Angela Saini. Zientzia kazetaria

«Norbaitek pertsona talde bati gizatasuna kendu ahal badio, edonori ken diezaioke»

Historian zehar hainbat ikerlarik baieztatu izan dute emakumeak gizonak baino gutxiago direla eta gizakiak arrazatan banatu daitezkeela. Sainik usteok gezurtatu ditu.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Txikitatik liluratu du zientziak Angela Saini (Londres, 1980). Garai hartan, ez du uste buruari galdetzen zionik zientzia objektiboa zen edo ez: «Umea zarenean, zientzia liburuak irakurtzen dituzu, eta kontatzen duten hori egitateak direla pentsatzen duzu, unibertsoaren egiak direla». Geroago konturatu zen, ordea, ikertzaileak ez direla neutralak, edozein pertsona bezala. «Euren esperientziak dituzte, eta horrek eragina du haien ikerketetan». Egun, zientzia kazetaria da Saini. Inferior liburua kaleratu zuen 2017an. Zientziak emakumeak gutxiesteko egin duen lana erakutsi zuen bertan. Bi urte geroago, Superior idatzi zuen, arrazismo zientifikoari buruzkoa. Udaberrian, The Patriarchs liburua argitaratuko du. Patriarkatuaren jatorria aztertu du bertan. Berriki Bilbon izan da, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako Genero eta Zientziaren Komunikazioa jardunaldian.

Zergatik erabaki zenuen Inferior idaztea?

Menopausiari buruzko testu bat idazteko eskatu zidaten. Harritu ninduen nola aldatzen ziren menopausiaren zergatiak ikertzailearen generoaren arabera. Zientzia apolitikoa dela esaten badigute, ez lirateke emaitzak berdinak izan behar? Ikertzailearen generoak eragina zuen babesten zituzten teorietan. Historian zehar zientzialariek zer ikertu duten jakin nahi nuen. Erantzuna argi geratu zen: nahiz eta ikerketa batzuek esan emakumeak gutxiago direla, gizonen eta emakumeen artean ez dago diferentzia sakonik, ez maila intelektualean, ezta psikologikoan ere.

Nondik dator emakumea gizona baino gutxiago den ideia?

Historia oso luzea du. Darwinek, esaterako, emakumeak gizonak baino gutxiago direla deskribatu zuen. Argi eta garbi esan zuen. Sexuen arteko diferentziak bilatu dituen zientzian, ideia sendoa izan da hori. Emakumeek gizonek baino gutxiago eboluzionatzen omen dute, erabat desberdin pentsatzen dugu, gure gaitasun intelektuala ez da berdina, eta emakumeok ez gara gai gizonek egiten dituzten gauza batzuk egiteko. Gure zeregina etxean egotea da, zaintzaile gisa. Eta ez dugu bizitza intelektualik izan behar unibertsitatean. Ideia hori firme mantendu da historia osoan.

Diferentzien artean, frogatu nahi izan dute emakumeei ez zaiela sexua gustatzen. Baina euren sexu harremanak kontrolatu dituzte hainbat praktikaren bidez; esaterako, mutilazio genitalaren bidez. Ez al da kontraesana?

Bai, eta hipokrisia. Emakumeek ez badute sexuan interesik, zergatik kontrolatu dituzte basatiki sexurik izan ez dezaten? Mutilazioaz gain, beste hainbat praktika daude. Emakumeen errepresio sexuala historikoa da. Moral bikoitza dago: emakumeek ez dute sexu harremanik izan behar, gizonek dituzten bezainbeste.

Historian zehar, zer garrantzia izan dute zientzian hilekoak eta antzeko kontuek?

Uste dut bizitzako baldintza batzuk bere horretan onartu ditugula. Hilekoak mina eragitea onartu dugu. Medikuek esan dute: «Hori horrela da, eta ez du medikuntzaren beharrik». Beste kontu batzuk, berriz, medikatu ditugu. 1960ko hamarkadan, Amerikako Estatu Batuetan, menopausia sendatu beharreko gaitz bat zen. Zerbait gaizki zegoen gorputzetan, eta konpondu behar zen. Beraz, batetik, gauzak naturaltzat hartzen ditugu eta ez ditugu aztertzen. Eta, bestetik, naturala dena naturala izango ez balitz bezala tratatzen dugu, eta konpontzen saiatzen gara. Onartu behar dugu emakume bakoitza desberdina dela eta bakoitzak kontu horiek desberdin bizi dituela. Duela 30 urte, emakumeek ikerketan sartzea lortu zuten. Gaur egun, emakumeak ikerketaren parte dira. Orain, ulertu behar dugu emakumeok ez garela guztiak berdinak. Gizonak bezala. Denak gara desberdinak. Diferentzia indibidual hori ulertu behar dugu, eta emakume tipiko bat ez dagoela onartu behar dugu.

Ba al dago aurreiritzi horiei guztiei aurre egin dien ikerketarik?

Hamarkada askotan egon dira. Inferior idazteko, emakume asko elkarrizketatu nituen, jendeak zituen mito guztien aurka egin zutenak, eta emakumeak mota bakar batera murrizteko ahaleginen aurka egin zutenak. Frogatu zuten ez dagoela emakume mota bakar bat, eta gizon biologoek zabaldu dituzten ideiak leku politiko jakin batetik datozela.

Gizarteak zer ikerketa onartu izan ditu errazen?

Ikerketak garaian garaiko gizarteko estereotipoekin bat egiten badu, erraza da hura onartzea. Gizarteko estereotipoei aurre egiten badio, ordea, askoz susmagarriagoa da. 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Sarah Blaffer Hrdy-k eta Patricia Gowaty-k biologo sexisten aurka argudiatu zuten. Epe luzera irabazi dute, arrazoia zutelako.

Zer botere du zientziak?

Zientzia botere sistema bat da. Zientzialariek esaten digute nor garen, unibertsoari buruz irakasten digute. Inoiz, politikoki neutralak direla esan didate zientzialariek. Hori txartel gorria da beti. Alde batetik, zerbait ezkutatzen dutela pentsatzen dut, eta, beste alde batetik, ez dituztela euren aurreiritziak auzitan jartzen. Sinetsarazi nahi digute arrazionalak eta objektiboak izateko gaitasuna dutela, gainerakook lortu ezin duguna. Hori boterea egikaritzeko modu bat da, gizagaindikoak direla esanez.

Bi urte geroago argitaratu zenuen Superior, zientzia arrazistaren itzulerari buruzko liburua. Zer harreman dute arrazak eta zientziak?

Antzekotasun handia du zientziak sexuari buruz ezarri dituen ideiekin. Mendebaldeko zientzia modernoan, giza diferentziei buruzko zenbait uste zeuden. Batetik, bi sexu zeudela: guztiz diferenteak, jarrera bestelakoekin etapentsatzeko modu bestelakoekin. Bestetik, arrazaren ideia zegoen, giza arraza azpiespezieetan banatu zitekeen sinesmena, eta hierarkia bat zegoela, pertsona batzuk goiko partean daudela eta beste batzuk beheko partean. Behekoak hiltzera kondenatuak zeuden. Neandertalak bezala. Mendebaldeko zientzia modernoan ezarritako usteak desegiten hasi behar gara, mito horiekin denbora gehiegi eman dugulako.

Zergatik deitu duzu arrazaren zientzia?

Funtsean, sasizientzia arrazista bat da, baina ez dut horrela izendatu, mendeetan zehar zientzia gisa tratatu delako. Duele gutxi arte, ez dute sasizientziatzat hartu. Orain ere, batzuetan, ez da sasizientziatzat hartzen. Egitate bat bezala tratatzen da.

Alegia, pertsona batzuk beste batzuk baino gehiago direla esateko baino ez da.

Azken finean, hori da arrazaren eta arrazakeriaren oinarria. Klasea edota kasta bezala, ideia honetan oinarritzen dira: pertsona talde batzuk beste batzuk baino hobeak dira eta beste batzuek baino botere gehiago merezi dute. Besterik gabe.

Liburuan Adolf Hitler jarri duzu adibidetzat. Zientzialariek zeregin nabarmena izan omen zutenhari arraza higienearen ideologia garatzeko bidea ematean.

Gogoratu behar dugu ideia horiek ez direla apartekoak. Garai hartan, Alemanian zeuden naziak ez ziren arraza higiene eugenesikoaren ideia garatzen ari ziren bakarrak. Hau da, pertsona batzuek hiltzea eta beste batzuek bizitzea merezi zuten ideia hierarkikoa. Ideia orokortu bat zen munduko hainbat tokitan. Eugenesia Londresen hasi zen, eta berehala munduko beste toki batzuetara zabaldu zen. Hitlerrek Ameriketako Estatu Batuetara begiratu zuen, hango arraza segregaziora eta esterilizazio politiketara, bere gizartea sortzeko inspirazio bila. Garai hartan, bereziki, eugenesiaren ideia asko eta gehiegi erabili zuten, babes nahikoa zutelako. Holokaustoa ez litzateke posible izango jende arrunta gabe. Denak zeuden bertan sartuta, zientzialariak ere bai. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, pertsona horiek euren ohiko bizimoduetara bueltatu ziren. Okinak, harakinak edota bankariak ziren. Baita zientzialariak ere. Jende arrunt hori gabe, ezin izango zuten egindakoa egin.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, badirudi arrazaren zientzia amaitu zela. Hala ere, liburuaren tituluak zientzia horren itzulera aipatzen du. Inoiz desagertu al da?

Ez zen inoiz erabat desagertu. Hitz egiteko modua eta hizkuntza aldatu ziren, eta eugenesia laborategiak itxi zituzten. Modatik kanpo geratu zen arraza desberdintasunak ikertzea. Hori aldatu zen, baina arrazaren ideia ez genuen albo batera utzi. Ez, noski. Oraindik arraza taldeen arteko diferentzia biologikoak bilatzen dituzten artikulu pila bat argitaratzen dira. Arraza nagusitasunaren ideia berriro zientzian txertatzeko ahalegin handiak egiten ari dira.

Zer garrantzi du zientzia arrazista eta sexista horrek eskuin muturreko ideologietan?

Uste dut botere sistema guztiak elkarrekin konektatuta daudela. Batzuek besteei egiten diete mesede. Norbaitek pertsona talde bati gizatasuna kendu ahal badio, edonori kendu diezaioke. Hori horrela den bitartean, ez dugu inoiz desberdintasunaren arazoa ezabatuko. Zerbait aldatuta ere, beste norbaiti gizatasuna kentzea ondo dagoen mundu bat kontzeptualizatu ahal baduzu, ez duzu ezer konpondu.

Liburuak idazteko, diferentzia biologikoak badirela baieztatzen dutenekin hitz egin zenuen. Nola sentitu zinen?

Askotan galdetu didate hori. Erabat asetzen nau azaltzeak eurak oker daudela, argudioak emanez. Superior argitaratu eta gero, talde supremazista zurien eraso asko jasan nituen, eta nire familiak ere bai. Etnia minoritario batekoa nintzela esaten zuten, eta, horregatik, ikuspegi politiko bat bultzatzen ari nintzela, postmodernista bat nintzela, ezkerrekoa, zientziaren ukatzailea... Hori guztia ni ahultzeko egin zuten. Zergatik ezin dituzte argudio zientifikoak erabili idatzi dudana ezeztatzeko? Badakitelako eztabaida galdu dutela. Hori da geratzen zaien bakarra. Horrek etsipena erakusten du.

Badakite eztabaida galdu dutela?

Jakin beharko lukete. Ezin dute ebidentzia zientifikoa begiratu, eta oraindik espezie bat ez garela sinetsi. Ezinezkoa da. Azken 70 urteetan, adostasun zientifikoaren oinarria hau izan da: ez dagoela oinarri biologiko sendorik arrazen ideia babesteko. Eta ez dago arraza hierarkiaren edo nagusitasunaren ideia babesten duen ebidentziarik. Ideia hori babesteko, duela 150 urte baino gehiago idatzitako testuetara jo behar dugu.

Zer rol jokatzen dute sare sozialek euren ideiak zabaltzeko orduan?

Guar egun, Ordezkapen Handiaren teoriari buruzko ikerketa bat egiten ari gara. Talde gutxituek jende zuria ordezkatuko duten ideia da. Ez dago oso hedatuta, baina sareko zenbait komunitatetan ezaguna da; batez ere, eskuin muturrean. Ideia nondik datorren ikertzen ari gara. Nola ari dira pertsona horiek zientzia eta sare sozialak erabiltzen, ideia eta mezu horiek zabaltzeko? Talde txikia izan arren, euren artean oso ondo konektatuta daude. Argudio emozionalak erabiltzen dituzte, jendeari beldurra eragiteko: haien aurkako konspirazioa benetan existitzen dela esaten diete. Sare sozialek eragin dute desinformazio zientifikoaren eta konspirazio teorien arazoa askoz okerragoa izatea.

Beharrezkoa al da zientzia gizarte sexista eta arrazista honi aurre egiteko?

Ez genuke horren beharrik izan behar. Hala ere, oraindik diferentzia zerbait naturala dela esaten duten horientzat eta mito horien alde egiten dutenentzat, uste dut argudio zientifikoak indartsuak izan daitezkeela. Baina ez dut uste berdintasunaren alde borrokatzeko oinarria zientzia izan behar denik. Berdintasunaren alde borrokatu behar dugu bidezkoa delako, eta hori delako politikoki nahi duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.