Azken kanpaina ekitaldietan murgildura daude indar politikoak. Igandeko udal eta foru hauteskundeetarako nahiz Europako bozetarako botoa eskatzeko azken mezuak ari dira zabaltzen, biharko hausnarketa eguna baino lehen. Arreta gehien Nafarroan izango da igandean. Izan ere, herrialdeko gobernua izango da jokoan. Alderdi bakoitzak bere indargune eta erronken arabera aukeratu du kanpainako azken ekitaldia non eta nola egin.
EAJk Bilbo aukeratu du kanpainari amaiera emateko. Bertan izango dira Donostia, Bilbo eta Gasteizko alkategaiak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, Izaskun Bilbao Europako Parlamenturako zerrendaburua, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar EAJko presidentea. EAJk indartsuen ageri den lurraldean egingo du, beraz, azken ekitaldia. Inkesta guztien arabera, erraz gailenduko da Bizkaian eta Bilbon. Aldiz, lehia estua izango du EH Bildurekin Gipuzkoan, eta, Araban, are irekiagoa espero da agertokia, inkestek indarren arteko parekotasun handiagoa iragarri baitute, EAJ eta EH Bildu buruan, eta PSE, Elkarrekin Podemos eta PP atzetik, botoen ehuneko beretsuarekin.
.@markelolano: “#Gipuzkoa-k aurrera egin du eta orain bi ereduren artean aukeratu behar dugu: atzera egin edo etorkizuna eraiki, ezker abertzalea edo @eajpnv. Bozka bakoitza erabakigarria da, eta EAJ-PNVri emandakoa biderkatzailea da etorkizuna eraikitzen jarraitzeko”. pic.twitter.com/UDWPQQfuJx
— EAJ-PNV (@eajpnv) 24 de mayo de 2019
Navarra Sumak Tutera (Nafarroa) aukeratu du kanpaina itxierarako. Eskuineko koalizioa indar bozkatuena izango da Nafarroan, inkesten arabera; baina hori ez zaio nahikoa izango kanpainan ezarri duen helburua betetzeko: laukoa gobernutik kentzea. Hori dela eta, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren kontrako mezuek ezaugarritu dute Navarra Sumaren kanpaina. PSNri bere babesa emateko prest dagoela ere jakinarazi dio, laukoak 26 eserleku baino gutxiago eskuratuko balitu, Maria Txibite sozialisten burua Nafarroako presidente egiteko.
Hain zuzen, PSNk Navarra Sumaren eta Voxen bozak jasotzeko arriskuaz ohartarazi du EH Bilduk. Aldaketari segida emateko berme gisa agertu du bere burua, eta horretan sakondu dute Bakartxo Ruiz koalizioaren presidentegaiak eta Joseba Asiron Iruñeko alkategaiak, Iruñean egin duten ekitaldian. Asironek hiriko alkatetzari eustea du jokoan. Inkestek Navarra Suma jotzen dute alderdi bozkatuena, eta ezinbeteko izango zaio, kide izan ditzakeenekin batera, eskuineko koalizioak baino eserleku gehiago lortzea. EH Bilduk, baina, Donostian egingo du ekitaldi nagusia. Izan ere, lehia bizia espero da Gipuzkoan; bai batzar nagusietarako bozketan, baita udal ugaritan ere, koalizio independentistaten eta EAJren artean. Azken egunetan, laztu egin da bien arteko mezu trukea, hauteskunde borroka tarteko.
“Konbentzituta gaude igandean nafar jendarteak bere onena emanen duela, ziur gaude aldaketan sakontzea posible izango dela. Eta aurrera egiteko, zenbat eta @ehbildu gehiago geroz eta aldaketa irmoagoa eta herritarragoa!” @BakartxoRpic.twitter.com/od2F18Aydp
— EH Bildu Nafarroa (@EHbilduNafarroa) May 24, 2019
Iruñean itxi du kanpaina Geroa Baik. Gobernuaren azken lau urteetako kudeaketa hartu du ardatz, jendeari bere konfiantza eskatzeko. Uxue Barkos presidentegaia laukoaren orain arteko formula errepikatzearen alde agertu da hainbatetan, "inorik betorik jarri gabe". Ez EH Bilduri, ezta PSNri ere. Laukoak gehiengo osorik ez badu, bestelako akordioak bilatu beharko direla aurreratu du Barkosek. Kasu horretan argiagoa da PSNri begira jarri beharko duela. Hori dela eta, garrantzitsua izango da Geroa Bairen, EH Bilduren eta PSNren arteko indar harremana zein izango den ikustea. Pentsatzekoa da Navarra Sumaren atzetik bigarren indar denak izan dezakeela balizko akordioen lanketan gidaritza hartzeko ardura.
Igandean zure esku historia berriz egitea!! El domingo está en tu mano que volvamos a hacer historia!!
— Unai Hualde (@UnaiHualde) May 24, 2019
Vota/Bozkatu @geroabai!!! pic.twitter.com/Dc4bova62A
Elkarrekin Podemosek Bilbon itxiko du kanpaina. Koalizioak "gobernu aurrerakoiak" osatzeko asmoa agertu du, eta bere jarrera erabakigarria izan daiteke hainbat foru erakundetan nahiz udaletan, EAJren eta PSEren arteko gobernuak agintetik kentzeko. Bi alderdien arteko gobernu itunaren aurrean, bestelako akordioak bilatuko dituela iragarri du. EH Bildurekin batera, aldaketa eragiteko erabakigarria izan daiteke Gipuzkoako Batzar Nagusietan edo Gasteizko Udalean, esaterako.
“PSEk EAJrekin duen ituna luzatzea helburu izan du kanpaina honetan. Frogatu dute haien proiektu bakarra ahalik eta eserleku gehien izatea dela, ahalik eta udal gehienetan” @LanderMartinez_#26Mpic.twitter.com/NHp9JxepUF
— Podemos Euskadi (@PodemosEuskadi_) May 24, 2019
Nafarroako Ahal Duguk Iruñean itxiko du kanpaina. Alderdiaren beheranzko joera islatzen dute inkesta guztiek, eta ikusteko dago barne krisiak zenbaterainoko kaltea eragingo dion bozetan. Galera zenbatekoa den, horixe izan daiteke laukoak gehiengo osoa lortu ala ez baldintzatuko duena.
PSNk Sarrigurenen (Nafarroa) egingo du azken kanpaina ekitaldia. Gobernua osatzeko giltzarri izan daitekeela jakitun da, eta Espainiako hauteskundeetan PSOEk izan zuen gorakadak mesede egiten badio, Nafarroan bigarren indar bozkatuena izan daitekeela diote zenbait inkestek. Maria Txibitek ez dio uko egin Navarra Sumak balizko inbestidura baterako eskaini dizkion botoei, eta adierazi du ezin izango lituzkeela baztertu Voxetik etorriko balira ere. Laukoak gehiengo osoa lortzen ez badu, gobernu osaera lideratzeko moduan egon liteke edo ezinbesteko kide bihurtu.
PSE-EEk Barakaldo (Bizkaia) aukeratu du azken kanpaina ekitaldirako. Ez da ausazko aukera. Hauteskunde hauetan duen lehentasunetako bat da PSE-EErentzat sinboloa izan den hiria berreskuratzea. 2015ean EAJk eten zuen sozialisten 32 urteko agintea, 52 botoren aldearekin. Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburua aukeratu dute Barakaldo berriro irabazteko asmoz. PSE-EE EAJrekin gobernu itunak berritzea espero du maiatzaren 27tik aurrera, eta, horien bidez, aldundietan eta udaletxe ugaritan agintean jarraitzea.
PPk Gasteizen itxiko du hautesunde kanpaina, gehien jokoan duen herrialdeko hiriburuan. Inkesta guztiek iragartzen diote behera egingo duela, baina, hala ere, Araban aurreikusten diote emaitzik onena. 2015ean Gasteizen indarrik bozkatuena izan zen arren, Javier Maroto alkatetzatik kentzeko EAJ —hirugarren indarra— babestea erabaki zuen EH Bilduk —bigarren indarra—. PPk ziurtatu du EH Bilduren alkatetza eragozteko aukera bakarra dela. Bizkaian eta Gipuzkoan batzar nagusietako ordezkaritza galtzeko arriskua izan dezake.