Nola islatu osotasuna Euskal Herri zatikatuan

Liburu batean jaso dute nazio ikuspegiak euskal hedabideetan duen isla. Egileek datuen kazetaritzatik urrundu beharra azpimarratu dute

Ainhoa Larrañaga eta Eneko Bidegain, liburuaren egileetako bi, Andoainen, atzo. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Julen Aperribai.
Andoain
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideek zenbateraino indartzen duten nazio kontzientzia eta zenbateraino islatzen zatiketa administratiboa: gai horren inguruko ikerketa egin dute Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Maguregi Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleek. Martin Ugalde bekaren laguntzaz egin dute ikerketa, eta liburu batera eraman dute emaitza: Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan. Ondorioztatu dute «albiste anitzek» ez dutela «Euskal Herria osotasunean islatzen», Bidegainek atzo goizean adierazi zuenez. Andoainen (Gipuzkoa) aurkeztu zuten lana, Martin Ugalde kultur parkean, diru laguntza jaso eta urtebetera.

Bidegainek azaldu zuen «gure herriaren izenarekin dugun nahasmena» liburuaren izenburura eraman nahi izan dutela, izenak izana dakarrela abiapuntutzat hartuta: «Ez dakigu zertaz ari garen Euskadiz ari garenean, ezta Euskal Herriaz ari garenean ere». Ikerlariak uste du nahasmen horrek «izanarekin dugun arazoa» islatzen duela.

Arazo horrek eguneroko informazio emaria nola bustitzenduen aztertu dute egileek. Agenda informatiboa nork markatzen duen, horrek zuzeneko eragina duela azaldu zuen Bidegainek. Izan ere, «hedabideetatik kanpoko erakunde publikoek eta pribatuek» zehazten dute normalean, haren esanetan. Gainera, azaldu zuen jatorrian datuak dituzten albisteen igoera nabari dela, eta ohartarazi datu horiek sortzen dituzten erakundeak «Euskal Herriaren zatiketa administratiboaren eragile» direla gehienetan.

Baina Euskal Herriaren irudikapena desberdina da kazetariak lantzen duen gaia ez denean hainbeste oinarritzen iturri horiek emandako informazioan eta «lanketa propio bat dagoenean», Bidegainek adierazi zuenez: «Euskal Herriaren ikuspegi nazional orokor hori errespetatzen da, eta betetzen da». Osotasuna zatiketa administratiboari gailentzeko proposatutako aterabidearekin lotu zuen emaitza hori; hots, «agenda propioa» garatu beharrarekin. Nabarmendu zuen modu horretan «Euskal Herriaren osotasuna zaintzeko aukera handiagoa» dagoela.

Gainera, datuen inguruko «gogoeta zorrotz bat» ere proposatu dute egileek liburuan. Datuak «begirada kritikotik» lantzeaz aritu zen Bidegain: «Itxuraz oso zehatzak dira, baina zehaztasun horren gibelean dago datuak eman dituen erakundeak duen interesa». Hedabideek datu horiek galbahetik pasatzeko ardura dutela gaineratu du: «Behar dute pentsatu datu batzuen bozgorailu izan nahi duten ala ez».

Datuek erakusten dutena bezainbeste ezkutatzen dutela azaltzeko, lerroburu bat erabili zuen adibidetzat: «Positibo kasuek gora egin dute Hego Euskal Herrian». Bidegainen hitzetan, «horrek literalki esan nahi du positibo kasuek ez dutela gora egin Ipar Euskal Herrian», nahiz eta, herrialde horretako datuen faltagatik, orokortutako joera den Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako datuak modu horretan aurkeztea.

Izan ere, azaldu zuen hutsune handia dagoela Euskal Herria bere osoan hartzen duten datuetan, eta, bereziki, Ipar Euskal Herrikoetan. Gogoan izan zuen, halaber, datu horiek ematen zituen Gaindegia behatokiak eten egin behar izan duela aurten bere jarduna, zailtasun ekonomikoengatik.

Kazetariaren hautuak

Egoera horrek kazetaria «hautu batzuk» hartzera behartzen du, Huheziko irakaslearen esanetan, eta erabakitzera zer «sakrifikatu»: nazio ikuspegia ala datuak. Lehenengoa ez dadin azpiratuta geratu, «datuen kazetaritzaren morrontzatik ateratzea» proposatu zuen, edo, bestela, «datu horiek izan daitezela kazetariek berek landutakoak».

Irtenbide gehiago ere proposatu dituzte egileek liburuan. Euskal hedabideen arteko «elkarlana» da horietako bat. Ikuspegi nazionala lantzeko, euskarazko hedabideetan lan egiten duten kazetarien arteko lankidetzarekin «Euskal Herri osoko egoerak islatzen dituzten informazioak» osa daitezkeela esan zuen Bidegainek. Aitortu zuen horretarako galga dela «euskal hedabideen prekaritatea», zeina «geroz eta handiagoa» baita, baina, aldi berean, zehaztu zuen hedabide horietan «ehunka pertsona» lanean ari direla, eta «gauza interesgarriak» egin litezkeela elkarrekin koordinatuz gero.

Hedabideetan «kontzientzia nazionalaren» transmisioa landu beharra era aipatu zuen, jakinik hedabideetara doazen kazetari berriek ez dutela hezkuntzaren bidez ikuspegi nazional hori jasotzen.

Terminologiari loturiko gida bat ere erantsi diote liburuko edukiari, lurralde eta eremu administratibo bakoitzaren inguruko «nahasmena» saiheste aldera eta informazioa ematean lagungarri izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.