Norabide berria neutroientzat

Bilboko Teknologia Neutronikoen Zentroaren finantzaketa 2025era arte lotu dute Gasteiz eta Madrilgo gobernuek: 64,5 milioi euro. Mario Perez izendatu dute zuzendari exekutibo

Carmen Vela, Arantxa Tapia, Cristina Uriarte eta Mario Perez, atzoko prentsaurrekoan. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
«Jarraitutasuna» lortu du Bilboko ESS Teknologia Neutronikoen Zentroak. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak 2025. urtera arteko finantzaketa akordioa aurkeztu zuen atzo. Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 64,5 milioiko aurrekontua onartu dute, Bilboko ESSrentzat: Madrilgo gobernuak 42,5 milioi euro jarriko ditu, eta Gasteizkoak, 22. Kopurua 2014an adostu zutena baino txikiagoa da; duela lau urte 93 milioikoa izan zen. Atzoko akordioaren bitartez, Bilboko proiektuari «norabide berria» eman diotela hausnartu du Uriartek.

64,5 milioi euroko aurrekontua baliatuko dute Lundeko (Suedia) Espalazio Bidezko Neutroi Iturrirako osagaiak egiteko. Nazioarteko azpiegitura hori 2025. urtean lanean hastea aurreikusi dute. Jaurlaritzak aurrekontuari egingo dion 22 milioi euroren ekarpena bi sailen artean banatuko dute: Hezkuntza Saila eta Ekonomiaren Garapenerako Saila —Arantxa Tapia sailburua ere agerraldian izan zen—. 2018ko aurrekontu proiektuan inbertsio hori guztia jaso dute: sail bakoitzak 1,5 milioi euro bideratu ditu Bilboko ESSra. Halaber, bi sailek konpromisoa agertu dute beste 9,47 milioi euro inbertitzeko 2025era arte.

Suediako proiekturako osagaiak egiteaz gain, Uriartek nabarmendu du egitasmoak sor dezakeen ezagutza baliatu ahal izango dutela ikertzaileek. Ezagutza hori «etorkizunerako aukera» gisa aurkeztu du, eta diruz babesteko asmoa agertu du. Hezkuntza Sailak 250.000 euroko diru saila jaso du 2018ko aurrekontuetan, partikulen azelerazioa eta neutronika ikertzeko. «Diru sail hori handituz joango da, gure gaitasun zientifikoek eta teknologikoek gora egin ahala». 2029. urtera arte, ikerketa ildo horretan 10,8 milioi euro inbertitzeko konpromisoa jaso du Hezkuntza Sailak aurrekontuetan.

Uriartek azaldu du «bete-betean» ari direla lanean Teknologia Neutronikoen Zentroan; Zamudion (Bizkaia) du egoitza, teknologia parkean. 2018a «urte bizia» izango dela iragarri du, Lundeko Espalazio Bidezko Neutroi Iturrirako osagaiak egiteko prozesuan aurrera egiteko. Iragan asteartean «hainbat» proiektu adjudikatu zituztela jakinarazi du. Urtea amaitu aurretik 24 kontratu sinatzeko asmoa agertu du Hezkuntza sailburuak. Kontratu horien aurrekontua hamazazpi milioi eurorena izango da, orotara.

Zuzendari berria

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak partzuergoaren zuzendari berria aurkeztu zuten, atzo, Bilboko Teknologia Neutrikoen Zentroko «norabide berria» kudea dezan. Mario Perez aukeratu dute kargurako. Industria ingeniaria da, eta hamabost urte baino gehiago eman ditu «nazioartean eragina izan duten proiektuak» kudeatzen.

Perezek Jose Luis Martinezen lekua hartu du. 2014an izendatu zuten Martinez Bilboko ESSko zuzendari, proiektua berriz diseinatu zutenean. Iazko irailean kargua utzi zuen. Aurreko zuzendari exekutiboak aurrekontu falta kritikatu izan zuen, Lundeko Espalazio Bidezko Neutroi Iturriaren lanak atzera zezakeelako, besteak beste. Suediako proiektuko arduradunak «oso urduri» zeudela gaineratu zuen. Carmen Vela Espainiako Ikerketa eta Berrikuntza idazkariak hori ezeztatu du. Vela da, atzoz geroztik, Bilboko ESSko partzuergoko kontseilu errektoreko presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.