Irakaslegaiak ziurtagirien gainetik euskarara hurbiltzeko erak

'Milaka aktibatuko bagina, zertarako gai izango ginateke?' galderan ardaztutako saioa egin du Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak Bilbon, eta irakaslegaien prestakuntzak duen garrantzia nabarmendu dute Eneritz Garrok eta Letizia Garcia Fernandezek.

(ID_14633134) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2025-01-30, Bilbo. Taupada jardunaldiak, euskaldunen aktibazioari buruz
Garro eta Garcia Fernandez, gaur, aurkezpenean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2025eko urtarrilaren 30a
14:50
Entzun

Milaka aktibatuko bagina, zertarako gai izango ginateke? galderaren inguruan ardaztu nahi du Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak bere jarduna eta, hain justu ere, iragan abenduan asmo horrekin atera zen plazara izen eta izan antzaldatuekin. Bide horretan sakontze aldera, ezinbestekoa da euskaltzaleak «aktibatzeko» bideak zein izan daitezkeen aztertzea, eta gai horren inguruan gogoetatzeko jardunaldiak egin dituzte gaur Bilbon.

Hainbat ikuspegitatik erreparatu diote gaiari, eta tartean hitzaldia eman dute Mondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko irakasle eta ikertzaile Letizia Garcia Fernandezek eta Eneritz Garrok. «Esperimentu» bat aurkeztu dute, ikasleekin abiarazia dutena: irakaslegai gazteak bultzatzen ditu, hizkuntzaren ezagutza egiaztatzen duten ziurtagiriak lortzeko helburuaz harago ere, bestelakoak izatera euskararen arloan, eta beren prestakuntza prozesuan euskalgintzarekin eta euskal kulturarekin «esperientzia pertsonalak» izatera.

Garrok azaldu du honetarako jarri dutela martxan «esperimentua»: egungo egoera soziolinguistikoari, eta egun abiada bizkorrean aldatzen ari den munduak dakartzan ikasle «soslai» berriei eta haien premiei erantzuteko asmoz. Beren fakultatearen sorburua —eta muinean jasoa duten helburua— aspaldikoa da; hain justu ere, 1976an Eskoriatzan (Gipuzkoa) abian jarri zen Irakasle Eskola izan zen Huheziren ernamuina. Euskaraz jardungo zuten irakasleak heztea zen zentro haren xedea, «euskaratik, euskararentzat» jardutea izan dute beti helburu, eta fakultatean hasten diren ikasleei «lehen egunetik» hori argi adierazten ahalegintzen dira.

Aurrerantzean ere xede horrek lehen lerroan segitzea nahi dute, eta, horretarako, hau izan zen egin zuten lehen urratsetako bat: fakultatetik ateratzen diren ikasleen «ezaugarri pertsonalak» zehaztea; bi ezaugarri, hain zuzen ere. Beren-beregi zehaztu zuten, batetik, hezten dituzten profesionalek «testuinguru euskaldunean sustraituta eta testuinguruarekin konprometituta» egon behar dutela, eta, bestetik, «kontzientzia eta komunikazio interkultural, eleaniztun eta multimodalak» ere txertatua behar duela haien jarduteko eran.

Idatziz jasotako horren eta errealitatearen arteko aldea, ordea, amildegi bihurtzen ikusi dute gero eta maizago. «Euskara gutxiago entzuten genuen korridoreetan, eta ikertzeko beharra sortu zen». Hizkuntzaren gaitasun erlatiboak euskararen erabileran duen garrantziaren gaineko kontzientzia nabarmen indartu da urteotan, Iñaki Iurrebaso ikertzailearen tesiak aparteko begirada bat sorrarazi du eremu askotan, eta Huhezin argi ikusi zuten beren jardunean zer-nola aritu erabakitzeko ikasleen artean zer hiztun soslai dauden aztertu behar zutela. Hiru mota bereizi zituzten: «Euskal hiztun aktiboak, euskal hiztun aldaberak eta euskal hiztun pasiboak». Horri erantzuteko bideen bila dabiltza. «Ikusi genuen ordura arte egiten genuen horrek ez ziela erantzuten ikasleen beharrei: ezin genuen egin lehen egiten genuena». Horregatik, gaiarekin arduratuta, hizkuntza proiektua erantsi zioten hezkuntza proiektuari. 

«Ikusi genuen ordura arte egiten genuen horrek ez ziela erantzuten ikasleen beharrei: ezin genuen egin lehen egiten genuena» 

ENERITZ GARRO Huheziko irakasle eta ikertzailea

Lehen aldaketetako bat izan zen «gaitasunari bakarrik» ez erreparatzea. Onartu dute hainbat urtean ikasleek C1 egiaztagiria lortzea zutela helburu behinena. Horrek, ordea, ez zekarren sakoneko aldaketarik. Tituludun ikasleak ere gero sarri euskara bazter utzita ikusten zituzten egunerokoan: «Korridoreetan, erdaraz». Horregatik, harago egitea erabaki zuten. «Kulturaren eta  soziolinguistikaren osagaiak sartu genituen hizkuntza proiektuaren erdigunean», azaldu du Garcia Fernandezek. Eta era zabal batean ulertu zuten lanketa hori. Hizkuntzen arloan jarraipen «pertsonalizatua» egiten diete, adibidez, irakaslegaiei, eta horretan laguntzeko «espazio emozionalak» ere sortu dituzte.

Gazteak eragile

Bide batez, euskalgintzan eta kulturgintzan jardutean sortzen diren emozio txinpartak irakaslegaien artean piztea da beste helburu bat. 2022-2023 ikasturtean, Euskaraldiaren atarian, abiarazi zuten horretarako bidea: kultur jarduerak antolatzera bultzatu zituzten ikasleak. Baina ez zen lehenengotik argitu bidea. Kultur jarduera asko gazteentzat arrotzak direla ikusi zuten. Horregatik, «antolatzaile» izan aurretik, kultur ekitaldien «hartzaile» izatera bultzatu behar izan dituzte askotan, eta horretarako jardunbideak proposatu behar izan dizkiete. «Lehen aldiak» izatera bideratu dituzte hainbat ikasle gazte: lehen bertso saioa, euskarazko aurreneko bakarrizketa, aurrez inoiz aditu gabeko euskalki batean entzundako musika saio bat... 

«Kulturaren eta soziolinguistikaren osagaiak sartu genituen hizkuntza proiektuaren erdigunean» 

LETIZIA GARCIA FERNANDEZ Huheziko irakasle eta ikertzailea

Behin urrats hori eginda, eragile izatera bultzatzen dituzte. Eremu akademikoan gertatzen den jarduera bat da, hein batean «artifiziala», baina «ahalik eta benetakoena» izaten ahalegintzen dira. Prozesuaren bidez, ororen gainetik, «ahalduntze kolektibo» bat lortzea dute helburu, eta aldaketa hori ikasleen bizipenekin lotuta egotea. Iazko Korrikarekin lotuta egitasmo ugari bideratu zituzten gazteek, beste hainbat eragilerekin bat eginda, eta aldaketa sakonago baten zantzuak ere ikusten dituzte irakasleek: «Zerbait mugitzen ari da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.