Normalizazio politikorako eragileak batzeko konpromisoa hartu du Bilduk

Diputaziora iritsitakoan, normalizazio politikoa lortzea eta krisia gainditzea izango dira koalizioaren xedeak

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gutxienez bi gaitan «lehen mailako eragilea» izan behar du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilduren irudiko. Normalizazio politikoa da gai horietako bat: «Lehen lerroan egon eta bere ekarpena bideratu behar du, egun daukagun eta galtzen utzi behar ez dugun aukera historikoa gauzatzeko helburuarekin». Bigarren gaia langabezia da: «Gure lehentasuna herrialdean dauden 46.000 langabeei irteera bat ematea eta langileriaren eskubideei babesa bermatzea izango da». Noski, diputazioaren lehentasun horiek Bildurenak dira, koalizioak ez baitu dudarik bere esku geldituko dela Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gipuzkoako gizarte eragileen aurrean hitzaldia eman zuen atzo Martin Garitano ahaldungai nagusiak, Kursaalean. Bilduk aldundira iristen bada zein helburu eta lehentasun izango dituen azaldu zien, eta mokadutxoa hartu zuten gero. Euskalgintzako eragileak han izan ziren: Edurne Brouard, Mertxe Mujika, Paul Bilbao eta Xabier Isasi, besteak beste. Joanmari Larrarte joan zen BERRIA taldetik; Gorka Altuna Gara editatzen duen enpresatik, EHKEtik; eta Pablo Muñoz Noticias taldetik. Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakaria ere han izan zen, baita Paul Rios Lokarriko koordinatzailea ere. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak, LABekoak eta enpresa mundukoak. Ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Joseba Permach, besteen artean; EAtik Pello Urizar idazkari nagusia eta Esther Larrañaga sailburu ohia, eta Alternatibatik Amaia Agirresarobe. Donostiako Bilduko kideak ere izan ziren, Juan Karlos Izagirre alkategaia buru zutela.

«Itxaropen eta ilusio» garaia dela azpimarratu zuen Garitanok, eta konpromisoa hartu zuen «ekimena hartu eta bake eta normalizazio politikoa lortzeko, indar politiko eta sozial guztiak batzeko». Erabakitzeko eskubidea errespetatu behar dela azpimarratu zuen, eta pertsona guztiek eta proiektu politiko guztiek parte hartu behar dutela eztabaidan eta erabakiak hartzen. Hala, eskubide zibil eta politiko guztiak pertsona orori errespetatzeko lan egingo dutela jakinarazi zuen. Bide horretan indarkeria ekintzen «baldintzarik gabeko amaiera» eskatzen dutela berretsi du Garitanok, «arrazoi politikoengatik eta beren jardueragatik pertsonei egiten zaizkien mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak barne».

Nahi dutena «sakoneko aldaketa instituzionala» dela azaldu zuen. Gipuzkoaren kudeaketan eragileek eta herritarrek protagonista izan behar dutela, eta herrialdeko eragile guztien arteko akordioak lortzen saiatuko direla.

Langabezia gainditzeko, bestalde, lan eremu berriak bultzatu behar direla azaldu zuen Garitanok eragileen aurrean. Non ekin ere badela uste du: «Zerbitzu sozialetan eta energia berriztagarrietan, adibidez». Lana hobeto banatu behar dela defendatu zuen, autoenpleguko formulak garatu behar direla eta enpresa txiki eta ertainak babestu behar direla. Horretarako, «garapen ekonomikoan inplikatuta dauden agente guztiak bilduko dituen parte hartzeko espazio bat» sortzearen alde daude.

Ongizate estatua mantentzearen alde ere egin du koalizioak: «Krisi ekonomikotik ateratzearen eta ongizate estatua mantentzearen arteko dikotomia gainditu nahi dugu». Izan ere, «inbertsio gisa» ulertzen dute ongizate estatua. Bide horretan aldatu nahi dute zerga politika ere. Lehentasuna izango dute «krisi ekonomikotik ongizate estatuaren garapenaren bidez eta Gipuzkoako herritar guztien eskubideak indartuz ateratzea».

Gipuzkoan azken urteetan aurrera eraman den garapen eredua berraztertzeko premia ere ikusten du Bilduk. Eztabaida hori gizarte osora zabaldu behar dela esan zuen Garitanok, eta, horretarako, parte hartzerako mekanismoak eta erabakiak hartzeko erreferendumak egin behar direla. Adibidez, errausteko plantaren kasuan horixe egingo dutela jakinarazi zuen.

EAJ ez da oposizioan ikusten

Markel Olano Gipuzkoako jarduneko ahaldun nagusiak, Diario Vasco egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, ziurtatu du hautagaitza aurkezteko asmoa duela.Bi hipotesi daudela: berriro ere ahaldun nagusi izendatzea edo bestela, oposiziora pasatzea. EAJren hautagaiak esan du oraindik ez dela oposizioan ikusten.

Onartu egin du orain PSErekin eta PPrekin akordioa egitea zail dagoela, Bildu baztertzeko akordio orokor bat egin nahi dutelako. «Bazterketaren estrategia amaituta dago, eta indar asko galdu du ezker abertzalea instituzioetara itzuli zenetik. Gizartean ez du inongo zilegitasunik».

Larunbatean, hilaren 11n, osatuko dira udal gobernuak, eta hortik aurrera egoera argitzen joango dela deritzo. Haren ustez, elkarrizketaren faseak bete behar dira zer gertatuko den aurreratu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.