Koronabirusa

Norbere burua eta besteena babesteko «segurtasun neurri gehigarri bat»

Maskarak derrigor erabiltzearen alde dago Gorka Orive farmazia irakaslea: «Kutsatzeko arriskua nabarmen murrizten dute maskarek»

edurne begiristain
2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasunarekin batera agertu ziren lehen maskarak kaleetan, eta apurka-apurka egunerokoaren parte bilakatzen ari dira. Hala eta guztiz ere, maskaren erabilera ez dago oraindik oso orokortua Euskal Herrian. Bi izan dira faktore nagusiak: batetik, aski hornidura ez dela egon, eta, bestetik, irizpide argirik eta bateraturik ez dutela eman instituzioek eta agintariek. «Gaixotasuna oso berria da, eta oso nekeza da irizpide argiak finkatzea. Ulergarria da neurriak denborarekin moldatuz joatea», azaldu du Gorka Orive EHUko Farmazia irakasleak. «Gaixotasunaren dinamikak berak eragin du neurriak apurka aldatuz joatea».

Izan ere, komunitate zientifikoan ez dago erabateko adostasunik maskaren erabileraren inguruan —OME Osasunaren Mundu Erakundea maskaren erabilera aholkatzera mugatu da, baina aditu gehienak bat datoz: gomendagarria da erabiltzea geure burua eta besteena babesteko. Horrekin bat dator Orive: «Maskarak ongi erabiltzen badira, segurtasun neurri gehigarri bat dira». Ez da neurri bakarra, noski: segurtasun distantzia eta higiene neurrien osagarri dira maskarak. «Ez dago zalatzarik kutsatzeko arriskua nabarmen murrizten dutela».

«Derrigorrezkoa behar du»

Maskarak toki guztietan janztearen aldekoa da EHUko irakaslea. Irmo defenditzen du horiek egunero erabiltzea: «Gomendagarria ez ezik, derrigorrezkoa ere behar du». Esperientzia pertsonaletik eta ikuspuntu zientifikotik mintzo da, eta argi du maskaren erabilera ezin dela soilik espazio itxietara mugatu: «Egunerokoa ez da espazio itxien eta espazio irekien arteko hautaketa bat, bien arteko nahasketa bat baizik. Kalera ateratzen garenean askotan oso zaila izaten da besteekiko distantzia mantentzea, eta usu, aurreikusiak ez ditugun erosketak egin behar izaten ditugu, eta denda batera sartzen gara. Maskara jantzita badugu, askoz hobe».

Maskaren erabileraren atzean arrazoi zientifiko ugari daude. Orivek azaldu duenez, gizakiak oharkabe askatzen ditu tantatxo mikroskopikoak ahotik eta sudurretik, doministiku edo eztula egitean ez ezik, baita hitz egitean eta arnasa hartzean ere. Koronabirusak kutsatutako pertsona baten tantek mikroorganismo patogenoak dituztenez, inguruan dauden pertsonak kutsa ditzake. Maskara mota guztiek ez dute segurtasun maila bera, eta gaizki erabiliz gero, kutsatzeko arriskua ere egon daiteke, baina horrek ez luke «aitzakia» izan behar horien erabilera alboratzeko, Oriveren ustez. «Alertan egoteko tresna bat dira maskarak, birusak gurekin jarraitzen duela gogoratzen digutelako», erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.