Norbere etxea utzi, besteena zaintzeko

Zaintzan eta etxeko lanetan ari diren andre migratzaileen egoera ikertu dute. Etxeetan dihardute gehienek, eta batez besteko soldataren erdia dute. Integrazio arazoak dituzte.

Norbere etxea utzi, besteena zaintzeko.
2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Fenomeno globala da, mundu osoari eragiten ari zaiona: garatzeko bidean dauden herrialdeetako emakumeek euren herrialdea eta senideak uzten dituzte, herrialde aurreratuetako beste familia bateko zaintza eta etxeko lanetan jarduteko. «Euskal familietan, lan horiek egiten dituzten emakume etorkinak ahultasun eta diskriminazio egoera berezian daude», azaldu dute Julia Nogueira eta Joseba Zalakain ikertzaileek, Euskal Autonomia Erkidegoan zaintza eta etxeko lanetan aritzen diren andrazko migratzaileen egoera aztertu ondoren. Hara: %37k arazoak dituzte lan baldintzekin, eta %32k lanaldiarekin, soldatarekin eta kontratuarekin. Gainera, %12k erantzukizunekin eta jasotako tratuarekin arazoak dituzte. Ezkutuan lan egiten dutenen kopurua ere kontuan hartzekoa da: ikerketaren arabera, hamarretik batek modu irregularrean lan egiten du, kontratatzaileak hala nahi izan duelako. Emakundek emandako beka batekin egin dute ikerketa Nogueirak eta Zalakainek.

Emakumeak gehiengo handia dira zaintza eta etxeko lan ordainduetan: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %95. Andre horietatik, erdiak baino gehiago (13.000 eta 15.000 artean) migratzaileak dira; familiek zuzenean kontratatzen dituzte. Aldiz, egoera oso desberdina da sektore publikoan lan egiten dutenentzat: administrazioaren mendeko zaintza lanetan (zahar etxe publikoak eta eguneko zentroak, adibidez), emakumeen %5-10 artean bakarrik dira migratzaileak. Zifra hori azken urteetan handituz joan bada ere —2009an %2,9 ziren—, nabaria da oraindik jatorriaren araberako bereizkeria alor publikoan eta etxe pribatuetan. Alderaketa egiten bada bien artean, argia da diferentzia: zerbitzu publikoan lan egiten duen emakume migratzaile bakoitzeko, zazpi ari dira etxe partikularretan; bertan jaiotako andrazkoen kasuan, berriz, antzeko kopurua da etxe pribatuetan eta administrazioaren zerbitzu publikoetan ari direnena.

Diru beharrak

Egoera ez da ona. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zaintzan eta etxeko lanetan aritzen diren emakume migratzaileen artean, bostetik batek arazoak ditu oinarrizko beharrizanei aurre egiteko: janaria, jantziak, etxebizitza... Gainera, %36k arazoak ditu espero gabeko gastuei erantzuteko. «Berezia» da pertsona horien egoera ekonomikoa, txostenean azaldu dutenez, sorterria utzi aurretik zituzten baldintza ekonomikoak direla eta. Han ere egoera txarra baitzuten: %40k ez zuten autonomia ekonomikorik, eta %39,5ek ez zuten «soldata nahikoa» irabazten. %13k adierazi dute soldata «nahikoa» zutela. Euskal Herrira etortzeko, gainera, dirua aurreratu behar izan zuten askok: erdiak zorretan sartu ziren «bidaiari ekiteko».

Dirua bidaltzen dute sorterrira etxeko lanetan ari diren migratzaile andrazkoen %55ek. Estatistiken arabera, batez beste 630 euroko soldata garbia daukate. Oso soldata txikia da etxetik kanpo lan egiten duten emakumeen batez bestekoarekin alderatuta: etxeko langile migratzaileek erdia irabazten dute. Areago gizonen batez besteko soldatarekin alderatzen bada: andre horien soldata apenas iristen den gizonen batez besteko soldataren %40ra.

Bakarrik eta triste

Ikerketan, alde ekonomikoaz aparte, aztergai izan dute zaintza eta etxeko lanetan ari diren emakume migratzaileen egoera pertsonala ere. Lautik bat bakarrik eta triste sentitzen da. Beste arazo batzuk ere agertu dira: lautik batek esan du baztertuta sentitu dela arrazagatik, erlijioagatik edo migratzailea izateagatik. Bostetik batek familiarengandik bananduta egotea aipatu du arazo gisa. Gizarteratzeari dagokionez, integratu gabe edo gutxi integratuta sentitzen dira andreen %28.

Zaintza eta etxeko lanetan ari diren emakumeen sentipen horiek migratzaileek oro har agertzen dituztenekin konparatuta, ez dago alde handirik alor gehienetan: baztertuta eta diskriminatuta sentitzen direnen portzentajeak oso antzekoak dira. Badago diferentzia bat, nolanahi ere: bakardadean edo triste sentitzen direnak gehiago dira etxeko lanetan ari diren andreen artean oro har migratzaileen artean baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.