Mari Fe Calderon. Bartzelonako Udaleko Immigrazio teknikaria

«Nork pentsa dezake krisia etorkinek eragin dutela eta ez bankuek?»

Etorkinen inguruko aurreiritziek bazterketa eta gizartean haustura eragiten dutela uste du Mari Fe Calderonek. Hori ez gertatzeko lanean ari da, eta bere lana azaldu du Donostian.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Gezur bat mila aldiz errepikatu izanagatik ez dela egia bihurtzen esan ohi da. Etorkinen inguruan bada hamaika uste, eta horiek desegiteko lanean ari da Mari Fe Calderon (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1968). Etorkinen inguruko zurrumurruei eta mitoei aurre egiteko sare bat osatu du Bartzelonako Udalak, eta hango esperientziaren berri eman du Calderonek Donostian, Euskal Herriko Unibertsitateak immigrazioaren inguruko aurreiritziez antolatutako mintegi batean.

Zertan datza Bartzelonako Udalaren estrategia?

Bartzelonako Udalak nabaritu du immigrazioari buruzko gezurrezko usteek min handia egiten dutela, elkarbizitzan arazoak sortzen dituztela. Hain zuzen, elkarbizitzarena da Bartzelonako Udalari kezka handien sortzen dion arazoetako bat. Elkarbizitzan lagundu nahi du estrategiak, egun Bartzelonan dagoen kultur aniztasuna aintzat hartuta. Uste faltsuen aurkako borroka estrategikoa da elkarbizitza lortzeko.

Zein da gehien errotutako mitoa?

Egiari zor, immigrazioari buruzko uste asko daude errotuta gizartean. Etorkinek gizarte laguntza guztiak eurenganatzen dituztelako ustea da gehien zabaldutakoa, datuak emanagatik ere jende askok pentsatzen baitu horrela. Hori, ordea, gezurra da. Nolanahi ere, hamabi uste faltsu edo zurrumurru antzeman ditugu, eta guztiek dute indar handia; ez dutela integratu nahi, lana kentzen digutela, laguntzak eurenganatzen dituztela, ez dutela katalanez ikasi nahi, gizarte segurantzan kaosa eragiten dutela, zergarik ez dutela ordaintzen...

Gizarte laguntzen inguruko ustea nabarmendu duzu. Nola egiten diozue aurre horri?

Hasiera-hasieratik landu dugu. Power point bat egin, eta herritarren artean zabaldu dugu; galdetzen dugu ea etorkinek gizarte laguntza gehiago dituzten, eta dokumentu horretan bertan erakusten dugu, datuekin, hori ez dela horrela. Zurrumurruen aurka Bartzelonan osatutako sarean parte hartzen ari diren guztiei helarazi diegu lana, horiek ere zabal dezaten. Horrez gain, komiki bat egin dugu, eta uste horren gainekoa da ale bat.

2010ean hasi zineten zurrumurruen aurkako sarea osatzen, eta, ordutik, 500 pertsona inguru hezi dituzue uste horiek amaitzen laguntzeko. Emaitzarik nabaritu al duzue?

Horrelako ekinaldien arazoa da zaila dela emaitzak ebaluatzea, neurtzen zaila dela gure lanaren eragina. Alegia, immigrazioa arazo gisa antzematen dutenen kopurua jaitsi bada, gure lanak ba al du zerikusirik? Edo unean uneko egoera ekonomikoak eragiten ditu iritzi aldaketak? Behintzat nabaritu dugu egitasmo honek interes handia piztu duela herritar batzuengan, eta horrek lanean jarraitzera animatzen gaitu.

Krisi garaian gora egiten al dute estereotipoek?

Baliabideak eskuratzeko lehia areagotzen du krisi ekonomikoak. Pobreziaz ari gara. Inork ez du Messi, argentinarra izanik, etorkin gisa ikusten; etorkin mota batez ari gara: immigrazio ekonomikoaz. Diskurtso hori gizarteko sektore batzuetan barneratzea oso erraza da; hain zuzen, behar ekonomikoak dituzten sektoreen artean.

Desegin ezazu beste mito bat: «Gaizkile batzuk dira».

Delinkuentziaren inguruko beste power point bat ere zabaldu dugu, eta, bertan adierazten denez, espetxean dauden etorkinen batez bestekoa handiagoa da hortik kanpo daudenena baino. Hori azaltzeko, bi faktore daude; batetik, kartzelak behartsuz beteta daude, eta etorkinak dira behartsu gehienak. Bestetik, frogatutzat dugu Poliziak sarri biktimizatu egiten dituela etorkin ugari, soilik horien fisionomiari erreparatuta jarduten dutela. Bazterketa negatiboa egiten dute. Gainera, espetxean dauden etorkin asko ez daude delinkuentzia kasuengatik, falta administratiboengatik baizik —kalean saltzen aritzeagatik, adibidez—.

Ikuspegik plazaratu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehun herritarretik batek uste du immigrazioa arazo nagusia dela. Zer diozu?

Harrigarria iruditzen zait hain gutxi izatea, baina, nire usteen arabera, harrigarria egiten zait norbaitek immigrazioa arazo gisa ikustea. Etorkinak arazotzat jotzea haluzinazio bat da. Zein arazo sor diezaguke immigrazioak? Egungo krisi egoerari so eginda, nork pentsa dezake krisia etorkinek sortzen dutela eta ez bankuek? Hala ere, datu hori pozgarria da. Etorkinen inguruko zurrumurruak ezabatzen laguntzeko eskatuko nieke herritarrei, uste horiek min handia eragiten baitute etorkinengan eta haustura gizartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.