Udako ilunabar eguzkitsu bat da. Goxoa, baina ez beroegia. Irungo tren eta autobus geltokiaren aurrean hiru gazte daude, etorri berriak baina bidaiak aspaldi abiatuak dituztenak: batek Malitik; bertzeak, Aljeriatik; hirugarrenak, Sierra Leonatik. Motxila txiki bana baino ez daramate bizkar gainean. Eta Irungo harrera sareko kide batekin elkartu dira: nahi badute, Irungo Gurutze Gorriaren egoitzaraino lagunduko die gizonak, han hiru gau pasatzeko eskubidea baitute. «Ez dago bereziki urrun, hiru kilometro edo, baina non dagoen jakin ezean...». Eta haiek laguntzen ez badiete, inork ez die azalduko non dagoen eta zein aukera dituzten.
Murtzian (Espainia) izan dute hiru migranteek azken geltokia: handik etorri dira, autobusez. Eta badute Irungo harrera sareko kideen berri: Murtziako boluntarioek eman diete Irungoei abisua, 16 urteko gazte bat datorrela gaur, eta joateko, mesedez, haren bila. «Kontaktuak aurrez ezagututa, errazagoa da».
Atzeman dute denek elkar, eta abiatu dira oinez Gurutze Gorriko aterpetxera. Baina bidea hasi bezain laster Aljeriakoak bere kabuz segitzea erabaki du: zuri-zuria da, eta zailagoa izanen du aterpetxean sartzea. Hendaiaranzko muga gauez gurutzatzeko aukera aztertzen ari da: zuri-zuria izanda, errazagoa izanen du.
Sierra Leonakoa da 16 urte dituena: «14 urterekin utzi nuen herrialdea, eta Afrikan barrena ibili nintzen, zazpi herrialdetan». Agudo mintzo da, ingelesez, eta ez du nahi ahotsa grabatzea. «Baina kontatuko dizut»: «Marokora joan nintzen, eta Dakhlan [Mendebaldeko Sahara] hartu nuen txalupa. 28 lagun gindoazen». Noraezean ibili ziren: «Hamazazpi egun pasatu genituen itsasoan. Gutako hamar hil egin ziren». Salbamenduzko ontzirik ez zen joan haien bila, eta Txinako arrantzontzi batek erreskatatu zituen; iritsi zirenak Kanaria uharteetara iritsi ziren; eta ospitalean pasatu zituen gazteak asteak: Tenerifen lehenik, eta Las Palmasen gero. «Sabela, gorputza, gaizki nituen». Sendatuta, Murtziara.
Gaur, zorterik badu, Irungo Gurutze Gorriaren aterpetxean igaroko du gaua. Ez ditu betetzen berez horretarako baldintzak—irizpide propioz, adingabeak ez dituzte hartzen, ezta Espainiako Estatuan hilabete baino gehiago igaro dutenak ere— baina dena aldatu dute COVID-19ak eta konfinamenduak. «Ez badizute uzten sartzen, deitu», erran dio harrera sareko gizonak; gautxoriak.
Oinatz berdeei segika
Harrera sarekoari ikusi egiten zaio, ohitura duela: elkar ezagutu ez arren, aise mintzo zaie etorri berriei, hurbil. Berdin ingelesez edo frantsesez. «Marka berdeei segitu behar diezue». Harrera sarekoek markatu dute geltokitik Gurutze Gorrirainoko bidea: oinatz batzuk lurrean, tinta berdez. «Egunez datozenek marka horiei segitzen diete. Guk gauez egiten dugu haiekin bidea». Gauero. «Baita Urtezahar gauean ere». Afixa handi bat ere jarria dute tren eta autobus geltoki ondoan, migranteei bidea azaldu eta ongietorria emateko: euskaraz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz daude azalpenak.
Biribilgune batera iristean, gelditzeko keinua egin die harrera sarekoak: «Bihar goizean, hona iristean, jarraitu oinatz zuriei, ados? Udaletxera iritsiko zarete hala, eta han emango dizkizuegu azalpenak». Erakutsi die lehentxeago non dagoen Hendaia ere, trenbidea Kolon pasealekuko zubitik gurutzatzerakoan: «Ikusten duzue? Hurbil dago, eta oinez joan daiteke. Baina hobe informazioa baduzue, bestela Poliziak nabarituko dizue». «Bai, bai, informazioarekin hobe», erantzun dio Malikoak, eskertua. Anaia bat du Murtzian, baina bertze bat Parisen. Eta harengana joatea du helburua. «Aita eta ama hil zitzaizkigun. Anaia Libian barrena joan zen Parisera, eta han bizi da. Zortzi urte dira ez dudala ikusi». Ilusiozko begirada ageri zaio: anaiarekin berriz elkartzeko grina. «Han pasatuko dut denboratxo bat, baina gero Espainiara itzuli nahiko nuke. Gustatu zait herrialdea». Murtzian pasatu baititu zenbait hilabete. «Zenbat denbora dago hemendik Parisera?».
Oinatz berdeei segika, iritsi dira Gurutze Gorriko aterpetxera. Eta hor bukatu da harrera sareko kidearen bidea. Eskuaz egin die agur: «Arazorik baduzue, deitu, e!?». Tenperatura hartu die pistolaz Gurutze Gorrikoak. Arazorik ezean, han pasatuko dute gaua.
Harrera sarekoak buelta, oinez, Irungo tren geltokira. Iluntzen hasia du: jertse fin bat janzteko adina. «22:00etan beste bat iritsiko da, eta 23:00etan beste batzuk». Eta etorri dira harrera sareko kide gehiago, horiei ongietorria egitera. Ongi jarria baitute gautxoriek izena: migranteen makulu dira gaueko noraezean.
Baina 23:00etakoek ez dute aitzinekoen zorterik izan: Gineako bi gazteri ez diete utzi aterpetxean sartzen, eta ia gaueko hamabiak direla, bueltan datoz. Haiek ere ez dakite zergatik: «Madrilgo Gurutze Gorriko papera erakutsi diegu, baina erran digute ezetz». 22 urte dituzte biek, eta fula etniakoak dira: «Poliziak ardiak bezala hiltzen ditu fula etniako gazteak Ginean». Malitik egin zuten iparralderantz, eta Aljeriako desertua igaro: «Irudikatuko ez zenituzkeen gauzak ikusten dituzu hor. Hainbestekoa da egarria ezen jendeak bere pixa edaten baitu». Gobernuarekiko oposizioko alderdikoak dira biak, UFDGkoak, eta horrexegatik egin zuten alde herrialdetik: hiltzeko arriskuagatik. Paris dute orain helburu, eta eskertuta daude gautxoriekin. Ez daude bereziki kezkatuta aterperik gabe gelditu direlako gaur. «Lasai: argitzen hasteko sei bat ordu baino ez dira falta. Eginen dugu lo kalean».
Migrazioa. Irungo egoera
Noraezean makulu
Irungo harrera sareko 'gautxoriek' autobus geltokitik Gurutze Gorrirainoko bidea egiten laguntzen diete pasaian diren migranteei. Bidean segitzeko atseden geldialdi bat da Irungoa. Baldin eta Gurutze Gorriko aterpetxean sartzea lortzen badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu