Ipar Euskal Herriko elkargoa eta euskara. Beste errealitate batzuk

Noren esku dago erabakia?

Euskal Herrian bezala, karrikara atera ziren atzo Bretainian, Okzitanian, Korsikan eta Alsazian ere. Frantziari dei egin zioten, hizkuntz politika publikoak eramateko baliabideak eskatuz. Lurraldeari dagozkion erabakiak herritarrenak direla aldarrikatu dute.

Bretainiako Didab plataformako kideak herri kontsulta bat iragartzen. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez ezik, Frantziaren menpeko estaturik gabeko beste nazioetan ere izan ziren mobilizazioak atzo. Urteak daramatzate elkarlanean, bereziki hizkuntza eta kultura arloko elkarteek. Azken urteetan, mobilizazio bateratuak antolatu dituzte, denen artean Frantziako Gobernua interpelatzeko asmoz.

Egoera eta baliabide ezberdinak ditu lurralde bakoitzak. Beren hizkuntzaren galeraz kezkaturik, hizkuntz politika eraginkorrak eramateko tresnak eskatzen dituzte guziek, eta lurralde egituraren erabakia herritarrena izatea aldarrikatzen dute. Bertako eragile politiko eta kulturaletako kideekin mintzatu da BERRIA.

BRETAINIA

Bi instituziotan banatua da gaur egun Bretainia: Bretainia eskualdea eta Loire-Atlantique departamendua. Mugimendu abertzalearen aspaldiko aldarrikapena da biak eskualde bakarrean batzea.

Lurralde erreformaren ondotik, Philippe Grovalet (PS) Loire-Atlantique departamenduko presidenteak zin egin zuen erreferendum bat antolatuko zuela, lurralde mapa berrian departamendua Bretainiako eskualdeari lotzen ez bazitzaion; baina ez zuen emandako hitza bete. Hori ikusirik, herri kontsultak antolatzeko herritarren plataforma bat sortu zuten 2014ko irailean: Didab elkartea. Mugimendu abertzaletik eratorritako plataforma izanik ere, kolore politiko guzietako jendea inplikatu dute desmartxan.

Jendearengandik «harrera ona» izan dutela badiote ere, oraingoz mobilizazio apala izan da, gehienez ere %20ko parte hartzea izan baitute orain arte egin diren herri kontsultek. Jonathan Guillaume Didab elkarteko bozeramaileak tokiko hedabide nagusien boikota salatu du: «France 3 telebista kateak, adibidez, Loire-Atlantique eskualdetik sos anitz jasotzen du, eta, beraz, ez du lurralde egitura aldatzeko arriskurik hartu nahi». Guillaumek dioenez, azken aste eta hilabeteetan egin diren beste kontsulta ofizial batzuetan edo alderdi sozialistak joan den asteburuan antolatu zuen erreferendumean parte hartze apalagoa izan zen. Alta, hedabideek oihartzun handiagoa eman diete.

Hala ere, parte hartze apala izanik ere, bozka sinboliko baterako jendea karrikara ateratzea herritarrek erabakitzeko duten grinaren erakusgarri dela uste du Guillaumek. 2019 aitzin, Frantziako Asanbleak eta gobernuak galdeketa bat antolatuko dutela espero du.

Bretainiako egoera linguistikoaz ikuspegi bikoitza du Tangi Louarnek, hizkuntz eta kultur eragileak biltzen dituen Kevre Breizh (Bretainiako Liga) plataformako kideak: «Jendartean erabilpena apaltzen ari bada ere, gero eta gazte gehiago ari da bretoiera ikasten». Murgiltze ereduko Diwan eskoletan 4.000 ikasle inguru dira, eta sare elebidunean, izan publiko ala pribatu, 16 000. Horrez gain, eskualde kontseiluak finantzaturik prestakuntza jarraikiak ere proposatzen dituzte langileentzat. Orotara 200.000 hiztun ditu bretoierak, Louarnek dioenez.

2004an Bretainiako eskualdeak bretoiera bere lurraldeko hizkuntza bezala onartu zuen. Ez zion horrek neholako estatutu ofizialik eman, baina ezagutza sinboliko haren ondotik eskualde mailako hizkuntza politika bati ekin zioten. Egun zortzi milioi euro inguru ematen ditu urtero bretoieraren garapenerako. 2010etik Bretoieraren Erakunde Publikoa ere badute, aholku funtzioa betetzen duena. Berriki Ya d'ar Brezhoneg kanpaina martxan jarri du: herriko etxeei hizkuntz arloan egiten dituzten pausoen arabera puntuak ematen dizkien labela sortu du. Orotara, 722 egitura pribatuk izenpetu dute ituna, 182 herriko etxek eta hamahiru herri elkargok.

