Bakartxo Ruiz. EH Bilduko eleduna

«Norabide egokian doa aurrekontua, baina anbizioa falta zaio»

Ruizen ustez, zerga sisteman aldaketa sakona egiteko borondatea falta izan zaio Nafarroako Gobernuari. Halere, ontzat jo du legealdi hasieratik ezarri den bide politikoa, Navarra Sumarengandik aldendu baita.

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
EH Bilduk larunbatean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako 2021eko aurrekontuen akordioa. Ostiralean lotu zituzten zertzelada guztiak, nahiz eta zenbait komunikabidek aurreko egunetan egina zegoela adierazi. Bakartxo Ruiz EH Bilduko eledunak (Iruñea 1977) akordioaren balio politikoa nabarmendu du, eta bi elementu azpimarratu ditu: «Ez dago atzerapausorik, eta pandemiari aurre egiteko urgentziazko neurriak jasotzen dira». Hala ere, gabeziak eta arriskuak antzematen ditu.

Nolakoa izan da negoziazioa?

Asteak eman ditugu eztabaidan, nagusiki eredu sozial eta ekonomikoaren eta zerga sistemaren inguruan. Desadostasun nabarmen batzuk izan ditugu,eta oinarri jakin batzuetan ere adostasunak bildu ditugu: pandemiarieta ondorio sozial ekonomikoei aurre egitea eta inbertsio publikoaren lehentasuna kokatzea zerbitzu publikoetan eta sektore ahulenak babesteko politiketan.

Bigarren aldiz, EH Bilduk aurrekontuak ahalbidetuko ditu, eta gobernuak solaskide nagusi gisa hautatu du.

Gure ustez, akordio politikoa horretan datza. Nafarroan eskuinak ahalik eta eraginkortasun gutxien izan zezan, iazko udan gobernu osaerari begirako erabaki hura hartu zuen. Logika horri jarraitu diogu aurrekontuetan ere: Navarra Suma ez beste gehiengo batzuk osatzea badagoela eta ezkerreko ikuspegian bide bat egiteko aukera ematen du.

Legealdira begira, bide horretan automatikoki sakonduko da?

Politikan automatikoki ez da ezer gertatzen. Gehiengo horiek osatzeko bide hori elikatu eta landu behar da, borondatearen baitan. Eremu sozialetik ere sakondu daiteke. Baikorra naiz, baina ezin dugu bistaz galdu gauzak oso azkar aldatzen direla. Ikusten ari gara, egunotan, estatu mailan bereziki, eta Nafarroan, sektore atzerakoiek eta botere faktikoek bestelako interesak dituztela. Garai bateko errezetetara itzuli nahiko lukete. Argigarria da zer beldur dioten alderdi sozialistak bestelako bide bati benetan helduko ote dion. Zalantza asko izateko garaia da, baina sektore atzerakoien erantzunek balio dezakete kezka horiek argitzeko.

Arrisku hori aurrean izanda, nola ikusten duzue PSN-PSOE?

PSNk aldaketa nabarmen bat egin zuen iazko inbestiduran, eta erabaki bat hartu zuen: Navarra Sumaren menpeko izatetik beste bide bati ekitea, bestela menpekotasun horrek PSNren beraren desagerpena ekarriko zukeelako. Hortik aurrera, nafar jendarteak normaltasunez ikusi du. Navarra Sumak helarazten duen mezu katastrofista horrek, Nafarroa saltzen ari den ideia horrek, gero eta oihartzun gutxiago du.

Navarra Sumaren apustua da Espainiako politika baldintzatzea gero Nafarroan eragiteko?

Zalantzarik gabe. Inbestidura baldintzatzeko, UPNk Madrilera jo zuen, beti egiten duen bezala. Une hartan ez zion balio izan, eta espero dezagun hemendik aurrera ere balio ez izatea.

Zer ondorio atera duzue 2020ko aurrekontuen eta zergen akordioetatik?

Baieztatu dugu gobernuak hainbat konpromiso ez dituela bete. Horietako batzuk betetzea zaila zen pandemiaren ondorioz, eta hori ulertu dugu, baina beste batzuetan baieztatu dugu borondate politiko nahikorik ez zegoela.

