Nolako estatua, halako babesa

Naziometroa aurkeztu dute Telesforo Monzon laborategiak eta EHUko Parte Hartuz taldeak. Emaitzetako bat da herritarren %42 leudekeela euskal estatu baten alde erreferendum adostu batean

jon olano
2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Zer iritzi dute euskal herritarrek Espainiarekiko eta Frantziarekiko independentziaren inguruan? Eta euskal estatu bat sortzeko aukeraren inguruan? Zer aldagaik eragiten dute iritzi horretan? Era berean, zenbateraino daude pozik egungo estatus politikoarekin, eta zenbatek nahi lukete etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera edukitzea, erreferendum horretan aukera baten edo bestearen alde egiten dutela ere? Galdera horiei erantzuteko, Naziometroa argitaratu dute Telesforo Monzon laborategiak eta Parte Hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak; burujabetzari buruzko barometro bat da, eta hau da galdeketaren emaitza nagusietako bat: galdetutako herritarren %42,5 euskal estatu baten alde leudeke Madrilekin edota Parisekin adostutako erreferendum ofizial batean. 11 punturen aldea ateratzen dio euskal estatuaren aldeko jarrerak kontrako iritziari (%31,5).

Barometroaren lehen neurketaren datuak atzo ezagutarazi zituzten Iratxe Esnaola Olaso Dorrea fundazioko presidenteak, Julen Zabalo soziologia irakasle eta Parte Hartuz-eko kideak, eta Asier Etxenike Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza arduradunak, Bergarako Olaso dorrean eginiko agerraldian. Etxenike eta Zabalo Naziometroa egiteko osatu duten Batzorde Zientifikoko kide ere badira, Iduzki Soubelet, Carlos Vilches, Igor Ortega eta Arkaitz Fullaondorekin batera.

Esnaolak nabarmendu zuen proiektu «aitzindaria» aurkeztu dutela, eta «testuinguruak burujabetza nahia zenbateraino baldintzatzen duen jakiten lagunduko digun tresna bat» izango dela: «Izaera nazionalekoa izango da, eta, joerak aztertu ahal izateko, aldizkako azterketa bat egingo da».

EUSKAL ESTATUAREN HEGIAK

Lurraldeka, euskal estatuarekiko jarreren aldea nabarmena da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean; aurrenekoan, %48 daude alde, eta Nafarroan, %26. Haatik, euskal estatuaz galdetu beharrean nafar estatuaz galdetuta, herrialde horretan apur bat orekatzen dira joerak: %43,1 leudeke kontra, eta %35,4 alde.

Euskal estatu horrekiko jarrera, ordea, aldakorra da zenbait aldagai aintzat hartuz gero, eta ondorio nagusi bat azaleratzen du: euskal estatu baten aldeko edo kontrako iritzia erabat baldintzatzen du estatu berri horrek herritarren eguneroko ongizatean izan lezakeen eraginak. Esaterako, euskal estatuaren alde leudeken guztietatik herenak (%32,2) aukera horren kontra edo oso kontra leudeke baldin eta Espainiaren edo Frantziaren parte izanda duen egoera ekonomikoa hobetuko ez balu.

Joera antzerakoa da politika sozialei erreparatuta —%44,9 euskal estatu baten kontra edo oso kontra leudeke egungo politika sozialak hobetuko ez balitu—, eta baita genero politikez galdetuta ere—%42,1, kontra edo oso kontra; aldiz, %27,1, ados edo oso ados—. Euskal estatuaren inguruko iritzian ere ezinbestekoa da kontuan hartzea Europako Batasunean jarraitzeko aukera; izan ere, euskal estatuaren aldekoen ia erdiak (%49,3) horren kontra edo oso kontra leudeke Europako Batasunetik kanpo geratzeko arriskua balego.

Kontrakoa ere gertatzen da, ordea: a priori euskal estatuaren aurka daudenetako batzuk ados edo oso ados egon daitezke aukera horrekin, euskal estatuaren sorrerak egoera ekonomiko hobea ekarriko balu (%34,4), Europako Batasunean segituko balu (%33,8), politika sozial hobeak sortuko balitu (%40,5) eta genero politika hobeak landuko balitu (%37,8). Aintzakotzat hartu beharra dago zenbaki horiek guztiak emandako aukeren artean nagusiak direla; alegia, euskal estatuaren aldekoen nahiz kontrakoen artean, eta atalez atal galdetuta, gehiago direla iritzi hori aldatzeko prest leudekeenak beren hasierako hautuari eutsiko lioketenak baino.

Jokaleku horretan, batetik, gehiago dira euskal estatu baten bideragarritasuna ziurtzat jotzen dutenak (%37,4) hala uste ez dutenak baino (%27,8), baina parekatuagoak daude euskal estatu horretan hobeto edo okerrago biziko liratekeela uste dutenak: %30,4k diote hobeto biziko liratekeela; %31,5ek, okerrago; eta %20,4k, berdin. Halere, erronka sozialei erantzuteko orduan izango lukeen gaitasunari dagokionez, %34k uste dute euskal estatu batek hobeto erantzungo liekeela egun dauden erronka ekonomiko eta sozialei, eta %21ek, okerrago.

GEHIENGO BAT: ERABAKIA

Gai batean, ordea, adostasun handiagoa dago: hiru euskal herritarretik bik uste dute bizi diren lurraldeetako instituzioek etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela (%63). Ehunekorik handiena Euskal Autonomia Erkidegoan dago (%64,1), eta parekoa da Nafarroan ere (%63,4). Ipar Euskal Herrian, berriz, apur bat apalagoa da (%58). Duela lau urte, Euskal estatua irudikatzen ikerketa egin zuten Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz-ek, eta orduko hartan ere antzekoa izan zen erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera zeukatenen ehunekoa (%66,8).

Gehiengo hori berresten du beste datu batek: erkidego bakoitzean adostasun politikoa egonda etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukerari buruz galdetu denean,Frantziako edo Espainiako Gobernuek erreferendum hori onartu beharko luketela uste dute euskal herritarren %66k, eta debekatzearen aldekoak dira, berriz, %19.

Etorkizun politikoaz harago galdetuta, ordea, erabakietan parte hartzeko eta bestelako gobernantza eredu bat ezartzeko nahiak adostasun zabalagoa du; galdekatuen %72k nahi dute bizi diren lurraldeko gai sozial, ekologiko eta ekonomikoekin zerikusia duten edukiez erabaki ahal izatea.

Oro har, euskal herritarren erdiak baino gehiago oso pozik edo nahikoa pozik daude egungo estatus politikoarekin (%55,1), baina, Espainiako eta Frantziako lurralde antolaketarako formulak proposatuz gero, seitik batek aukeratuko luke egungo eredu autonomikoa. Babes handiena lukeen formulazioa litzateke erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzea; hirutik batek nahiko luke eredu hori (%33,6), eta %30,1ek eskumen gehiago ematea erkidegoei.

BATU EZ, BAINA ESTUTU

Euskal lurraldeen arteko kohesioaz ere galdetu dute inkestan. Batetik, egileek nabarmendu dute inor gutxik (%3,7) jartzen duela auzitan Euskal Herriaren existentzia, baina hura ulertzeko modu diferenteak daudela ere nabaritu dute. Ikuspegi nagusia hamarretik lauk azaltzen dutena da: zazpi lurraldeena. %35ek, ordea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin soilik lotzen dute Euskal Herria.

Hori horrela, zer iritzi dute herritarrek lurraldeen arteko harremanez? Hego Euskal Herriko lurraldeek erkidego bakarra osatzearen aldekoak %45,7 dira, eta hirutik bat kontra dago. Aldiz, askoz zabalagoa da hiru eremuek beren erkidegoetan jarraitu eta harremanak estutzearen aldeko iritzia: bostetik lauk onesten dute aukera hori.

COVID-19A

Bestalde, COVID-19aren izurriaren kudeaketaz galdetzeko ere baliatu dute inkesta. Besteak beste, ondorioetako bat da udalak direla herritarren aldetik baloraziorik onena jasotzen duten erakundeak: %42,6 daude pozik horien jardunarekin. Ondoren daude Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Elkargoa, eta segidan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak. Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak jaso dute baloraziorik kaskarrena (%23,8), Europako Batasunaren atzetik.

Horri lotuta, eta pandemia kudeatu ahal izateko, herritarrek uste dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Hirigune Elkargoak eskumen gehiago behar dituztela (%45,7). Haatik, aginte bakar bat zehaztu behar izanez gero, ia pare-parean daude hiru aukera: Europako Batasuna; Frantziako eta Espainiako Gobernuak; eta Euskal Elkargoa, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza.

Osasun publikoan eta herritarren bizimoduan izandako ondorioez gain, koronabirusak beste dimentsio batzuetan izan ditzakeen eraginak aztertu nahi izan dituzte ikerketan. Batetik, hamar herritarretik lauk uste dute izurriak ahuldu egin dituela Europako Batasunaren integrazio handiagorako argudioak (%42), eta bostetik batek uste du kontrakoa: indartu egin duela (%19). Mugimendu independentisten argudioei dagokienez, ordea, herritarren ia erdiek ez dute uste COVID-19ak inolako eraginik izan duenik (%46,3). Gainerakoen artean, gehiago dira eraginik izatekotan kalte handiagoa egin diela uste dutenak (%24), mesede egin diela uste dutenak baino (%18).

JOERA POLITIKOAK

Galdekatutako pertsonen soslaia ere landu dute barometroaren egileek. Erdiak euskal herritarrak sentitzen dira, eta horietatik erdiak baino gehixeago (%26,9), baita espainiarrak edo frantziarrak ere. Soilik frantziar edo espainiar sentitzen direnak %7 dira. Horrez gain, galdekatutakoek ezkerrean kokatzen dute beren burua ezker-eskuin ardatzean (batez beste, hamar puntutik lau), eta beren burua feministatzat (5,9) eta ekologistatzat (6,8) daukate. Gainera, zerotik hamarrera, 6,6 puntutan kokatzen dute batez beste euskararen normalizaziorako duten aldekotasuna, eta, euskal abertzaletasunaren ardatzean, 4,8koa da batezbestekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.