Hizkuntza politika eraginkor bat eramateko, tokian toki botere gehiago behar dutela uste du Louarnek. Hori da atzo Karaezen aldarrikatu zutena: Bretainiaren birbatzea eta eskualde kontseiluari eskumen gehiago ematea, hizkuntzaren koofizialtasuna, eta murgiltze eredua eta irakaskuntza elebidunaren indartzea.

Eskualdeko hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrenda guziekin eztabaida publikoa ere antolatuko dute aurki.

OKZITANIA

Aldarrikapenari garaipen sentimendua ere gehitu zitzaion Montpelhierren (Okzitania) okzitanierarentzat lege babesa eskatzeko mobilizazioan. David Grosclaude Parti Occitan alderdiko kideak eramandako borrokaren ondotik, hurrengo asteetan izanen da Okzitanieraren Erakunde Publikoa (OEP) sortzeko biltzar nagusia. Akitania eta Midi Pyrenees eskualdeek aho batez OEP sortzea onartu bazuten ere, astebeteko gose greba egin behar izan zuen Grosclaudek Frantziako Gobernuak erabakia berretsi zezan.

Hautetsi okzitaniarrarentzat «ezinbesteko aitzinapena» da, azkenean, Okzitania guzirako hizkuntza politika bat diseinatzeko tresna izanen dutelako. Oraingoz, Okzitaniaren eremuan diren instituzio nagusiek OEPn sartzeko xedea erakutsi dute. Era berean, Okzitaniako lurralde osoa biltzen duen lehen instituzioa izanen dela ere azpimarratu du. «Lehen aldiz, instituzio publiko bat badugu, hauteskunde gorabeheren eraginik gabe, hizkuntza politika bat eramana izanen dela bermatuko duena», gaineratu du Grosclaudek. «Orain arte, erakunde bakoitzak zuzenean negoziatzen zuen estatuarekin; hemendik aitzina Estatuak interlokutore bakarra izanen du: okzitaniera arazo bakar gisa kontsideratuko du».

Xumeki hasiko da, hala ere, Okzitanieraren Erakunde Publikoa. Hiruzpalau langile izanen ditu, eta bi milioi euroko aurrekontua —Frantziako Gobernuaren ekarpena 100.000 eurokoa izanen da—. 2016an hasiko du lana, eta pixkanaka joanen da garatuz. Tolosan (Okzitania) izanen du egoitza nagusia, baina lurraldea «hain zabala izanik», funtzionamendu deszentralizatu bat gogoetatu beharko dela uste du Grosclaudek.

Kezkaturik da okzitanieraren egoeraren aitzinean: «Urtez urte hiztunak galtzen ari gara, eta horietako anitz pasiboak dira. Egoera ez da ona. Ezinbestekoa da politika publiko bat abiatzea». Hizkuntza politikaren eraginak 15-20 urteren buruan baizik ikusten ez direla kontziente, hemendik hamar urtera hiztun kopurua egonkortuko dela espero du, ondoren gorako bidea hartzeko gisan. Mobilizazioaren beharra ere nabarmendu du: «Iritzi publikoaren presioa sentitu behar du elite politikoak».

KATALUNIA

Ipar Kataluniako eragileek ez dute asteburu honetako mobilizazioetan parte hartu, azaroaren 7an Ipar eta Hego Kataluniaren arteko muga markatu zuen Pirinioetako Hitzarmena salatzeko manifestazioa dutelako. Funtsean, egun horretan plazaratuko dituzte beren aldarrikapenak: hizkuntzarentzat lege babesa eta estatutu bereziko lurralde elkargo baten sorrera.

Aldarrikapen horiek biltzen ditu, hain zuzen, Sem plataforma sortu berriak. «Katalanistak zatituak ginen orain arte. Denek onartzen ditugun aldarrikapenen inguruan batzea beharrezkoa zen», Unitat Catalana alderdiko Brice Lafontainen iritziz. Perpinyan (Herrialde Katalanak) egoitza duen alderdi katalanista bakarra da. «Beste alderdiak Bartzelonan kokatuak dira, eta han erabakitzen dute Ipar Katalunian zer egin behar dugun», salatu du Lafontainek. Haren ustez, bozketan agerikoa ez bada ere, «sentimendu katalana» azkarra da, iratzartzea falta da. Sem plataformak hori ahalbidetu dezakeela uste du.

Ipar Kataluniako egoera linguistikoa «paradoxikoa» da, murgiltze ereduan ari diren La Bressola eskoletako arduradun Miquel Mayol i Raynalentzat: «Gero eta hiztun gutxiago dugu, baina kontzientzia hartzea gero eta handiagoa da. Hiztunak desagertzen ari diren ber, zapalgailu jakobinoari erresistitzeko borondatea handituz doa». Gaur egun, Ipar Kataluniako biztanleen %25ek mintzo dute katalana.

900 ikasle dira murgiltze ereduko ikastetxeetan, 2 urtetik 14 artekoak. «Lizeo bat ere ireki nahiko genuke; eskaera bada, baina oraingoz ez dugu horretarako dirurik», aitortu du Mayol i Raynalek. Urteetan laguntza handia eman die Generalitateak, baina gaur egun kasik ezerezean da Hego Kataluniatik datorkien laguntza. Hizkuntza politika bat aitzina eramanen duen erakunde baten sorrera ezinbestekoa zaio Mayol i Raynali, Frantziako Gobernuaren inplikazioarekin: «Estatuaren politika kriminal batek eragin du katalanaren galera. Erreparazio historiko bat zor digu».

KORSIKA

Estatutu bereziko lurralde elkargo bat du Korsikak, orain dela guti arte: Ipar Euskal Herriko gehiengoak aldarrikatzen zuen egitura, eta Ipar Katalunian helburu jarri dutena. Alta, hizkuntzaren egoera «larria» da, Micheli Leccia Parlemu Corsu (Korsikeraz mintza gaitezen) mugimenduko kidearentzat. Herritarren %16k baizik ez dakite korsikeraz.

2013an Korsikako Asanbleak korsikera hizkuntza koofizial izendatu zuen gehiengo zabal baten aldeko bozarekin, baina Frantziako Gobernuak bertan behera utzi zuen erabakia. Koofizialtasuna «gauza hutsa da berez», Lecciaren arabera. «Koofizialtasuna bihar bertan lor dezakegu, baina deus egiten ez badugu, ez da deus gertatuko. Haatik, koofizialtasunak hizkuntz politika biziki urrun eramateko aukera ematen du». Haren xedea hezkuntza publikoan murgiltze eredua ezartzea litzateke.

Gaur egun, egitura pribatuetan ere ez da murgiltze eredurik. Publikoan, ikasle guziek korsikera ikasteko aukera dute astean hiru orduz, eta sare elebiduna ere bada, frantsesa eta korsikera modu orekatuan eskaintzen dituena. Baina, Lecciaren hitzetan, eskola gehienetan oreka ez da errespetatua, eta frantsesak gaina hartzen du.

«Politikarien borondate falta» salatu du Lecciak. «Korsikako Asanblean orain dela guti hasi dira seinale elebidunak jartzen, baina ez da eremu guzietan errespetatua». Hautetsi gehienak koofizialtasunaren alde agertu badira ere, gaur egun korsikerari emana zaion laguntza «morala» baizik ez dela dio.

ALSAZIA

Estatutu bat gure hizkuntzentzat, Alsaziako elkargo batentzat eskumenak leloarekin atera ziren karrikara atzo Estrasburgon (Alsazia). «Alemanaren dialekto bat da alsaziera, baina hezkuntza publikoan alemana baizik ez da irakatsia», deitoratu du Pierre Kleinek, Verband Zweisprachiges Elsasseko (Alsazia Elebiduna Federazioa) kideak. «Alsaziako gazteek gehiago dakite alemanez alsazieraz baino». Murgiltze ereduan diharduten ABCM eskoletan baizik ez da irakatsia alsaziera, lehen mailara arte. 1.200 ikasle biltzen dituzte, hamaika eskoletan.

Oraingoz ez dute kolegio eta lizeorik irekitzeko baliabiderik, elkargoetatik jasotzen duten laguntza «ez baita aski». Lurralde erreformarekin, duten apurra galtzearen beldur dira, gainera; izan ere, oraingo Alsazia Champagne-Ardenne eta Lorrenarekin batuko baita eskualde handi batean. «Ez dut uste beste eskualdeetakoak alsaziera laguntzearen kontra izango direnik; ezaxolatasunak beldurtzen nau gehiago, ez baita beren arazoa», dio Kleinek. Orain arte Alsaziako eskualdetik dituzten laguntzak mantentzea nahiko luke. Horregatik, Alsaziak egitura propio bat atxiki dezan eskatzen ari dira: «Forma ezberdinak izan litzake, oraingo bi departamenduak batuz, edo Korsikan bezala estatutu bereziko elkargo bat sortuz».

2013an erreferenduma egin zuten lurralde elkargoaren sorreraren inguruan. Haut-Rhinen zein Bas-Rhinen, bi departamentuetan gehiengoak egitura berriaren sorreraren alde bozkatu zuen, baina parte hartzea %25 baino apalagoa izan zenez, galdeketa bertan behera gelditu zen. Momentuz ez dute beste erreferendum bat egiteko datarik jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.