Aitzole Araneta. Elkarrekin Podemoseko kidea

«Norberak esan ahalko du nor den, eta erabaki ahalko du bere ibilbidea»

Aranetaren iritziz, Espainiako Ministroen Kontseiluan onartu den lege testuak aski lagunduko du transexualitatearen patologizazioari aurre egiten. Edonola ere, ohartarazi du oraindik ere gai asko daudela lantzeko.

IRUTXULOKO HITZA.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun

Aitzole Aranetak (Donostia, 1982) pozez hartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legearen aurreproiektua onartu duen albistea. Hurbiletik bizi izan du lege aurreproiektuak egindako bidea, testua ontzeko prozesuan parte hartu baitzuen. Dioenez, lorpen ugari egin dira, baina argitu du «irteteko seinalea» soilik izan dela: «Bide luzea falta da».

Zure ustez, zein da lege aurreproiektuarekin erdietsitako lorpenik handiena?

Besteak beste, errespetatu egiten da oso aspalditik bultzatzen ari garen aldaketa: ez da beharrezkoa izango ez mediku batek, ez psikologo kliniko batek, ezta psikiatra batek ere buruko gaixotasun bat diagnostikatuz esatea gu nor garen. Eta ez hori bakarrik: inork ez du pertsona trans bat behartuko berak desio ez dituen prozesu medikoetatik pasatzera.

Orain arte, zer zioen legeak?

2007az geroztik indarrean den legeak esaten du transexualitateak buruko gaixotasun eran egon behar duela diagnostikatua, eta ezinbestekoa dela prozesu mediko batean parte hartzea. Orain, hori saihestuko da. Inork ez dio inori esango nor den; pertsonak berak esan ahalko du, eta berak erabakiko du zer ibilbide egin nahi duen. Horri dagokionez, bada oso zabaldua dagoen uste oker bat. Berriki, askotan aipatu da pertsona horiek aukera izango dutela beren sexua zein den hautatzeko; hori ez da horrela, ez baikara ezer aukeratzen ari. Betidanik izan gara garen hori, eta lege honek hori errespetatua eta babestua izaten lagunduko du.

Maiz esan da lege testu honek genero autodeterminazioa aitortzen duela. Ordea, autodeterminazio hitza ez da dokumentuan ageri. Zergatik?

Ez da hitz hori erabili, eta, egia esan, kontzeptuaren bueltan badago eztabaida teoriko sakon bat. Edonola ere, autodeterminazioak oinarrian duen printzipioa jasoa dago, eta, hain zuzen ere, hori da lege honek daukan gauzarik nabarmenena eta esanguratsuena.

Zer gabezia ditu onartu berri den lege aurreproiektuak?

Hutsune handiak daude adingabeei dagokienez. Are, aurreproiektu berriarekin zenbait urrats egin dira aurrera, baina, adin mugari begira, atzerapausoa agerikoa da, behintzat testua bere horretan geldituz gero. Orain arte, 12 urte artekoek sexu aipamenean aldaketak egiteko prozesua oso estandarizatua zegoen. Testu berriarekin, mugak gora egin du, eta 14 urtean ezarri da gutxieneko adina. Gainera, adingabeak ez dira kanpoan utzi diren bakarrak: espainiar nazionalitatea ez dutenak ere bai.

Zer traba dituzte migranteek?

Legea aurreproiektuak ez ditu kontuan hartu, beste behin. Ez zaie eskubidea aitortu. Esaterako, Guatemalatik hona datorren emakume trans batek, gure gizartean integratzeko dituen ohiko zailtasunei aurre egin behar izateaz gainera, ikusiko du ezin izango duela bera nor den argi adierazten duen dokumentaziorik izan. Legeak alboratu egin ditu.

Zer aitortza egin zaie pertsona ez-binarioei?

Ez zaie egin, eta zailtasunak asko dira. Hain zuzen ere, horiei aurre egiteko asmoz, proposamen bat egin nuen Espainiako Berdintasun Ministerioak deitutako lan mahai teknikoan izan nintzenean. Nire ustez, komenigarria litzateke aukera ematea nortasun agirian sexu aipamenik adierazi beharrik ez izateko. Sinetsita nago hori oso lagungarria dela bere burua gizon edo emakume sailkapenetik harago identifikatzen duten pertsonentzat. Era berean, ordea, uste dut aipamena egiteak edo ez egiteak hautazkoa izan behar duela, pertsona jakin batzuei nabarmen laguntzen dielako adierazi ahal izateak. Bestalde, pertsona ez-binarioentzat, bestelako proposamenik ere egin izan da: erregistroan hirugarren aipamen bat sortzea, adibidez. Baina ez da aukerarik eman, oraingoz.

Lege testuan bildua denez, konbertsio terapiak debekatzea eta horien kontrako zigorrak ezartzea da asmoa.

Konbertsio terapiek ez dute ezertarako balio, ez baldin bada pertsonen egoera okertzeko. Azken finean, terapia horiek guztiz nahasten dituzte kondizioa eta jokaera. Izan ere, pertsonen jokaerak aldatzen saiatzen dira, horietan eragiteari esker kondizioa ere aldatuko dutelakoan. Jakina, hori ez da horrela gertatzen, inondik inora. Uste badute arropa maskulinoak janzteagatik gizon sentitu behar dudala, oker daude. Lortzen duten bakarra da jendea behartzea benetan bere sentitzen ez duen modu batean bizitzera.

Lege aurreproiektuari kontra egin dioten ahotsak ozen aditu dira azkenaldian. Zer diozu horien inguruan?

Bada izugarri ospetu den eslogan bat, esaten duena emakumeak ezabatu egingo direla. Harritzen nau; izan ere, nahiz eta 2007tik indarrean den legeak nabarmen patologizatzen gaituen, dagoeneko urteak dira aitortua dagoela badaudela zakila duten emakumeak eta baita alua daukaten gizonak ere. Ordea, urrats hori egina zegoen arren, azken hamalau urteetan ez dugu entzun azken hilabeteotan aditzen ari garenak bezalako akusaziorik. Pedagogia lan sakona falta da, bistan denez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.