1936ko azaroaren 7an sortu zen ofizialki Eusko Gudarostea. 75 batailoi zituen, eta 40.000 soldadu, jada frontean zeuden 15.000 gudariez gain. Gehienak euskaldunak ziren, baina ez guztiak. Esaterako, baziren galiziarrak ere, eta horregatik hartu zuen La Gallega izena gudarosteko konpainia batek. Nós egunkariak idatzi du Euskal Herrian borrokatu ziren galiziar horiei buruz.
Baina nolatan aritu ziren Eusko Gudarostean horrenbeste galiziar? Ordura arte milizia boluntarioak egon baziren ere, 1936ko urriaren 27an milizia horien militarizazioa agindu zen Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean. Orduz geroztik, sindikatu edo erakunde bakoitzak bere afiliatuen artean gizon batzuk biltzen zituen, eta horiei gerrarako materiala banatu. Behar adina gizon zegoenean, batailoi bat sortzen zen. Eusko Gudarostearen agindupean bazegoen ere, jatorrizko sindikatu eta taldeen erabakiek eragin handia zeukaten.
Nós-en arabera, marinel galiziarretako asko CNT sindikatuko batailoietan sartu ziren, baina baziren ideologia sozialista edo komunista zeukaten taldeetan sartu zirenak ere. Galiziar gehienek marinel lan egiten zutela aprobetxatuta, Eusko Itsas Gudarostean sartu ziren asko. Nós-ek kaleratutako artikuluan, badira Bizkaiko kostan hil zituztenen izenak: Antonio Alvarez Dominguez, Manuel Basanta Rodet eta Francisco Fernandez Garcia.
Errepublikanoen aldera pasatutakoak
Baziren Eusko Gudarostera beste bide batzuetatik heldutakoak ere. Batzuek Galiziatik itsasontziz alde egin eta Euskal Herrian bukatu zuten, eta beste batzuk altxatuen aldetik errepublikanoenera pasatu ziren.
Izan ere, Arabako frontean, galiziar soldaduen ihesaldiak benetako arazo bihurtu ziren. Horren froga argia da Camilo Alonso Vega teniente koronelak Burgosera bidalitako idazkia, asko kezkatzen zuen praktika hura salatzeko. Ihes egiten zutenak, gehienbat, soldadu galiziarrak eta katalanak izaten ziren, eta teniente koronelak, idazki hartan, «ezkutuko propaganda ikaragarriari» egozten zion errua.
Eusko Gudarostearen aurretik
Eusko Gudarostea sortu aurretik ere izan ziren milizia boluntarioak, eta marinel galiziarrez osatutako milizia horietako batek Donostiako kaleetan borroka egin zuen 1936ko 22 eta 23an. Nós-eko artikuluan dioenez, ezinbestekoa izan zen haien laguntza Gipuzkoako hiriburua faxisten esku gera ez zedin.