«Norbaitek galdetu dizue torturetan jasandako biolentzia matxistaz?»

‘Tortura politikoa ikuspegi feministatik’ izeneko hitzaldia ahots kolektiboz osatutako espazio eta denbora bihurtu dute Olatz Dañobeitiak eta Nekane Txapartegik, Tolosan.

Euskal Herriko Torturatuen Sareko ekitaldi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal Herriko Torturatuen Sareko ekitaldi bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Tolosa
2025eko otsailaren 11
21:45
Entzun

«Torturak eta kartzelak ekarri du biolentzia matxistaren dosi oso handi bat. Norbaitek galdetu dizue torturetan jasandako biolentzia matxistaz? Emakume gisa jasandako biolentziaren inguruan, Emakunde etorri zaizue galdezka?», esan du emakume torturatu batek, Tolosan (Gipuzkoan) egindako mahai inguru batean. Tortura politikoa ikuspegi feministatik izeneko hitzaldia ematekoak ziren Olatz Dañobeitia eta Nekane Txapartegi. Biak izan ziren torturatuak, salatu dituzte pairatutakoak, eta egin dute lanketa bat gai horrekin. Baina hitzaldia hasterako irauli dute aretoa. Esan dute maiz joan izan direla torturari buruzko saioetara hitz egitera, baina gaur bestelako ariketa bat proposatu nahi izan dute. Elkartutakoei hitza eman nahi izan diete, eta hartu dute.

Berrogei emakume inguru elkartu dira Andragorak antolatutako hitzaldian, emakumeen etxean. Tortura izan dute hizpide, eta Dañobeitiak luzatu du amua. Proposatu du borobilean jartzea, eta erronda bat irekitzea, honako hau galdetuz: zer da tortura zuentzat?

Hainbat definizio eman dituzte: infernua, barrenak apurtzea, bakardadea, sarea, ahizpatasuna.

Bildu dira duela 50 urte torturatutako emakumeak, duela 30 torturatutakoak, senarra torturatu zietenak, torturatuak gertu izan dtuztenak eta izan ez dituztenak, eta askotarikoak izan dira ekarpenak.

Duela 50 urte torturatua izan zen batek esan du bizitza osoan eraman duela bizipen hura gainean: «Ezagutu ditut isilik eramateko garaiak, torturatua izan nintzela jakinda ere beste alde batera begiratu zutenak. Duela hogei bat urte hasi zen sozialki gaia mugitzen. Niretzat hori oso garrantzitsua izan da». Eusko Jaurlaritzak abiatutako programan parte hartu zuen, eta lagungarri egin zitzaion. 

Bizirik iraun dute

«Garai batean ez nintzen gauza kontatzeko zer gertatu zitzaidan, eta gaur egun konta dezaket». Ez du bere burua errukiz begiratu nahi, ez duelako agertu nahi torturaren biktima gisa, bizirik iraundako norbaiten gisa baizik, bizitzan aurrera egin duelako, ahaldundu delako. Eta poltsatik puntua egiteko tresnak atera, eta ekin dio puntua egiteari, lasaigarria egiten zaiolako.

«Garai batean ez nintzen gauza kontatzeko zer gertatu zitzaidan, eta gaur egun konta dezaket»

EMAKUME TORTURATU BAT

Hari horri heldu dio torturatua izan zen beste emakume batek ere: «Txikitu ninduten, baina nire bizitza nik hartu dut nire esku».

Beste emakume torturatu batek, berriz, esan du bera biktima gisa aitortzen dela, zeren horrek esan nahi baitu biktimario bat dagoela, eta inportantetzat jo du nork eta zein testuingurutan torturatu zuen presente izatea.

Senarra duela 40 urte torturatu zioten andreak hartu du hitza gero. Duela hiru urte hil zen haren senarra, inkomunikazio aldian zer gertatu zitzaion kontatu gabe.

Izan ere, tortura pertsonaren suntsiketarako aztertutako tresna zientifiko gisa esplikatu dute, eta urtez urte eta kontestuaren arabera, baldintza ezberdinak sortzen joan dira pertsona suntsitzeko. Horretarako aintzat hartzen dituzte adina, orientazio sexuala, emakumea edo gizon izan... eta horren arabera joan izan ziren tortura metodoak fintzen.

Eta hitz egin dute Itziarren semea kantak egindako kalteaz. Inkomunikazio aldiak hamar egunekoak izan ziren lehen aldietan, hiru edo bostekoak geroago, «baina apurtzen zara, nola ez zara apurtuko? Esango nuke justu zein unetan lortu zuten ni haustea». Eta ematen dituzu izenak. Gero komunitateak hori barkatu izan diela esan dute, «baina norberak bere burua barkatu al du?».

«Garrantzitsua da hitz egitea, zimenduak jarri behar ditugulako berriz ez gertatzeko»

EMAKUME TORTURATU BAT

Bestalde, mintzatu dira torturatuak izan zirenean, espetxean eta kanpoan ere genero rolen bereizketaren indarraz. «Nire lagun emakume bat preso ohia da, haren bikotekide gizona ere bai. Kideak gerturatzean, nire lagunari haien haurraz galdetzen diote, bere bikotekideari egoera politikoaz. Hori kartzelak egitea, bale. Baina komunitateak?».

1970etik 1990 arte tortura teknikak salatu izan zirela azaldu dute, sinesgarritasuna emateko diskurtso negazionista nagusi zenean. Egun, baina, bestelako galderak sortu zaizkie: «Nola eragin dio torturatua izateak nire bizitzari, nire sexualitateari, nire familiari...?». 

Horretaz hitz egiteko espazioak sortzea eskertu dute. Askok ezin izan du kontatu, «eta etorri dira minbiziak, suizidioak...».  «Garrantzitsua da hitz egitea, zimenduak jarri behar ditugulako berriz ez gertatzeko». Ildo horretan, larunbatean Euskal Herriko Torturatuen Sarea sortzeak duen garrantzia azpimarratu dute: «Orain da garaia agentzia politikoa hartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.