugu euskara ikasteko bekak jaitsi, titulu bat lortzeagatik emandako sariak baizik. Guztiz nahitaezkoak dira euskaltegiak, herritarrek izan dezaten aukeraeuskara ikasteko, eta prozesu horretan ordaindu beharreko dirua lagundua egon dadin. Mozketak pentsatu behar izan genituenean, ez genuen zalantzarik izan; garai oparoetako kontua zen sari hura. 2012ko aurrekontuetan ez dugu euro bat ere murriztu euskaltegi publikoen eta pribatuen laguntza; hori izan da gure erronka.
Zer-nolako harremanak dituzue Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Nafarroarekin?
Iparraldekoekin jario oso handiko harremana dugu, eta horiei ere tokatu zaie laguntza gutxiago jasotzea. Pena handiz. Ongi ari dira lanean, adostasun handiarekin eta baliabide gutxirekin. Aurrera jarraitzen dute kementsu, mozketak mozketa. Etorriko da eguna haien baliabideekin bakarrik bidean aurrera egitekoa, baina laguntza behar duten bitartean ondoan izango gaituzte.
Nafarroarekin harremanetan gaude, eta aurrera dezaket laster lankidetza akordio bat egingo dugula Euskarabidearekin.
Zein asmo duzue gerora? Zein gai edo neurri daude Hizkutza Politikarako Sailburuordetzaren agendan?
Euskara 21 itunaren azken iradokizuna da euskara biziberritzeko planak ibilbidea bukatzen duenerako plan berri bat abian jartzea. Horrek markatu du euskararen normalizaziorako bidea azken urteotan, eta plan berri bat egiten ari gara, Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana. Marko orokorra erabakita dago, eta ekintzekin ari gara orain. 2013rako indarrean egotea da gure asmoa.
Ele biz egiten ez duten saltokiei isunik ez jartzea onartu du Legebiltzarrak. Zer deritzozu?
Ez dugu zigorrik edo isunik nahi. Oraindik euskararen normalizazioaren bidean gauden puntuan egonda, ezin dugu jendea zigortu. Konbentzitu behar dugu, euskara erakargarri egin, jendea irabazi. Denok nahi genuke askoz hobeto egon, baina ez dezagun ahaztu nondik gatozen. Bizkorrago joateak ez digu bermatzen helburua lehenago lortzea. Jarraitzen dugu lan eta merkataritza munduak animatzen euskararen presentzia areagotu dezaten, benetako garrantzia eman diezaioten. Izango dugu etorkizun hobea, baina ez gaitezen azkarregi joan; isunik ez, erakarri egin behar dugu jende hori euskararen kausara.
Ez al ditu urratzen euskaldunen eskubideak?
Ez nago hain seguru. Beti egongo da axolagaberen bat, baina harentzat okerrago. Ez da sekula isunik egon, eta, halere, enpresa asko izugarrizko lana egiten ari dira. Isunek ere ez dute bermatzen jendeak gauzak hobeto egitea. Zirkulazioan, esaterako, isunak jartzen dira, baina askok ez dute ikasten.
Zure adibidearekin jarraituz, beste askok urrats hori egiten dute isunik ez ordaintzearren.
Baten batzuek, baina ziur nago gutxiengoa direla. Lan munduan ditugun harremanen arabera, euskararen erabilerak onurak eragiten badizkie, ez izan zalantzarik euskaraz ere emango dituztela produktu edo zerbitzuak. Hori ikusarazi behar diegu.
%13 langile publikok frogatu zuten 2010ean euskara gaitasuna. Kopuru horrekin nola bermatu euskaldunen eskubideak?
Gero eta langile gutxiagok frogatu behar dute, zorionez, hizkuntza gaitasuna, gero eta gehiago baitira hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetara sartu direnak. Jaurlaritzako langileen ia lautik hiruk dute hizkuntza eskakizuna. Kontua da administrazioan garrantzi handiagoa eman zaiola hizkuntz eskakizunari, ele biz lan egiteko sistema bat zehazteari baino.
Osakidetzako iazko oposizioetan murriztu egin zen euskararen garrantzia, azterketa eredua aldatuta.
Azterketa eredua aldatu da; ez euskararen pisua. Gero eta jende gehiago aurkezten da, zorionez, euskaraz dakiena. Dena den, Osakidetza medikuek, erizainek eta administrazioko langileek osatzen dute, eta ezin dira konparatu. Administraziokoen artean askoz handiagoa da euskaraz dakitenen portzentajea. Gero eta erizain gehiago daude bi hizkuntzetan prestatuak. Sendagileekin dugu arazoa, EHUtik ez direlako sendagile asko ateratzen, eta euskara dakitenen ehunekoa txikia delako. Gabezia dugu, hizkuntza eskakizunekin konpontzen ez dena.
Bengoak berak esan zuen «azkarregi» doala Osakidetza euskalduntzeko prozesua. Bat zatoz?
Ez nuke esango azkarregi doanik. Osakidetzarako hizkuntza eskakizunak administraziorakoak bezalaxe daude diseinatuta, eta ez dira berdinak. Osakidetzan, garrantzitsuagoa da hizkuntzaren alderdi komunikatzailea, ahozkoaren erabilera, eta ez hainbeste idatzizkoa, baina hori ez da bereizten. Guztientzako ez da beharrezkoa ezagutza maila bera.
Euskaraz ikasi dutenei tituluak emateko dekretua egiten ari zarete.
Ez dute agiririk eskuratuko. DBH, batxilergoa eta unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenei lehen, bigarren eta EGA mailak aitortuko zaizkie. Horrek esan nahi du haien espedientean agertuko dela zenbat kreditu egin dituzten euskaraz, eta, horren arabera, salbuetsita egongo direla titulu bat aurkeztetik.
Esan digute jende horren euskara maila ez dagoela bermatua; ezin dugu inondik ere hori onartu. Euskal hezkuntza sisteman konfiantza gehiago eduki beharrean gaude. Euskal hezkuntza sistemak heldua da.
Eskola Kontseiluak esan zuen D ereduko ikasle askok ere euskara gaitasun urria dutela.
Ikasleek ikasgaiak gainditzen badituzte, ezin dut zalantzan jarri irakasleen gaitasuna; are gutxiago ikasleena. Hezkuntzan ere badituzte indartu beharreko puntuak, baina horrek ez du esan nahi maila hori ez denik lortzen. Dekretuan jasotakoa oso ondo aztertuta hartutako erabakia da.
Inkesta soziolinguistikoaren emaitzak plazaratuko dituzue laster. Emaitzarik aurreratu al dezakezu? Zer deritzozu emaitzei?
Martxoaren 7an aurkeztuko ditugu EAEri dagozkion datuak, eta eman dezakedan datu bakarra da %2 egin duela gora jakite mailak. Espero genuena zen, hori baitzen inkesta egin baino lehen aurreikusten genuena, eta iragarpenak bete dira.
Itzultzaile automatiko bat aurkeztuko duzue datorren astean. Zertan datza? Noiz izango da erabilgarri?
Beste hainbat hizkuntzatan dauden bezalakoa da. Gazteleratik euskararakoa da datorren astean aurkeztuko dugun lehenengoa, eta, adibidez, webguneak itzuliko ditu. Hasieran akatsak izango ditu, urteak daramatzaten sistemek bezala, baina erabiltzearekin batera, gutxitzen joango da. Librea, irekia, doakoa eta askea izango da.
[email protected]
Lurdes Auzmendi. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea
«Normalizazioari dugunarekin eustea da garrantzitsuena»
Eusko Jaurlaritzaren murrizketek egoera larrian utzi dituztela salatu dute euskalgintzako eragile ugarik. Lurdes Auzmendi ez dator bat, eta lehentasunak zehaztearen alde egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu