Nola hasi imajinatzen aberri baten zirriborroa

Kultura eta herrigintza uztartu dituzte Estitxu Garai, Ainhoa Olaso, Leire Vargas eta Ane Elordi adituek, UEUk eta Iratzar fundazioak antolatutako ikastaroan. «Sorkuntzatik eragiteko ahalmena» aldarrikatu dute.

Estitxu Garai, Ane Elordi, Ainhoa Olaso eta Leire Vargas, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Zer da herri bati «afektua» izatea? Nola eraikitzen dira atxikimendu horiek? Zer rol jokatzen dute ikurrek, sinboloek eta ideia kolektiboek pentsamendu politikoa eta herri kontzientzia sortzeko prozesuan? Galdera horien inguruan gogoeta egin dute Iruñeko Katakrak liburu dendan, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Iratzar fundazioak elkarrekin antolatutako ikastaroan.

Zehazki, kulturaren esparrutik heldu zioten atzo auziari Estitxu Garai EHUko irakasle eta Publizitatean doktoreak, Ane Elordi kazetari eta Korrikaren arduradunak, Ainhoa Olaso gidoigile eta Bilgune Feministako kideak eta Leire Vargas idazle eta bertsolariak, Kultura eta herrigintza, desiraren, afektuen eta atxikimenduen ikuspuntutik izeneko mahai inguruan.

Desira eta atxikimendua marketinaren eta publizitatearen tresnak direla azaldu zuen Garaik: «Marketinean ez dira produktuak saltzen: izateko moduak saltzen dira, desirak proiektatuz». EHUko irakasleak aitortu zuen «zalantzak» sor ditzakeela «kapitalismoaren tresnak erabiltzeak balio kontra-hegemonikoak hedatzeko», baina ariketa egitera animatu zituen solaskideak. «Frantziako Tourra, adibidez, Euskal Herritik abiatuko da, eta batzuek aukera baliatuko dute herriaren eredu jakin bat hedatzeko, turismoari lotua. Era berean, guk euskal estatu feminista bat sortu nahi badugu, beharko ditugu banderak, ereserkiak, sinboloak eta bestelako elementu komunak, horien bidez sortzen baita atxikimendua».

Olasok bat egin zuen ideia horrekin: «Edozein herrik beharrezko ditu sinismen, lengoaia eta sinbolo partekatuak. Ezinegon kolektiboetan jarri behar dugu arreta». Bide horretan, gainera, sorkuntzaren balioa azpimarratu zuen: «Kulturak balio du ulerkera kolektibo bat sortzeko, poemen bidez, pelikula eta ikus-entzunezkoen bidez, literaturaren bidez... Arteak errealitatetik edaten duen bezala, errealitate berriak sor daitezke artetik edanda».

Munduari begiratzeko eta errealitatea ulertzeko era hori, gainera, «garaiekin eta egoerarekin batera» aldatzen dela gaineratu zuen Bilgune Feministako kideak: «Garai batean, gure ulerkera adierazteko balio zezakeen Ken Zazpiren kantu batek, eta gaur, agian, beste zerbait beharko dugu; Chill Mafia, adibidez».

Utopiak eta Korrika

Arteak, literaturak eta oro har sorkuntzak berezko duten subjektibotasuna, hein handi batean, «egoera jakin bati, gizarte jakin bati eta pentsaera kolektibo bati lotuta» dagoela azaldu zuen Leire Vargasek. «Gure sormen lanak harremanetan daude une oro beste batzuekin, sorkuntzan egikaritzen baitira ideia eta desira konpartituak. Horren aurrean, aukera dugu besteek eginikoa erreproduzitzeko edo, transgresioaren bidetik jota, aurretik jaso dugun hori apurtzeko». Hain zuzen, errealitate berriak sortzeko bidean, literaturaren eta artearen balioa aldarrikatu zuen Vargasek: «Aukera ematen digute utopiak irudikatzeko eta mundua birpentsatzeko».

Ane Elordi irudi, sinbolo eta ikur sendoen beharraz aritu zen: «Erresistentziarako epika indartsu bat aktibatu behar dugu». Epika hori utopietan bilatu beharrean, ordea, egungo errealitatera jo zuen. Eta Korrikan topatu zuen. Elordiren esanetan, Korrika «ikur bat da, sinbolo bat», baina hori baino gehiago ere bada: «Oinarrian, gogoa dago. Gogoa eta kontzientzia. Batasun bat irudikatzen da, eta horrek herriaren kontzientzian eragiten du». Are: euskaldun izatea «hautu kontziente bat» den heinean, Elordik ezinbestekotzat jo zituen Korrika bezalako «pizgarriak»: «Aprobetxa dezagun eragiteko ahalmen hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.