Gaztelueta auziko biktima eta haren familia «oso pozik» daude ostegunean ezagututako epaiarekin. «Denbora eta lan askoren emaitza da. Asko sufritu dugu, baina jaso dugu saria», azaldu du Juan Cuatrecasasek (Bilbo, 1965), gaztearen aitak. Ez du kezkatzen helegiteak prozesua luzatzeak: «11 urte itxaron ditugu; orain ez gara kikilduko».
Epaia ezagututakoan esan zenuen semearentzat aitortza moduko bat izan dela. Zertan lagunduko dio horrek?
Epaiari esker, gizartearen aurrean argi geratu da haren lekukotza benetakoa zela, ez zebilela gezurretan. Askotan, borrero gisa agertzen dira halako delituen biktimak. Haiek jotzen dira errudun, eta, hain zuzen, biktimek berez badute erruduntasun sentimendua. Eurek sentitzen dutenaz gainera, gizarteak ere epaitu egiten baditu, are kaltegarriagoa da.
Epaia eredugarria dela esan dute hainbatek. Zuentzat balekoa edo nahikoa da?
Epaiarekin gustura gaude, baina ez, ez da nahikoa. Tresna bat baino ez da. Orain asko hitz egiten da prebentzioaz. Baina ez da nahikoa prebentzioa, probentzioa ere behar da. Protokoloak martxan jarri arren, biktima berriak daude. Laguntza behar dute, hezkuntzan, justizian, osasun arloan... Eta, noski, erreparazio morala. Hori da probentzioa. Guri hori falta izan zaigu eta falta zaigu.
Urte asko pasatu dira abusuak salatu zenituztenetik. Nola gogoratzen duzu prozesua?
Egokituz joan izan gara, zailtasun asko gaindituta. Bidea desertu baten antzekoa da. Jaungoikoari esker, laguntza aurkitzen duzu kalean. Gure kasuan, medikuak eta abokatuak. Baina zeuk aurkitu ezean, ez zaizu inor etorriko. Guk zorte itzela izan dugu. Ezinbestekoa da laguntza hori eskaintzea. Biktimak ezagutzen ditugu, eta beti esan diegu salatzeko. Baina ez da erraza. Legea aldatu behar da, arlo hau oso bazterrean utzita egon da eta.
Ez dakit epaia irakurri eta hausnartzeko astirik izan duzun. Hala bada, zigorra albo batera utzita, edukia bera zer iruditu zaizue?
Osorik ez, baina gehiena irakurri dut. Biribila da, oso gogorra irakaslearen aurka, baita nire semea erruduna eta irakaslea biktima izan dela sinetsarazi nahi izan duten guztien aurka ere. Ikastetxeak sekula ez du aintzat hartu bere ikaslea; irakaslea babestu du beti. Epaia oso argia da, eta ikastetxeak izan duen jarrera modu argian kritikatzen du. Lotsagarria izan da ikastetxearen jarrera. Oharra kaleratu dute, betikoa esateko: dena gezurtatu eta euren gezurrak esan. Vatikanoak auzia artxibatu zuen, ireki ere egin gabe. Adingabeen fiskaltzak ez zuen artxibatu: ume batzuk zigortu zituen, eta beste batzuk ez zituen epaitu ere egin 14 urtetik beherakoak zirelako. Juan Kalparsorok [EAEko fiskalburu ohia] behin-behinean artxibatu zuen. Instrukzio epaileak eta auzitegiko hiru epaileek gure semearen kontakizuna babestu dute. Ikastetxeko zuzendaritzari nire semeak ez dio batere axola, ezta irakasleak ere; euren asmo bakarra Gazteluetaren izena garbitzea da.
Epaileek fiskaltzaren jokabidea kritikatu dute epaian.
