Erabakigarriak, premiazkoak, estrategikoak dira euskararen iraupena ziurtatzeko. Herritarren arteko harreman eta jarioen bilgune bihurtu dira hiriak. Mendebaldeko globalizazioaren ondotik estatu naziorako ikur gisara sortuak, urbanizazio prozesu «sendoa» garatu dute. Komunitatea bazter laga eta pilaketa barreiatu: zerbitzu, jende eta administrazio metaketa eragin dute hiriguneek. Hizkuntzari bete-betean eragin dio horrek. XX. mende erdialdetik hona, hala ere, aldaketa sakonak izan dira Euskal Herrian: aldaketak bizimoduan, irakaskuntzan, transmisioan eta erabileran. Eta euskararen muga, ahulgune edo ezinak zirenak, abagune bilakatu dira orain. «Sinkroniekin» haustea lortu da, apurka-apurka euskara hiriburuetan biziberrituz. Baina, finean, nolakoa izan da azkeneko 25 urteotako bilakaera soziolinguistikoa euskal hiriguneetan? Galdera hori abiapuntu harturik, Euskal Herriko egoeraren diagnosi zehatza egin du Jon Aizpuruak, Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kideak. Donostian mintzatu da, Euskaltzaindiak atondutako Jagon jardunaldiaren hemeretzigarren aldian.
Hirien egunerokoak zuzenean baldintzatzen du euskararen erabilera. Hizkuntza gutxituei ez zaie samurra masifikazioaren itzalean tokia egitea, eta horretaz jabetzeko datuak aipatu ditu Aizpuruak. «Jende kopuru handiak jo du hiriguneetara: zehazki, hiru euskal herritarretik bat bizi da zazpi hiriburuetako batean». Milioi bat lagunetik gora dira orotara. Kopuru apalagoa da euskal hiztunei erreparaturik: lau euskaldunetik bat (%25) bizi da hiribururen batean.
Donostia eta Donibane Garazi dira hiriburu euskaldunenak; herritarren %40 inguruk dakite euskaraz. Euskaldun gehien duena, berriz, Bilbo da, hedadurari esker batik bat; 74.000 euskaldun ditu. Horren harira, Aizpuruak ohartarazi du euskararen presentzia hizkuntz paisaiaren araberakoa dela.
Horri heldu dio Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kideak bilakaeraren argibideak emateko. Aizpuruaren arabera, euskaldunen kopuruak «nabarmen» egin du gora. Gasteizen eta Bilbon bereziki ikusgarria izan da hazkundea, baina onartu du erdaldunak direla oraindik. «Geroz eta jendetsuagoak izan, erabilera txikiagoa eta erdaldunagoak dira».
Belaunaldi berriak, giltzarri
Baiona, Angelu eta Miarritze dira kasu argienak. Beheranzko bilakaera izanagatik ere, joera aldaketaren zantzuak igarri ditu Aizpuruak. Urteotako galera etengabea moteldu eta berreskuratzeko bidean jarri dela iritzi dio. «Baionan, adibidez, eten egin da jaitsiera». 65 urtetik gorakoek orainokoari eutsi diote, eta 25etik beherakoengan jarri du arreta. Hamar urtean egoerari buelta emateko gai ikusten ditu gazteak. 1991.urtetik %8,3ko hazkundea eduki dute, eta baikor da. «Iparraldean giltzarri dira belaunaldi berriak».
Inkesta soziolinguistikoa egiterakoan, hain justu, adinei erreparatu die. Ez da harritu, baina. Esperotako datuak dira harentzat. «Zenbat eta gazteagoa, orduan eta handiagoa euskaldun kopurua. Agerikoa da EAEko hiru hiriburuetan». Ohikotzat du, betiere gorakadari bizkarra eman gabe. Datu bitxi bat erantsi du: Donostian, gazte euskaldunak Bilbo eta Gasteiz batuta baino gehiago dira.
Euskaldunen lehen hizkuntzari dagokionez, euskaldun berriak nagusi dira Iruñean, Gasteizen eta Bilbon; euskal hiztunen %58tik gora dira. Erretratua, edonola ere, bestelakoa da hiri batetik bestera. «Ezin daiteke orokortu». Baionan, kasurako, diferentea da egoera: hamarretik zazpi dira euskaldun zaharrak. Murritza da hiztun berrien pisua biztanle guztiekiko.
Erabilerari buruzko datuak ere eman ditu Aizpuruak. Aparteko berritasunik ez dago etxeko erabileraren diagnostikoan: «Gehienez, puntu bateko gorakada izan da; oso txikia». Eta kalean, zer? Donostian orekari eutsi soilik ez, handitu egin da euskal hiztunen kopurua: ia %16 mintzo dira euskaraz. Kezkatuta da beste hiriburuez, apalegia baita euskaldunen dentsitatea; %3ren bueltakoa.
Jauzi bat egiteko, euskaldunak batzeko egitasmoak martxan jartzea eta harreman sareak ehuntzea beharrezkotzat jo du Aizpuruak, euskaldun zaharrek eta berriek aurrerapausoa eman dezaten. «Aukera ez daukanak nekez hitz egingo du euskaraz, salbuespen kasu bakanak gorabehera».
Nolako hiriburua, halako hizkuntza
Euskal hiztunen elkargune bilakatu dira hiriak: lautik bat bizi da halako batean. Ezagutza maila nabarmen handitu bada ere, apala da oraindik erabilera. Premiazko jo dute jauzi bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu