Norberak eskatuta, adio

Asteon hiru urte beteko ditu indarrean eutanasiak egitea baimentzen duen legeak; 110 pertsona hil dira zerbitzu horren bitartez Hego Euskal Herrian. Erakundeak arloan trebakuntza hobetzen saiatzen ari dira.

Eutanasia egin dioten andre bat, pertsona maite bati eskua emanda. BIEL ALIÑO / EFE
Eutanasia egin dioten andre bat, pertsona maite bati eskua emanda. BIEL ALIÑO / EFE
arantxa iraola
2024ko ekainaren 23a
05:00
Entzun

«Heriotza duinaren bidean falta zen eskubide bat bermatzeko sortu zen lege bat da. Oso positiboa da aukera hori mahai gainean eduki ahal izatea». Itsaso Bengoetxea da solaskidea, EAEko Eutanasiaren Alorreko Berme eta Jarraipen Batzordeko presidentea, Hegoaldean eutanasiak egiteko bidea ematen duen legeak egin duen bidea hizpide hartuta. Legea bera 2021eko martxoaren 18an onartu zuen Espainiako Kongresuak, eta ekainaren 25ean sartu zen indarrean. Asteartean beteko dira hiru urte. Ordutik hona, osasun sistemen bidez ezagutu ahal izan diren datuen arabera, 110 pertsona hil dira Hegoaldean eutanasia eginda. 

110 dira egindakoak. Eskeak, berez, askoz ere ugariagoak izan dira, baina guztiak ez dira gauzatu. Zenbaitetan, pazienteek gaiari buruzko lehen kontsulta bat egin eta gero aurrera ez jarraitzea erabaki dute, edota oso larri ere egoten dira maiz, eta eskabidea bideratzeko prozeduran hil dira. Datuek argi uzten dute eskarien eta prozeduren arteko koska hori. Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, adibidez, 205 izan dira urteotan abiatutako eskeak. 121 heldu dira jarraipen batzordera, eta 85 gauzatu dira. 2023ko datuetan, hala ere, apaldu egin da abiatutako eskabideen eta batzordera heldutakoen arteko aldea. Eskeak 77 izan ziren, 62 ailegatu ziren, 45 egin ziren. 

Nafarroan 24 eske erregistratu zituzten iaz, hamar egin ziren, baina lau kasu bakarrik bota ziren atzera, eta gainerako eskatzaileak berez hil ziren: zain. Horren atzean bada aintzat hartu beharreko fenomeno bat, eragile guztiek onartzen dutena: «berandu» egiten dira eskabide asko. Baina aparteko gorabeherarik gabe joan dira urteok. Bengoetxearen arabera, kasu gatazkatsuak ez dira oso ugariak; bi medikuk onetsi behar izaten dituzte eskabideak,  eta profesionalek iritzi ezberdinak izatea ez da ohikoa. «Mediku arduradunaren eta aholkulariaren arteko desadostasunak ez dira sarritan gertatzen». Nafarroan Heriotza Duinaren Behatokiko arduraduna da Geno Otxando. Bat dator horretan: «Tankera horretako kasu bat edo bi izan ditugu: oso gutxi». 

«Sufrimenduaren balorazioan medikuok badugu zertan hobetu. Trebatu egin behar dugu».

ITSASO BENGOETXEAEAEko Berme Batzordeko presidentea

Pairamendua, beti

Orokorrean, eskari gehienak legeak ezarritako «soslaiaren» inguruan egiten direla adierazi dute biek. Izan ere, eskabidea egin daiteke beti «atzean» pairamendua badago. Horra legeak hitzez hitz nola zehazten duen zein den eskabideak onesteko motiboa: «Pertsonak ezin onartuzkotzat daukan eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez». Begirada zabalduta, «bizitzaren aurreko nekearengatik-eta» egindako eskabideak baimentzen dira zenbait herrialdetan, baina lege honetan «esparru klinikoak» beti presente egon behar du. Eta «era informatuan, argian eta denboran errepikatuan» egin behar dira eskeak, legeak zedarritutako prozedurari jarraituta. Eta eskabide gehienak dira minaren ondorio. «Gaitz neurodegeneratiboak dituzten pertsonek eskatzen dute gehienbat, eta paziente onkologikoek. Orokorrean, norberak horretarako konpetentzia izanda egiten dira eskariak», azaldu du Bengoetxeak. «Aldez aurreko borondateen bidez sartzen zaizkigu eskarien %17 inguru». 

Nafarroako datuen xerkan ere, antzera: patologia «onkologikoak eta neurologikoak» agertzen dira sarrien. «Sufrimendua» legearen gakoetako bat denez, hura ebaluatzen trebatuta egon behar dute medikuek, eta hor oraindik lana badela onartu du Bengoetxeak. «Sufrimenduaren balorazioan medikuok badugu zertan hobetu. Sufrimendu fisikoa ebaluatzeko orduan adituak gara. Bestelako sufrimenduak sumatzea gehiago kostatzen zaigu. Sufrimendu psikologikoa, espirituala... Horretan gehiago kostatzen zaigu, eta trebatu egin behar dugu», onartu du. «Izan ere, sufrimenduak esparru ezberdinak ditu. Eta horrelako eskakizun baten atzean dagoen sufrimenduak ez dauka esparru bakar bat, eta elkarrekin lotuta daude». 

Profesionalen kezka

Kezka ere sumatzen dute usu profesionalen artean. Ez da edonolako zerbitzua. «Ikusten dugu, alde batetik, horrelako kasuak heltzen direnean hasieran ardura sentitzen dela askotan. Ez da egunero egiten den gauza bat, legea bera nahiko korapilatsua da, epe batzuk bete behar dira, eta protokoloari jarraitzeak eta ondo egiteak arduratu egiten ditu... Baina, bestetik, bizitzaren motxilan sartzen ditugun esperientzia profesionalak dira, oso aberasgarriak», azaldu du Bengoetxeak. Profesionalen trebakuntzan aparteko ahalegina egin dutela esan du. 

«Herritarrentzako jardunaldiak egin ditugu, gaia normalizatzeko eta eutanasia beste erreminta bat dela esateko».

GENO OTXANDO Nafarroako Heriotza Duinaren Behatokiko presidentea

Geno Otxando bat dator trebakuntzaren garrantzian: «Profesionalentzat ez dira kasu errazak, eta garrantzitsua da haiek babestuta sentitzea». Trebakuntza hasieratik sustatu dute Nafarroako Gobernuan. Profesionalei begira bakarrik ez dira ari: «Herritarrentzako jardunaldiak ere egin ditugu, gaia normalizatzeko eta eutanasia beste erreminta bat dela esateko». Bere zabalean, heriotza «duina» izateko behar diren baliabide ugariez jardutea da helburua. Azaldu du «eutanasiaren eta zaintza aringarrien arteko demaren arteko oihartzuna» oraindik agertzen dela, adibidez, eta horrek dakartzan nahasmenak saihestea dela helburua: bideak argitzea.  

Iaz, 2022ko datuen berri izatean, duintasunez hiltzeko eskubidearen alde ari den DHE Euskadi elkarteak hainbat eske egin zituen propio Araba, Bizkai eta Gipuzkoara begira. Aurten, datuen faltan, ez dute oraindik txostenik atera. Baina badira lehengoan diren aldarrikapenak: hori aurreratu dute. Iaz, esaterako, «herritarrentzako leihatila bat» eskatu zuten. «Inork kasurik egiten ez dizunean erreklamatzeko lekua», zehaztu zuten. Izan ere, beren jardunean ikusten dituzte halako kasuak, nora jo ez dakiten pertsonenak. Nafarroako Gobernuak egin duen bidea eredu, «bizitzaren amaierako eskubideei» buruzko informazio kanpainak ere nahi dituzte.

«Bizitzaren amaierarako» legea, Frantzian

Ipar Euskal Herrian ezin da eutanasiarik egin, Frantziako legeriak ez baitu horretarako biderik ematen. «Bizitzaren amaieran» arta emango duen lege bat egiteko asmoa badago, eta proiektu bat ere bai idatzita. Orain bertan behera geratu da testu horrek egin behar zuen bidea, Frantziako presidente Emmanuel Macronek Frantziako Asanblea desegin duelako, eta berriz eratzeko bozak egingo direlako. Baina maiatzean bertan defendatu zuen Frantziako Osasun ministro Catherine Vautrinek Asanblea Nazionalean zer lege nahi duen: ez da«eutanasia eredu bat», ez da inori «suizidatzeko baimena» ematea ere,  «bizitzaren amaieran gaixoak laguntzea» da asmoa. 

Azaldu zuenez testua idatzi zuten, ororen gainetik, eritasun «larri eta sendaezinak» dituztenei arta emateko bideak jartzeko. «Epe luze edo ertainean» heriotza ekarriko duen gaitz motak izan behar dute, betiere, eta «oinaze pairaezina» eragiten dutenak. Eskabidea, gainera, hainbatetan egin behar du eriak. 1.700 zuzenketa aurkeztu dira jatorrizko testua aldatzeko eskeekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.