Deigarria egin zaigu. Ez dut aparteko baloraziorik egin nahi, egia esan. Fiskaltzaren jarrera publikoa izan da, bai instrukzioan bai epaiketan. Epaiketan momentu batzuetan defentsako abokatua zela zirudien, fiskala baino gehiago. Jokabide horiek ez dira onargarriak, eta neurriak hartu beharko dira. Behin baino gehiagotan gure semea epaitzen ari zela zirudien. Epaileen aurka ezin dut ezer esan; lan profesionala eta inpartziala egin dute. Baina Fiskaltzaz kexa asko daude herri honetan: Espainia osoko kasu asko ezagutzen ditut, eta, adibidez,bada Madrilen jokabide izugarria duen adingabeen fiskal bat.
Epaia emateko orduan, zuen semearen deklarazioan oinarritu diraauzitegiko epaileak.
Ez da hain arraroa. Jainkoari eskerrak, ez da ezohikoa. Horren inguruko jurisprudentzia zabala dago [Espainiako Auzitegi] Konstituzionalean eta [Espainiako Auzitegi] Gorenean. Haren arabera, sexu abusu eta erasoen biktima adingabea den kasuetan eta auzitegiko perituek kontakizunaren egiazkotasuna babesten dutenean, froga gisa hartuko da lekukotza. Biktimek itzelezko zailtasunak dituzte gertatu zaiena kontatzeko. Batzuek 50 urte dituztenean kontatzen dute, eta beste batzuek sekula ez. Ahal dutenean kontatzen dute. Horregatik, ezinbestekoa da adingabeen kasuan froga izaera aitortzea biktimaren kontakizunari. Bestela jardutea eskandalagarria izango litzateke. Egunotan irakurri dut sare sozialetan frogarik gabe zigortu dutela irakaslea. Nola ez dela frogarik egon? Nire semearen kontakizuna da froga.
Baina gero jurisprudentzia hori praktikan jartzen da? Save The Childrenek asteon esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan aztertu dituztenepaietan, %13an soilik onartu dela umearen lekukotza froga gisara.
Lekukotzak egiaren antza izatea ez da nahikoa izaten. Perituen txostenak ematen duen egiaztagarritasun indizea garrantzitsua da. Nire semeari ia %100ekoa eman dio. Ez dakit beste kasu horietan zer gertatu den. Gustatuko litzaidake ezagutzea.
Ikastetxeari zer eskatzen diozu?
Egia esan, ez dut ezer jakin nahi haietaz. Elizaren partetik bai espero dut, eta fededun katoliko naizen heinean, exijitu ere egiten dut: epaia ezagututa, justizia kanonikoa aplikatzea nahi dut, eta nire semearen izen ona garbitzea.
Ni ez nago Elizarekin haserre. Eliza milioika abade, erlijioso eta laiko dira, lan txalogarria egiten dute, eta haien aurka ez dut ezer. Baina bai Elizako hierarkiaren edo haren parte baten kontra.
Estatistikek ohartarazi dute Europan bost neskatik batek eta zazpi mutiletik batek sufritzen dutela sexu abusuren bat. Gehiengoa ez dira sekula ezagutzen. Nola egin aurre horri?
Ez dakit. Biktimek gertatu zaiena kontatzea oso zaila da. Gurasoei edo familiei esango nieke adi egoteko euren seme edo alabek duten jokabideari. Biktima hauetan sintomak egoten dira: lo egiteko zailtasuna, antsietatea, buruko mina, tripakoa... Umeak izaera aldatu duela ikusten badute, laguntza eskatzeko esango nieke.
Juan Cuatrecasas. 'Gaztelueta auziko' biktimaren aita
«Nola ez dela frogarik egon? Semearen lekukotza da froga»
Gazteluetako irakasle ohia salatu zutenetik, «desertuan» sentitu da Cuatrecasas. Esan du ondo dagoela abusuen aurkako prebentzioa, baina ohartarazi du jada biktima direnei laguntza eta erreparazioa falta zaiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu