arantxa iraola
PUNTUA

Non da osasun arta?

2024ko martxoaren 20a
13:03
Entzun

Bizitzaren loraldian zegoen 36 urteko gizonezko baten bizipenak nabarmendu nahi ditu, ororen gainetik, Eneko Valdesen familiak: bizitza oso batenak eta harekin lotutako asmo eta ilusioenak. Noizbehinkako arazoa ziren harentzat agerraldi psikotikoak, baina oso zaurgarri egiten zuten, eta dudak eta galderak sortu ditu horregatik eldarnio baten mende zegoela otsailaren 2an, Astigarragan, ertzainek eman zioten artak, bereziki handik gutxira hil zelako.

Familiak eman duen lekukotasunaren arabera, hura era egoki batean artatzeko osasun jarraibideen gainetik polizia operazioa jarri zuten ertzainek; alegia, egoera zaurgarrian dagoen pertsona baten premiak lehenetsi beharrean, hark eldarniotan esan zituenak argitzeko ikerketan jarri zuten arreta handiagoa; Poliziaren kontra oldartuta dagoen susmagarri bati emandako tratuaren antz handiagoa du, egoera zail batean dagoen norbaiti eman beharrekoa baino.

Horiek horrela, Eneko Valdesen kasuak agerian utzi ditu eldarniotan eta antzeko muturreko egoeretan daudenek jaso behar duten artaren gaineko irizpideen hutsuneak, aztertu beharrekoak.

36 urte zituen, eta hil egin da. Ezin da oraindik esan zerk hil zuen; autopsiaren behin betiko txostena falta da, eta ikusi egin beharko da zer ondorioztatzen duen. Haren hilotzean dauden bortxa arrastoen kausa ere argitzeko dago, egiaztatzeko. Baina osasun irizpideen araberako tratu bat izan beharrean bestelako tratu bat izan zuela ikusteko zantzuak badira, eta argibideak eskatzeak erabateko zentzua du, eta gertatu den horretatik ikasbideak ateratzeak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.