Nork bere salatzailea

Salaketa anonimo batean eta ezezagun batzuek grabaturiko bideo batean oinarritutako bi auziri buruzko epaiak kaleratu dituzte azken asteetan.

jokin sagarzazu
2013ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hil zuen agurea. Ezkutatu zuen gorpua. Polizia azaldu zenean, berak bakarrik entzuten zituen hildakoaren bihotz taupadak ziruditenak. Ezin zuen gehiago. Burua zulatzen zioten soinu misteriotsu horiek. Eta aitortu zuen bera zela hiltzailea. Urduritasunak eraman zuen inor entzuten ez zuena entzutera. Berak zioen ez zegoela gaixo. Zentzumenek engainatu zutela haren kontzientzia, eta, kasu honetan, eraman zutela egia esatera. Bihotz salataria ipuineko protagonista anonimoaren kasua da hori. Edgar Allan Poeren beste protagonista tormentatu bat.

Zer pentsatua ematen du kontakizunak: zein neurritan interesak, nahiak, amorruak, mendeku goseak... zeinahi kontzientzia egoerak eraman dezake inor beste inork entzun edo ikusten ez duena berak bakarrik entzutera edo ikustera? Horrek egia aitortzera eraman zuen ipuineko protagonista. Baina gezurra esatera ere eraman zezakeen. Bi kasu, bi epai. Eta, beste behin, protagonista anonimoak atzean. Edo ez hain anonimoak.

Aurtengo maiatzean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bi zarauztar absolbitu zituen, zeinak aurrez zigortuak izan ziren eta urtebete eman zuten espetxean salaketa anonimo batengatik. Pertsona hark bakarrik entzun zituen zigorraren oinarri izan ziren oihuak. Anonimotasun horretaz baliatu zuen beste batzuen aurkako akusazioa egiteko. Eta akusatuen defentsak ezin izan zuen ikertu nor zen, zer-nolako loturak zituen bere bezeroekin, zerk mugi zezakeen salaketa jartzera... Akusatuen babesgabetasuna salatu zuen. Soilik ahozko epaiketa hastear zela, eta ia ezertarako astirik gabe, jakin zuten, eta soilik abokatuek, nor zen akusazioaren atzean zegoena, holtzaren eta ahots distortsionatu horren atzean ezkutatzen zen pertsona hura.

Auzitegi Nazionalak eta Gorenak ez zuten akusatuen babesgabetasunari buruzko eskaera aintzat hartu; argudiatu zuten, kasu horretan, anonimotasuna gordetzeak bazuela oinarririk, ez hainbeste salatzailea akusatuen errepresalien beldur zelako, baizik eta ETAren jarduna indarrean zelako. Konstituzionalak, baina, ez zuen horrela ikusi, eta akusatuen oinarrizko eskubideak urratu zirela ebatzi zuen: prozesua berme guztiekin burutzeko eskubidea eta errugabetasun presuntzioa. Bertan behera utzi zuen zigorra.

Azaldutakoak 2009. urteko irailaren 26an du jatorria. Zarautzen. Urtero legez, pertsona ugari bildu zen Francoren diktadurapean fusilatutako Txikiri eta Otaegiri omenaldia egiteko. Ekitaldia baimendua bazegoen ere, ertzainek gertutik jarraitu zuten bertan gertatu zen guztia. Ez zen inolako istilurik izan. Bost hilabete geroago, baina, bi zarauztarri salaketa bat iritsi zitzaien etxera. Bere izena anonimotasunean gorde nahi zuen herrikide batek egindako deklarazio batean oinarrituta zegoen: omenaldian pertsona jakin batzuek, izen eta abizenekin, «Gora ETA» eta «Euskadi eta askatasuna» oihukatu zutela zioen. Ekitaldian izan ziren ertzainen atestatuan ez zen halakorik ageri. Ertzaintzak Auzitegi Nazionalari igorri zion informazioa, anonimoak soilik identifikatutakoak «terrorismo goratzegatik» delitu egin zuten edo ez argi zezan.

Eta epaitu zituzten. Eta zigortu. Eta espetxeratu. Harik eta zigor epaia aurtengo maiatzean Konstituzionalak indargabetu zuen. Ebazpenak dio ezin dela frogatutzat eman bi pertsona horiek oihukatu zutela anonimoak esandakoa. Beste lekuko batek antzeko oihuak entzun zituela aitortu bazuen ere inolaz ere ezin zitzaiela pertsona horiei egotzi besteak esandakoa. Salaketa faltsua zela, hortaz. Eta nabarmendu zuen, gainera, nazioarteko jurisprudentzian oinarrituta, salatzaile anonimo baten lekukotzan «soilik» ezin dela horrelako akusaziorik sortu. Baina aurretik egin egin zuten. Eta zigortu zituzten. Eta espetxeratu.

Beste kasuaren sententzia ekain amaierakoa da. Absoluzioa —ez da behin betikoa, Fiskaltzak helegitea jarri baitu—. Josetxo Ibazeta Donostiako Udaleko idazkari ohia eserarazi zuten akusatuen aulkian. Salaketaren oinarrian kalean grabaturiko bideo bat zegoen. Grabatu zutenek komunikabide jakin batzuen esku utzi zuten bideoa lehenik, eta, ondoren, Fiskaltzak akusazioa sortu zuen. «Mehatxu terroristak»: bi urte eta hamar hilabeteko espetxe zigor eskaera.

Ordura arte anonimoak

Bideoa grabatu zutenek, beraz, ez zuten salaketa jarri, aurreko kasuko zarauztarrak bezala. Baina bidea ireki zioten Fiskaltzari kasua Auzitegi Nazionalera eramateko. Kasu honetan, salatzailea ez zen anonimoa, babestutako lekukoa baizik. Ibazetaren defentsak ere salatu zuen haren bezeroaren babesgabetasuna. Soilik ahozko epaiketa hasi zenean jakin zuten bideoaren egileak nortzuk ziren. Bazuten susmoren bat.

Ibazeta dimisioa ematera eraman eta akusatuen aulkian eserarazi zuen gertakaria iazko uztailean jazo zen. Azken Eurokopan Espainiako futbol selekzioaren garaipena ospatzen ari ziren hiru pertsonari «mehatxu terroristak» egitea leporatu zion Fiskaltzak. Baina epaiak dio pertsona horietako bat izan zela Ibazeta xaxatu zuena. Hark ez zuela aurretik inolako probokaziorik egin.

Auzian aztertutako bideoan ageri denez, pertsona horietako batek «etorri hona, gudari» esan ostean hasi zen ika-mika. Lekukoen arabera, ondoren Ibazetak esan zien lau tiro emango zizkiela, eta eskuarekin tiro egiteko keinua egin zien. Baina epaimahaiak ebatzi du hori ezin dela frogatutzat eman; ez dela bideoan azaltzen eta lekukoen azalpenak kontraesankorrak direla. Beraz, mehatxurik ez zela izan ebatzi du; akusazioa faltsua zela. Berriz ere.

Baina epaiak badu beste ezaugarri bat, zarauztarren kasuak ez duena. Bideoa grabatu zuten hiru pertsonen izenak jasotzen ditu, babestutako lekuko gisa deklaratu zuten arren. Eta nabarmentzen du, gainera, Ibazeta ezagutu zezaketela. Zergatik? Gloria Vazquez da horietako bat, Zarauzko PSE-EEko zinegotzia; Iker Azpeitia da bestea, alderdi eta herri bereko udaleko zinegotzi izandakoa; eta Raul Cabello da hirugarrena, alderdi sozialistako militantea. Epaimahaiak izenak ematen ditu —ez ditu identifikatzen babestutako lekukoei jartzen zaien zenbakiaren bidez—, eta izandako kargu publikoak aipatzen ditu. Zergatia ez du azaltzen.

Nolanahi ere, gertatutakoa «taberna giroan» eta «alkoholaren eraginez» jazo zela nabarmentzen du. Kontzientzia egoerak aztoratuak zituzten, nonbait, hiru «akusatzaileek». Horrek eragin omen zuen ika-mika. Epaimahaiak ez du azaltzen, baina, horrek eraman ote zituen bideoa zabaltzera. Salaketarako bidea irekitzera. Salaketa faltsua egitera, epaimahaiak ebatzi duenez.

Bi zarauztarren kasuan, berriz, epaian salatzailearen anonimotasuna gordetzen da. Ez da azaltzen zerk bultzatu zuen edo bultza zezakeen salaketa jartzera. Ibazetaren abokatu Alvaro Reizabalek, baina, Gara egunkarian berriki argitaratu duen artikulu batean utzi du arrastoa. Salatzaile anonimoa Zarauzko beste zinegotzi bat izan zela dio: Patxi Elola.

Loturarik dagoen ez dute argitu epaimahaiek. Ezta lau pertsona horiek zerk eraman zituen salaketak jartzera ere. Baina arestiko ipuinean bezala, epaiek diote batzuek zein besteak inork gehiagok entzun edo ikusi ez zutena entzun eta ikusi zutela. Horrek eraman zituen salaketak jartzera, eta horrexek eraman ditu anonimotasuna galtzera. Zergatik egin zuten argitu behako lukete. Are gehiago kargu publikoak izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.