Miguel Angel Carballo.
'Egunkaria auzi'-ko fiskala
Euskal gatazkaren inguruko ekinbide judizialak aspaldi ezagutzen ditu Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak. 2005. urtean iritsi zen auzitegi horretara, eta iazko uztailean terrorismoaren aurkako fiskal izendatu zuten, ordura arte kargu hori betetzen zuen Dolores Delgado Espainiako Justizia ministro izendatu eta gero. Urte horietan zehar, ETAren zenbait atentatu esanguratsuri buruzko auzien akusazioa landu zuen, Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia zenarena, kasurako, eta, euskal gatazkaz harago, 2017ko abuztuan Bartzelonan eta Cambrilsen izandako eraso jihadisten inguruko ikerketa ere egin zuen. 11/13 auzian bertan, Carballok instrukzioaren zati batean parte hartu du.
Aitzitik, fiskala pieza garrantzitsua izan zen Egunkaria auzian, hark irauli baitzituen ordura arteko tesiak. 2003ko otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, egunkariak ETArekin lotura zuela egotzita. 2006ko abenduan, ordea, Carballok, auzia zeraman aretoari igorritako idatzi batean, esan zion akusazioei eusteko frogarik ez zegoela, ez baitzegoen arrazoirik ondorioztatzeko kazetak ETArekin loturarik zuela. Jarrera horri eutsi zion hiru urte geroago, ahozko epaiketan, eta auzipetuak libre uzteko eskatu zion epaimahaiari. Kasu horretan, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen tesien kontra egin zuen, elkarte horiek zigorra eskatu baitzuten auzipetuentzat.
FERNANDO ALVARADO / EFE
Alfonso Guevara.
Zorrotz Zigor Kodearekin
Batzuetan alde eta beste batzuetan aurka. Batzuetan ezin apalago, eta besteetan suhar. Hala aritzen da Alfonso Guevara epailea (Salamanca, Espainia, 1956) Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazte hasi zen epaile, 22 urte zituela. «Besterik ez dut izan nahi izan. Epaile izan nahi izan dut beti», adierazi du zenbait elkarrizketatan. Aurretik ere aritu da euskal gatazkarekin lotutako auzietan lanean; izan ere, 2002an ailegatu zen Espainiako Auzitegi Nazionalera. Esaterako, Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel San Sebastianen aurkako epaiketetan izan da. Baina, horretaz gain, Emilio Botin Santander bankuko presidentea auzipetu zuen, eta Yak-42 hegazkinaren istripua ikertzeko ere eskatu zuen. 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuaren epaiketan ere aritu zen. Hari buruz idatzi dutenek diote pertsona «ideologizatua» baino Zigor Kodea irakurtzen «zorrotza» dela Guevara. 2015ean, Black txartelen aurkako auzitik alboratzeko eskatu zuen, akusatutako bi kide lagunak zituelako.
Zenbait euskal presori baimenak eman izan dizkie bere ibilbidean. Besteak beste, Rafa Diezi baimena eman zion amaren zaintzaz arduratzeko, Bateragune auziagatik behin-behinean espetxean zegoenean, 2010ean. Jarrai, Haika eta Segiren aurkako epaiketan ere —2005ean hasi zen— «zilegitasunik gabeko elkarte» gisa izendatu zituen talde horiek. Beraz, bi urte eta erdi eta hiru urtera arteko espetxe zigorra jarri zien akusatuei. Fiskalak helegitea ipini zuen, ordea, eta Espainiako Auzitegi Gorena izan zen antolakunde horiei «talde terrorista» izatea egotzi ziena.
Eztabaida sutsuak ere izan ditu, ordea, hainbat euskal presorekin. Ezaguna da 2016an Iñaki Bilbaorekin izandako liskarra. Lankideekin ere izan ditu tirabirak. Javier Gomez Bermudez epailearen aurka hitz gogorrak egin zituen M-11ko atentatuen epaiaren ostean; Bermudezek liburu bat argitaratu zuen, eta «lagun eta lankide gisa desleial» izatea egotzi zion Guevarak.
Bihar hasiko den epaiketan; Clara Eugenia Bayarri eta Ana Maria Rubio izango ditu epaimahaikide.
AVT
AVT biktimen elkartea.
Akusazio partikularra
Euskal gatazkarekin lotutako epaiketetan ohikoa da biktimen elkarteak akusazio partikular gisa aurkeztea. Oraingoan, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea arituko da akusazio partikular gisa. Joan den apirilean fiskalak egindako zigor eskaerak bere egin zituen, eta, horrenbestez, zortzi eta hogei urtera arteko espetxe zigorra eskatu du akusatuentzat, 601 urte guztira.
1981ean sortu zen elkartea, ETAren biktimei babesa emateko. ETAren biktimez gain, GRAPOren, Terra Lliureren, FRAPen eta «terrorismo islamikoaren» biktimak daude. 2018tik Maite Araluze —argazkikoa— da elkarteko lehendakaria. ETAk haren aita —Juan Mari Araluze Gipuzkoako Diputazioko presidentea— hil zuen, 1976an. Elkartearen helburua da «biktimei laguntza ematea», eta ekitaldi publikoak egitea «biktimekiko elkartasuna» sustatzeko. Gainera, haien webgunearen arabera, xedeetako bat da «ekintza terroristekin zerikusia duten prozedura judizialetan akusazio partikular gisa» aurkeztea.
Elkarteak gertutik segitu die Frantziak eta Espainiak azken denboran egindako euskal presoen gerturatzeei, eta, bide hori urratuz joateko, bi estatuetako barne ministerioek harreman zuzena izan dute elkarteekin. Azken hilabeteetan, berriz, ika-mika piztu da euskal presoen harrerekin, eta Oñatin eta Hernanin (Gipuzkoa) Xabier Ugarteri eta Jose Jabier Zabaleta Baldo-ri egindako ongietorriak salatu dituzte Auzitegi Nazionalean, Coviterekin batera. Ekitaldi horietan «terrorismoa goratu» dela eta «biktimak umiliatu» direla salatu dute, eta gaia iker dadila eskatu.