'Norberaren opera' dokumentala: BERRIAk 23. Korrikarako egindako ekarpena

Ines Osinagak 'Badon' operaren sorreraren gainean egindako gogoetak lotzen ditu ikus-entzunezkoak, heldutan euskara ikasteko eta janzteko prozesua egin duten bost pertsonaren sentimendu eta bizipenekin.

arantxa iraola
2024ko martxoaren 9a
20:00
Entzun

BERRIAk ekarpena egin dio 23. Korrikari: Norbere opera dokumentala. Oli Artola Apeztegiak egin du gidoia, eta Lara Madinabeitia Nanclares, Nagore Arin Asuabarrena eta Irati Urdalleta Lete lankideekin batera ondu du lana. Sei protagonista ditu dokumentalak: sei ahots, sei sorkuntza prozesu. Ines Osinaga musikariarena da bat: Korrika Kulturaleko kultur sorkuntzarako bekaren bidez egin du Badon opera. Abenduaren 1ean estreinatu zen Gasteizko Principal antzokian, eta bizirik dabil ordutik Euskal Herriko antzokietan. Sorkuntza prozesu horretan izan dituen sentimendu eta gogoetak jasota daude dokumentalean.

Beste bost protagonistak AEK-ko ikasleak dira: heldutan euskara ikasteko eta hobetzeko prozesua egin duten bost pertsona. Sortu eta osatu egin dute guztiek ere mintzaira, horren aldeko hautu kontzientea eginda. Euskal Herrian helduen euskalduntzearen bidez beren burua janzteko eta osatzeko hautua egin duten beste milaka euskaldunentzat ispilu izango dira seguruenera haien hitzak. Sei lekukotasunetan «hasiera bat, bidea eta plazara irtete bat» daudela nabarmendu du Artolak, eta hori erakutsi nahi izan dutela.

Arantzazu Jindriska Fernandezek, esaterako, gogora ekarri du Euskal Herrian hazita ere euskara urruna izan daitekeela, arrotza; Barakaldon igaro zuen haurtzaroa (Bizkaia), A ereduko ikastetxe batean, ia euskararik aditu gabe. Urteotan jabetu da ondoan duen «altxorraz». Lucia Perezek ez ditu ukatu Tuteran (Nafarroa) euskaldun izatearen zailtasunak, baina Euskal Herria handik «ikusteko» eskubidea aldarrikatu du: handik izatekoa.

Marie Guillonek euskara arrotza izatetik euskararen inguruan ardaztutako bizi baterako bilakaera azaldu du. Ez da euskal herritarra sortzez, baina AEK-ko irakaslea da egun, Itsasun (Lapurdi): «Hasi nintzelarik euskara ikasten, hasi nintzen sustraiak ukaiten». Argentinan sortua da Marcos Tedin, han hasi zen euskara ikasten, eta euskaraz lanean ari da egun, identitatea ere hizkuntzaren inguruan eraikitzeko prozesu batean: «eskubidea» sentitzen hasi da orain euskara bere hizkuntza ere badela esateko.

Uxoa Elustondok euskara etxean eta eskolan jaso dutenek ere usu hizkuntza osoagoa eta jasoagoa izate aldera egin dezaketen bidea aldarrikatu du, «jabekuntza» prozesu horretan lor daitekeen gozamena: «Ni, euskaldun gisa, neure buruarekin koherentzian nago gero eta gehiago baldin badakit».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.