Adibidez?

Batetik, eskatu dugu estimazio ekonomikoa egin dezala, nafar pentsiodunak gutxieneko soldatara eta 1.080 eurora gerturatzeak zer koste ekonomiko duen. Bestetik, iaz %0,9 igo ziren pentsioak, eta aurten beste %0,9. Ondorioz, Nafarroako Gobernuak gutxieneko pentsioei ezarritako osagarritik diru gutxiago erabiliko denez, aurreztutakoa neurtzeko eskatu diogu, pentsiorik apalenak berriro ere laguntzeko. Hori egin zitekeen pandemian ere. Ez zuen egin, eta orain berriro jaso dugu.

Arlo fiskalean jaso dituzuen neurriek txikiak dirudite. Ez zegoen gehiagorako tarterik?

Aldaketaren bat egingo da, baina ez nahi genukeen bezain sakona. Garaia da fiskalitatea birpentsatzeko eta jauzi kualitatibo bat egiteko, ez badugu epe ertainean murrizketen atarian egon nahi. Garbi dugu diru sarrerak gutxitzeak baldintzak sortzen dituela gehien daukatenek gehiago ordain dezaten, bai pertsonen arloan, bai sozietateen arloan.

Eskubide Sozialen Gutunak aurrekontuok kritikatu ditu. Kontraesana eragiten dizue?

Ez da hainbeste kontraesanak sortzea, baizik eta jabetzea aurrekontuok ez dutela sektore askoren espektatibak asetzen. Eurekin harremana izan dugu, eta bat egiten dugu aldarrikapenekin. Lanean jarraitu beharko dugu eremu sozialetik ere politika publikoak norabide horretan jartzeko. Kritika horiek ez dira kontraesanezkoak guk markatutakoekin. Beharrezkoak dira.

Akordioak zertan hobetzen du gobernuaren proposamena?

Zerbitzu publikoetan saiatu gara indarra jartzen eta gizarteak dituen eguneroko beharrei aurre egiten. Batetik, kontziliazio arloan, hainbat partida osatu ditugu. Osasuneko lehen arretaren gabeziek egiturazko aldaketak behar dituzte, baina hori indartzeko bidea hartu dugu. Sektorerik ahulenak laguntzeko beharra zegoen, baita kulturan lan egiten duten profesionalak eta ez-profesionalak laguntzeko ere. Esku hartze sektorearen hitzarmena desblokeatzeko bultzada ekonomiko inportantea jaso dugu. Horrek esan nahi du zaintza arloan lan egiten duten 2.000 lagunen lan baldintzak hobetuko direla.

Nola finantzatuko dira akordioko bederatzi milioi euroak?

Parlamentuan sartu den proiektuan jaso dira guk egindako proposamenetatik 9 milioi euroko balioa duten diru sailak. Gobernuak proposamenetako batzuk jasota, akordio batera iristeko borondatea adierazi zuen.

Partida dago oraindik jokatzeko?

Bai. Aukera dago zuzenketak aurkezteko, azaroaren 27ra arte. Hauek oraindik hobetu daitezke.

Euskarabideak 8,8 milioi ditu.

Ez da nahikoa. Urtero nahikoa ez den bezala. Aurreko urteetan aurrera egindakoan ez da atzera itzuli. Azken bost urteetan egin bezala, aurten ere zuzenketen bidez hobetzea espero dugu.

«Espero genuen baino dokumentu hobea atera da». Zergatik orduan abstentzioa?

Negoziazio bati ekitean, espero dugu ahalik eta akordiorik onena ateratzea. Uste baino zailtasun handiagoak izan ditugu. Zerga arloan aldaketa sakonik ez zuela nahi jakinda ere, jarrera hobea izatea uste genuen. Edozein kasutan, beste arloetan lortu ditugu adostasun batzuk aurrera begira. Abstentzioak hori adierazi nahi du. Aurrekontuek egongo diren behar sozial guztiei aurre egingo dietela pentsatzea zaila da. Urrats modura ikusten dugu; norabide egokian doa, baina anbizioa falta zaio, bai diru sarreretan, bai eta beste politika batzuetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.