Bigarren Batxilergoko ikasleek zerbait buruan badute, unibertsitatean sartzeko ebaluazioa izaten dute. Ikasturte osoan behin eta berriro entzungo dute —jada aditzen hasita egongo dira ziur aski— halako eta bestelako galdetuko dietela azterketan, eta hasteko prestatzen. Izan ere, orain arte selektibitate gisa ezagutzen zena erabakigarria izaten da unibertsitatean ikasi nahi duten ikasle asko eta askorentzat, haien etorkizunean eragina baitu. Horrek berez sortzen dien urduritasuna areagotuko du aurtengo ikasturteko beste kontu batek: proba aldatu egin dute, eta eredu berria izango du. Eta oraindik azterketa ereduak ez dituzte bidali ikastetxeetara.
Espainiako Gobernuak ekainean onartu zuen unibertsitatera sartzeko proba arautzeko dekretua, eta Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak jada onetsia du «gutxiengoen» proposamen bat; orain, autonomia erkidegoen esku dago behin betiko diseinua egitea. Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro Pilar Alegriak esana du azterketa ereduak urrian jasoko dituztela ikastetxeek, baina oraindik gehienen berririk ez dute. Nafarroan, esaterako, irakasgai batzuetako proposamenak eskura dituzte, baina beste batzuetakoak ez.
«Ez dakigu zehazki zein ezaugarri izango dituzten; dakiguna da azterketa ereduak berehala iritsiko direla ikastetxeetara, hilabete honetan bertan ziur asko»
IÑIGO SALABERRIAHeizeko presidentea
Aldaketaren xedea da azterketak LOMLOE Espainiako Hezkuntza Lege berrira egokitzea, baina ez dago erabat argi probak nolakoak izango diren. Jakinekoa da irakasgai bakoitzerako azterketa eredu bat bakarra egongo dela —orain arte bi zeuden, eta ikasleek hautatu zezaketen horietatik zein egin—. Halaber, etsamina bakoitzean galderen %20-30 konpetentziak neurtzeko izango dira. Baina eredu zehatzik ez dute ezagutarazi, ikasturtea hasi zenetik hilabete baino gehiago pasatu bada ere.
Ziurgabetasuna nagusi
Ezinegona bistakoa da ikasleen artean. Horren seinale dira ikasleen protestak; joan den ostegunean asko eta asko kalera atera ziren, IA Ikasle Abertzaleak taldeak eta Ikasle Sindikatuak deituta. Kexu agertu ziren, eredu berriaren inguruko informazio nahikorik ez dutela iritzita: «Ikasle askok gure etorkizuna jokatzen dugu selektibitatean, eta ikasturte osoa behar dugu berau prestatzeko. Hori dela eta, izugarrizko ezegonkortasun egoera dago ikastetxe guztietan, ikasgaietan zer eman ez dakigula gaudelako. Eta, nola ez, ikasleak irteten gara kaltetuta egoera ezegonkor horretatik».
Auziak ziurgabetasuna eragiten du ikastetxeetako arduradunen artean ere. Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko presidente Iñigo Salaberriak baditu zenbait zehaztasun. Azaldu duenez, jakinarazi diete eredua pixkanaka aldatuko dutela, lau urteko ibilbidea egingo dutela behin betiko eredura iristeko; aurten, beraz, ez da erabateko aldaketarik izango: «COVID aurreko bertsioaren egokitzapen bat izango da, eta badakigu bertan behera geldituko dela orain arteko aukera aniztasuna».
Alabaina, ez dute azterketa eredu zehatzen berririk: «Ez dakigu zehazki zein ezaugarri izango dituzten; dakiguna da azterketa ereduak berehala iritsiko direla ikastetxeetara, hilabete honetan bertan ziur asko». Uste du denei on egingo liekeela ereduak «ahalik eta azkarren» eskura izateak. Bitartean, ziurgabetasunari erantzuten ari dira: «Argi dago ziurgabetasun bat badagoela; horren aurrean, ikastetxeek ziurra denera jotzen dute, dakitenari tiraka ari dira, eta dakitena da orain arteko esperientzia zein izan den eta ereduak zeintzuk izan diren».
Eta zeintzuk izan beharko lirateke hurrengo pausuak? Salaberriaren hitzetan, eskolek azterketa eredu berriak jaso beharko dituzte, ikusiko dute zein aldaketa egin dituzten, eta eredu berrien ebaluazio irizpideak ere eskuratu beharko dituzte: «Horiek markatuko dute azterketaren zuzenketa eta emaitzak». Dena dela, lasaitasun mezua helarazi du: «Ikastetxeak buru-belarri ari dira lanean, ikasleei ahalik eta ziurtasun handiena eskaintzeko».